Etzi beteko dira 50 urte Francisco Franco Espainiako diktadorea hil zenetik. Bada, oraindik ere, badaude ikur frankistak Euskal Herriaren luze-zabalean; Elgoibarko Morkaiko mendiaren gailurreko (Gipuzkoa) gurutzea zen horietako bat. Atzo eraitsi egin zuten.
Elgoibar 1936 memoria historikoa berreskuratzeko taldeak sare sozialetan azaldu duenez, 1936ko irailaren 27an Morkaiko mendiko borrokaldietan hildako Karlos Borboikoa-Bi Siziliak eta Orleans Espainiako printzearen eta bertan hildako errekete guztien omenezko monumentua zen, Elgoibarren zegoen azken ikur frankista. Horregatik, ekintza goraipatu du taldeak: «Udalaren betebeharra zen ikur hori kentzea. Hau ez da sinbolo erlijioso baten aurkako eraso bat: frankismoaren ikurren aurkako ekintza bat dela iruditzen zaigu. Gora Euskal Herri antifaxista!».
Udalaren betebeharra zen ikur hau kentzea. Hau ez da sinbolo erlijioso baten aurkako eraso bat, frankismoaren ikurren aurkako ekintza bat dela iruditzen zaigu. Gora Euskal Herria antifaxista! pic.twitter.com/RkgHQtuvFk
— Elgoibar 1936 (@Elgoibar1936) November 18, 2025
Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari da. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, Elgoibarko Udaltzaingoaren dei bat jaso zuten atzo, 22:23an. Bertara joan ziren ertzainak, baina inor ez zuten aurkitu inguruan.