Guztion Alardea taldeak andreak onesteko bidea babestera deitu du

Hondarribiko alardearen auzia bideratze aldera, «oinarrizko» lau puntu itundu ditu; bat egin nahi duten herritarrek sina ditzakete orain. Andreek eskubide «osoa» dute parte hartzeko

Guztion Alardea taldeak deituta, jendea alardearen konponbidearen aldeko argazki batean, Hondarribian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
arantxa iraola
2023ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Guztion Alardea taldeak deituta, asteon topaketa bat egin dute dozenaka lagunek Hondarribiko alardearen (Gipuzkoa) gatazkaren «konponbidearen alde». Toki aski seinalatuan egin zuten, Guadalupeko zelaietan. Zabala eta irekia izan zela nabarmendu dute: «sentsibilitate ideologiko eta belaunaldi anitzetako» herritarrak elkartu ziren. Konponbidea bideratze aldera, atxikimenduak lortu nahi dituzte «oinarrizko» lau punturen inguruan, eta, funtsean, andreen parte hartzea onetsiko duen konponbide bat da proposatzen dutena.

2019an abiatu zen Guztion Alardea mugimendua. Herriko hainbat gaztek jarri zuten martxan; alarde parekidearen alde daudela argi esan zuten hasieratik, eta, horren abaroan, iaz 64 andrek eskari bat egin zieten Alarde Fundazioari eta udalari: alardean parte hartu nahi zuten. Ez zuten baiezko erantzunik jaso.

Hona orain plazara atera dituzten lau puntuak. Lehena usadioak herriarentzat duen esanahi handiarekin lotuta dago: «Alardea hondarribiar guztion ondare immateriala da». Bigarrenak dio andreen eskubideak bermatu gabe ez dela lortuko inoiz auzia bideratzea: «Hondarribiko emakume bakar batek alardean modu batean zein bestean parte hartzeko nahia badu, eskubide osoa dauka». Hirugarrenean, eskatu dute bazter uzteko jaiaren antolaketa pribatua: «Ospakizunaren etorkizuna bermatzeko, alardea herriaren eskuetara itzuli behar da». Laugarrenak hitzaren alde egiten du: «Gatazka honen amaierak elkarrizketaren bidetik etorri behar du, hori baita norbanakoaren zauriak sendatzen hasteko modu bakarra».

Udalari eta fundazioari

Sinadura bilketaren harira, lagundu nahi dutenek parte har dezaten, bilkura bat egingo dute heldu den ostegunean, hilak 20. Ondoren, abuztuan zehar, herriko hainbat txokotan jarriko dira, herritarrei lau puntuak batzen dituen agiria sinatzeko aukera emateko. Agiriaren berri emateko orriak ere banatuko dituzte.

Behin sinadurak bilduta, Hondarribiko Udalari eta Alarde Fundazioari helaraziko dizkiete. Guztion Alardea taldeko kideek uste dute erakunde biek izan behar dutela jasotakoaren berri: udalak, «herriko erakunde nagusia delako»; fundazioak, berriz, alardearen «antolatzailea» delako egun.

«Ekimen honen helburua konponbiderako bidea erraztea da, guztiontzat izango den benetako konponbidea», adierazi dute. «Izan ere, zeinek sinesten du alardea bakoitzaren gustuko ospakizun ezberdinetan zatitzea konponbidea denik?», galdetu dute. «Guk ez dugu Hondarribiko gizarte kohesionatua zatitzeko inolako mugimendurik egingo».

Ukazioa beti

Alarde Fundazioak andreei soldadu tokirik onartzen ez dien desfile bat antolatzen du; ezetz erantzun die jarrera baztertzailea aldatzeko eske guztiei. Jokaera itxi hori arbuiatu dute Guztion Alardea taldeko kideek. «Hondarribiarron gizartearen isla zen ospakizuna hankaz gora jartzen ari dira helburu bakar batekin: andreen parte hartzea eragoztea», salatu dute.

Hain justu ere, gatazkaren muina 1996an lehertu zen, emakumeen parte hartzearekin lotuta; lehen aldiz erabaki zuten urte hartan Irungo eta Hondarribiko hainbat andrek alardeetan sartzea. Usadio aski errotuak dira biak bi herrietan, eta kontrako mezuak ozen eta bortitz gailendu ziren emakumeen kontra.

Ordutik, aparteko desfileak egin behar izan dituzte hautu parekidearen aldekoek: baztertuta, irain eta eraso artean usu, eta udal ordezkari nagusien babesik gabe gehienetan. Irunen, gaur oraindik, bi desfile egiten dira, eta handiena baztertzailea da. Hondarribian konpainia bakar bat da parekidea egun, Jaizkibel; alardean onartzen ez dutenez, bere kasara desfilatu behar izaten du.

Aurten, aldaketa zantzuak badira. Batetik, Hondarribian alkate aldaketa izan dutelako. Hamarraldiak egin ditu alkatetzan EAJk, alardearen inguruko aldarri parekideei bizkarra emanda, eta aurten Abotsanitz izan da garaile udal hauteskundeetan. Talde horrek bestelako jarrera izan du beti desfile parekidearen inguruan; urtero harrera egin dio, adibidez, Jaizkibel konpainiari ere, eta, aurten, alkate gisara, keinu hori berrituko duela aurreratu du Igor Enparan alkateak. Gatazka konpontzeko urratsak egingo dituela ere adierazi du. Irunen ere lehen aldiz egin dio aurten Jose Antonio Santano alkateak harrera desfile parekideari.

Sainduaren proposamena

Andreek alardean izan behar duten tokiaren inguruko proposamen gehiago egin dira berriki Hondarribian. Ekainean, herriko buzoietan agiri bat zabaldu zuten, Saindua proposamena izenekoa; Hondarribiko dozenaka lagunek izenpetu zuten, eta beste hainbat herritarren babesa ere badutela jarri zuten. «Gatazka luze bati irtenbidea ematea proposatzen du, inplikatutako eragile guztiek eskuzabaltasunez jokatuko dutelakoan», jarri zuten. «Jarrera desberdinen arteko lotura puntua» izan daitekeelakoan, proposamen bat egin zioten Alarde Fundazioari: «Konpainia misto eta konkretu bat non emakumeek soldadu gisa parte hartzeko era izango luketen».

Aitortu dute «ahultasun formala» duela proposatu duten bideak; badakite ez diola erantzuten gizartean egun «parekidetasunari dagokionez gertatzen ari diren aldaketei», baina uste dute horixe dela proposamenaren «indarra». Honela argudiatu dute paradoxa, hitzez hitz, zabaldu zuten agirian: «Hondarribiar bakoitzak daukan alardearen idealaren zati bati amore emateko deia egiten du proposamenak». Susmoa dute ezen, aldaketa hori egin ezean, «gain behera» doan etorkizun bat izan dezakeela alardeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.