H1 bakarka aurkeztuko da bozetan, ez duelako nahi EAJk «xurga» dezan

Jeltzaleek euren zerrendetan joateko eginiko proposamenari onartezin iritzi dio Galdosen alderdiak

Iñaki Galdos, H1ek urtarrilaren 8an eginiko batzar nagusian. JON URBE / ARP.
Koldo Aldabe.
Donostia
2011ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
H1 Hamaikabatek EAJrekin koalizioan joan nahi zuen datozen udal eta foru hauteskundeetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Ez zen sekretua, hasieratik esan zuten Iñaki Galdosen alderdiko kideek euren asmoa «abertzaletasun historiko eta instituzionalak galdu duen lidergoa berreskuratzea» dela, eta horretarako proposatu zioten EAJri hauteskundeetan elkarrekin joatea. «Abertzaletasun instituzionala ez du EAJk bakarrik ordezkatzen. EA irten egin zen esparru horretatik eta lekua libre utzi zuen, guk okupatu nahi duguna. Horregatik, bai EAn geundenean, bai orain Hamaikabatetik, koalizioa egitea proposatu dugu beti», azaldu dute H1eko iturriek.

Hilabeteak eman dituzte bi alderdiok negoziatzen, baina ez dute akordiorik lortu. Hamaikabatek bakarka aurkeztea erabaki du azkenean, EAJk helarazi dion azken proposamenari onartezin iritzita. Izatez, azken proposamena, aurreko asteartean egin zuten bileran aurkeztutakoa, azken-aurrekoaren berdina da; abenduan jeltzaleek aurkeztu zietena, hain zuzen. «Absortzioa proposatu digute», diote H1ekoek. «EAtik irten ginenean ere EAJn sartuko ginela zioten. Baina ez, ez da gure asmoa inondik ere EAJn sartzea. Horregatik, azkenean, bakarka aurkeztuko gara».

Izan ere, EAJren proposamenak haiek espero baino hautetsi gutxiago lortzea lekarke. «Gipuzkoan 25 zinegotzi eskaini dizkigute, 29 udaletarako; udaleko zinegotzi bat ere ez da hori, baina egun, zenbait tokitan, bi, hiru edo hautetsi gehiago ditugu». Batzar Nagusietako zerrendetan ere bosgarren edo seigarren lekuan kokatu zituzten barrutiko. «Bakarrik joanda hautagai gehiago lortzeko aukera badugu, nola joango gara elkarrekin?», adierazi dute.

Herrietan, «harrituta»

Hamaikabateko iturrien arabera, EAJko lurralde egiturek hartutako erabakiak ez du bat egiten herrietako ordezkari jeltzaleen nahiekin. «Harrituta daude. Horrela adierazi digute. Elkarrekin joanda nagusitu gintezkeen herrietan alkatetza galtzeko arriskua ikusten dute orain; elkarrekin emaitza onak lor genitzakeen tokietan bakarka ahul gera gintezkeela ikusten dute eurek ere».

Nolanahi den ere, H1 ez da geldirik egon EAJren azken proposamena ezagutu arte. Hauteskunde zerrendak egiten ari da Galdosen alderdia. Gipuzkoako Batzar Nagusietarako egina du, eta Araba eta Bizkaikoak ere egiten dihardu. Udaletan ere ari dira. «Orain arte alkategai gehien aurkeztu duen alderdia gara», diote. «Bizkaian gabeziak ditugu, baina Araban aukerak baditugu Iñaki Berazarekin [Aguraingo alkatea]».

Inkesten aurka borrokan

Gipuzkoako Foru Aldundiak iazko azaroan argitaratutako inkesta baten arabera, H1ek botoen %1,48 bilduko lituzke, eta, beraz, ez luke ordezkaririk edukiko Batzar Nagusietan. «Ohituta gaude inkesta ezkorrekin», diote alderdi barruan. «Duela lau urte, EAren diskurtso ofizialetik aldenduta Gipuzkoan egindako lanari esker zazpi batzarkide eskuratu genituen, inkestek 0-1 iragarri ziguten arren».

Botoei ematen diete garrantzia Hamaikabaten, eta, horregatik, ez dute ulertzen EAJk hartu duen jarrera. «Duela lau urte, Miguel Buenek [PSE-EEko hautagaiak] 5.000 boto atera zizkion Markel Olanori. Eta boto baliogabeak Olanok eskuratutakoak baino mila baino gehiago izan ziren», gogorarazi dute. «Orain argi dago PSE-EEk eta PPk bat egingo dutela hauteskundeen ostean, eta ziur gaude ezker abertzaleak bozetan parte hartzeko aukera izango duela, aldez edo moldez. Eta EArekin eta Alternatibarekin osa lezakeen hautagaitzak arrakasta handia izango duela uste dugu. Zer egin behar du Olanok orduan?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.