hauteskundeen ondorena

H1!-ek ohartarazi du ezker abertzalea aurrea hartzen ari zaiola "abertzaletasun historikoari"

"Ordezkatze prozesua aspalditik" dator, Iñaki Galdos Hamaikabateko presidentearen iritziz. H1!-ek uztailaren 16an Ezohiko Biltzarra egingo du, bere etorkizuna aztertzeko. "Oraindik zeresan handia dugu euskal politikan".

2011ko ekainaren 4a
18:58
Entzun

Iñaki Galdos Hamaikabat alderdiko (H1!) presidenteak maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeen balorazio negatiboa egin du gaur, baina ez bakarrik H1!-ek bederatzi mila boto, batzarkiderik ez eta hamabi zinegotzi lortu dituelako, baizik eta "leku askotan ezker abertzaleak abertzaletasun historiko eta instituzionala ordezkatzeko prozesua" gertatzen ari delako.

Bilduk (EA, Alternatiba, independenteak) 315.000 boto eskuratu ditu foru bozetan. EAJk 333.000 (Nafarroan NaBai barruan aurkeztu zen; 49.000 boto lortu zituen koalizioak). Galdosek adierazi du "ordezkatze prozesu hori aspalditik" datorrela eta "abertzaletasun historiko eta instituzionalak azkarrago eta ausartago" jokatu beharko zukeela. Azken ildo horren egoera "oso kezkagarria" dela deritzo H1!-eko presidenteak, eta "alarma egoeran" dela ere esan du. "Errealitate eta gizarteko eragile berriekin konektatu beharra" dagoela iritzi dio, "harremanak sakontzeko", azken batean "abertzaletasun historiko eta instituzionala izan dadin euskal gizartearen erdiko ubidea".

Batzar Nazionala egin du Hamaikabatek gaur, Donostian, bozak eta alderdiaren egoera aztertzeko. Ehunen bat militante elkartu dira. Uztailaren 16an Ezohiko Biltzarra egingo du, bere etorkizuna aztertzeko. "Oraindik zeresan handia dugu euskal politikan, bai pertsona gisa, bai talde gisa", adierazi du Galdosek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.