Epaiketara agertu ez diren gazteei dagokienez, defentsako abokatu Jone Goirizelaiak tribunalari jakinarazi dio Asier Tapiak eta Izaskun Lesakak ez dutela jaso legezko zitazioa. Asier Tapia da bere kontra zigor eskaera handiena duen auzipetua: 112 urtekoa. Izan ere, Haikaren kontrako polizia operazioaren biharamonean gazte mugimenduak eman zuen prentsaurrekoan bera izan zen hizlari, eta borroka egunerako deia egin zuen. Borroka egun horretan gertatutako lege hauste guztiak Tapiari leporatu dizkio fiskaltzak.
Nolanahi ere, auzipetuek, defentsak zein Euskal Herriko zenbait sektorek argi dute 'Haika-Segi auzia' "politikoa" dela, "Euskal Herriaren eskubide zibil eta politikoen aurkakoa". Ildo horretatik, auzipetuek 'Eskubide zibil eta politikoen alde, gazteria aurrera!' jartzen zuen kamiseta jantzi dute epaiketarako.
Hainbeste auzipetu eta haien senideak hartzeko txiki samar gertatu da Auzitegi Nazionaleko aretoa. Gainera, AVT Terrorismoaren Biktimen Elkarteko kideei lehentasuna eman diete gelara sartzeko, eta horrek auzipetuen senideen haserrea piztu du.
Nolanahi ere, elkartasun adierazpen handiak jaso dituzte Haika eta Segiko kideek Madrilen. Bederatzi eta erdietatik aurrera ehun batlagun bildu dira Auzitegi Nazionalaren ondoan, elkartasuna agertzeko. Euskal Herriko zein atzerriko hainbat elkartetako ordezkariak zeuden haien artean. Espainiako Poliziak identifikatu egin ditu.
Batasuna, Aralar, LAB, ELA eta Elkarriko ordezkaritza bana eta Jaurlaritzako Justizia Saileko bi ordezkari Madrilen dira, Haika eta Segi erakundeetako 39 kideren kontrako epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean, bertatik bertara jarraitu, eta begirale lanak egiteko asmoz.
"Defentsa eskubidearen bermerik ez"
Auzipetuen defentsa haserre agertu da Auzitegi Nazionalak prozedura aurrera eramateko hautatu duen bidearekin. Izan ere, datorren martxoan aske geratu beharko lukete auzipetutako zenbaitek badaezpadako espetxealdi epea, lau urtekoa, jada bete dutelako. Haien askatasuna galarazteko, ordea, Auzitegi Nazionalak bizkortu egin du prozedura, eta auzipetuen abokatuen arabera, defentsa eskubidea zalantzan jarri du horrek.Horregatik eskatu dute atzerapena.
Haika-Segi auzia