Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonek 24 lagun auzipetu ditu ETAren iraultza zerga-ren inguruko auzian. Aldiz, inputazioa kendu die orain arte auzian nahastu dituen beste hamaikari, haien artean, Gorka Agirre EAJko buruzagi ohiari eta Pablo Muñoz Noticias egunkari taldeko zuzendariari.
Auzipetu dituenen artean, ETAko kide izatea leporatuta atxilotutako hainbat lagun daude, besteak beste, Soledad Iparragirre, Pello Eskisabel, Zigor Merodio eta Kizkitza Gil de San Vicente. Enpresaburuak eta ordainketak egiteko bitartekari izatea egozten dieten zenbait lagun ere auzipetu ditu Garzonek, hala nola, Nafarroako Azkoyen enpresako zuzendaritzako sei kide: Ignacio Moreno zuzendari nagusi ohia; Ignacio Orbaizeta, Jose Maria Kareaga, Francisco Elizalde, eta Ricardo Armendariz administrazio kontseiluko kide ohiak, eta Jesus Marcos Calahorra kontabilitate arduradun ohia. Jose Javier Azpiroz eta Juan Jose Saralegi eraikuntzako enpresaburu nafarrak ere auzipetu ditu.
Halaber, Joseba Elosua da auzipetutako beste enpresaburuetako bat, Irungo (Gipuzkoa) Faisan jatetxeko nagusia. Jatetxe hori ordainketak egiteko gune gisa erabiltzea, eta ordainketak bideratzea leporatzen dio, besteak beste, Garzonek Elosuari. Faisan jatetxearen inguruan sarekada handia egin zuten, eta orduan atxilotutako beste zenbait lagun ere auzipetu ditu, hala nola, Jean Pierre Harocarene Radio Irun irratiko kazetaria.
Alfontso Martinez Lizarduikoa ikerlari eta EHUko irakaslea da auzipetuetako beste bat. Bitartekari lanak egitea leporatzen diote hari ere.
Politika
Hainbat enpresaburu auzipetu ditu Garzonek 'iraultza zerga'-ren auzian
Aitzitik, Gorka Agirre EAJko buruzagi ohiari eta Pablo Muñoz 'Noticias' taldeko zuzendariari inputazioa kendu die. Azkoyen enpresako zuzendaritzako sei kide eta Faisan jatetxeko nagusia daude auzipetuen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu