Hainbat eragilek salatu dute familia bat etxegabetu nahi dutela Bilbon

Datorren astelehenean kaleratu nahi dituzte etxetik Aurora, Angel eta haien seme-alabak, 2 eta 3 urtekoak. Zurbaranbarriko auzokideek salatu dute etxegabetzea «indarkeria instituzionalaren beste adibide bat» dela.

 Zurbaranbarri auzoko eragileek eta AZET etxebizitza sindikatuak agerraldia egin dute gaur, Bilbon. BERRIA
Zurbaranbarri auzoko eragileek eta AZET etxebizitza sindikatuak agerraldia egin dute gaur, Bilbon. BERRIA
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2025eko ekainaren 5a
13:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Bilboko Zurbaranbarri auzoan bizi dira Aurora, Angel eta haien seme-alabak, 2 eta 3 urtekoak. Eta datorren astelehenean etxetik bota nahi dituzte. Hori salatzeko, Kaixo konpartsa, Pituxka talde feminista, Zurbaranbarriko jai batzordea, Uribarri Prest plataforma soziala eta AZET etxebizitza sindikatua Bilboko Udaleko Gizarte Ekintza Sailaren aurrean bildu dira gaur. Egoeraren erantzukizuna «hainbat erakunderen artean» banatuta dagoela adierazi dute, eta familiarentzako alternatiba bat exijitu.

«Duela sei hilabete okupatutako etxe huts batean bizi gara; premiagatik jarri ginen bertan bizitzen, etxe duin bat lortzea ezinezkoa zelako», azaldu du Aurorak. Eta zera erantsi du: «Diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dugu, eta horrek alokairu merkatutik kanpo uzten gaitu automatikoki». Nahiz eta ahalegina egin duten hainbat erakunderekin harremanetan jartzeko, «atea itxita» aurkitu dute beti, eta inork ez die «alternatiba bideragarririk» eskaini. Eskatutako dokumentazio guztia ere entregatu dute –baita Aurora genero indarkeriaren biktima gisa aitortzen duen egiaztagiria ere–, baina ez dute erantzunik jaso.

Are, familia hasieratik saiatu da jabearekin harremanetan jartzen, alokairu kontratu bat edo antzeko akordioren bat negoziatzeko. Jabeak, baina, salaketa aurkeztu zuen haien aurka. Maiatzaren 5ean izan zen epaiketa, eta handik astebetera jaso zuten epaia: hilabete eman zieten etxea uzteko. «Ekainaren 9an bota nahi gaituzte; teilapea ez ezik, lortzen ari ginen egonkortasuna ere galduko dugu. Gure etxea galduko dugu, auzoa, eta seme-alabak datorren ikasturtean bertan hasi behar ziren ikastetxea», kontatu du Aurorak.

«Ekainaren 9an bota nahi gaituzte; teilapea ez ezik, lortzen ari ginen egonkortasuna ere galduko dugu»

AURORAEtxegabetu nahi duten emakumea

Eragileen izenean hitza hartu duten bi auzokideek, Itxaso Perez Pisonek eta Celia Vicente Garciak, gogoratu dute ez dela azkenaldian auzoan egin nahi duten lehen etxegabetzea. Hain justu, duela bi hilabete inguru salatu zuten Caixabankek auzoko beste familia bat etxegabetu nahi zuela. «Herri mobilizazioari eta lan sindikalari esker», baina, Caixabank AZETekin harremanetan jarri zen, eta negoziaziorako bidea zabaldu.

«Orduan, Caixabank izan zen erantzule nagusia; orain, berriz, erantzukizuna hainbat erakunderen artean banatuta dago. Egoera zaurgarrian dagoen familia bat babestu beharrean, alde batera utzi nahi dute», azpimarratu dute Perezek eta Vicentek, eta nabarmendu etxegabetzea «indarkeria instituzionalaren beste adibide bat» dela. «Berriro ere argi geratu da etxejabeen interesen eta irabazien menpe dagoela, guztion bizitzaren eta duintasunaren gainetik».

Zaurgarritasun txostena

Perezek eta Vicentek gizarte zerbitzuei leporatu diete ez diotela inolako alternatibarik eskaini familiari, eta uko egin diotela zaurgarritasun txostena tramitatzeari, familiak baldintza guztiak bete arren. Hain justu, agerraldia amaitu dutenean, Gizarte Ekintzaren eraikinera sartu dira, familiaren zaurgarritasun egoera ofiziala «behingoz» onartzea eskatzeko, eta etxegabetzea geldiarazteko beharrezkoa den txostena berehala emateko.

Sindikatuko eta auzoko kide bat saiatu dira sailarekin bilera bat lotzen, baina ez dute lortu. Bitartean, behean geratu dira gainerakoak, familiari babesa erakutsiz eta alternatiba bat exijituz. «Bilduta daudela esan digute, eta mezu bat bidaltzeko; argi dago haien lehentasuna ez dela jendea zaintzea», salatu dute eraikinetik atera direnean.

Zurbaranbarriko auzokideak Bilboko Udaleko Gizarte Ekintzaren eraikinean sartu dira gaur. BERRIA

Epaitegiak ere kritikatu dituzte, «inpartzialtasunez» jokatu beharrean familia zigortu dutelako. «Familiaren egoera zaurgarria aitortu beharrean, pobrezia kriminalizatzen dute, eta agindua ematen dute adingabeak dituen familia bat kalera botatzeko». Bilboko 5. Instrukzio Epaitegiari, berriz, ekainaren 9rako agindu duen kaleratzea bertan behera uzteko eskatu diote. Era berean, Udal Etxebizitzei «etxebizitza alternatiba duin eta egonkor bat» exijitu diete.

Auzokideek argi utzi dute ez dutela onartuko etxegabetzea: «Zuen indarkeria eta eraso guztiei erantzungo diegu, borrokaz eta klase antolakuntzaz». Bihar manifestazioa egingo dute auzoan 18:00etan, Iturriondo plazatik hasita, eta astelehenean «gorputza» jarriko dute Auroraren eta haren familiaren etxea defendatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.