Zenbait gazte asanbladak salatu dute «kriminalizazioa eta errepresio poliziala» jasan dituztela gaztetxeak defendatzeagatik

Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanblada batzuetako kideek agerraldia egin dute Bilbon. Beharrezkotzat jo dute gaztetxeak izatea.

Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanblada batzuetako kideek agerraldia egin dute gaur, Bilbon. BERRIA
Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanblada batzuetako kideek agerraldia egin dute gaur, Bilbon. BERRIA
Isabel Jaurena.
2025eko maiatzaren 7a
19:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskal Herriko zenbait gaztetxetako eta gazte asanbladetako kideek salatu dute azken asteotan «kriminalizazioa eta errepresio poliziala» jasan dutela gaztetxeak defendatzeagatik. Elkartasuna adierazi diete errepresioa pairatu duten gazte guztiei, eta aurrerantzean ere kaleak hartzera deitu. 

Bilbon egin dute agerraldia, eta Errekalde auzoko Etxarri II gaztetxearen hustea ekarri dute gogora: eraikina husteko agindua apirilaren 4rako zen, baina ertzainak bezperatik hasi ziren inguruak hartzen. 20:30ean manifestazio bat abiatu zen Errekaldeko osasun zentrotik, eta, ondoren, istiluak egon ziren. Ertzaintzaren oldarraldiaren ondorioz, hainbat lagun zauritu ziren. Horien artean, Iker Arana 33 urteko auzokideak izan zituen zauririk larrienak: ebakuntza egin behar izan zioten Basurtuko erietxean, eta barrabil bat galdu du. «Beste behin ere argi geratu da: polizia gazte langileon aurkako estatuaren erreminta zapaltzailea da, haren funtzioa gure borondate iraultzailea zapaltzea da, eta gazte langileon antolakuntzaren eta gaztetxeen aurka biolentziaz eta inpunitate osoz jarduten du», erran dute agerraldian.

Horrez gain, gogoratu dute Igorreko Kiñu gaztetxea eta Zornotzako Matrailu gaztetxea (Bizkaia) husteko arriskuan daudela: Durangoko Kaletik Gaztetxera dinamikaren barrenean, herriko eraikin bat okupatu zuten gaztetxea irekitzeko, eta lau kide epaitu dituzte horrengatik; gaineratu dute apirilaren hasmentan Ertzaintzak Sestaoko (Bizkaia) Txirbilenea zentro soziala hustu zuela.

Halaber, nabarmendu dute gaztetxeen proiektuaren gibelean «elkartasun erreal bat» dagoela, eta «bide horretan harremanak estutzen, saretzen eta indarrak batzen jarraitzeko deia» egin dute. Lorpenen adibide gisa aipatu dute Burlatan (Nafarroa) gaztetxe berria martxan jartzeko akordioa lortu izana, baita Gernikako gaztetxe zaharra berriz hartu izana ere. 

Joera erreakzionarioa

Agerraldian gaztetxeen aldeko deia ere egin dute, egungo joera erreakzionarioari aurre egiteko bide gisa irudikatuta. Azaldu dutenez, gizarte kapitalistak «krisian» daude, eta gazte langileek jasaten dituzte horren ondorioak. «Langabezia eta lan baldintza prekarioak, gazteon artean kronifikatuak daudenak; plataforma digitaletan gazteoi bideratzen dizkiguten mezu arrazista eta matxistak, eta horrekin guztiarekin batera indartzen ari diren joera faxistak» ekarri dituzte hizpidera.

Errealitate horri buru egiteko, bitartekoak behar dituzte gazteek, eta, haien irudiko, gaztetxeak «aproposak» dira bitarteko gisa: «Gazte langileon guneak dira gaztetxeak, balio aurrerakoietan oinarrituak, eta Euskal Herriko gazte langile askorentzat eskola politikoak eta kulturalak dira». Are, nabarmendu dute erasotzaile matxistak, arrazistak, talde faxistetako kideak eta gisakoak ez direla ongi etorriak eremu horietan. «Zapaltzaileei ateak ixten dizkiegu, eta herri eta auzoetako gazte langileei, berriz, ireki, bai eta askotariko langile kolektiboei ere», gehitu dute.

Instituzioez mintzatu dira, eta erran horietan «gotortutako politikariek» ez dutela gustoko gaztetxeetan eta gaztetxeetatik egiten den lana: «Batzuk zuzenean gaztetxeak indarraren bitartez ezabatzearen alde daude; beste batzuek, bestalde, soilik beren interes elektoralistetarako baliagarri zaizkien gazte proiektuak nahi dituzte». Hortaz, gaztetxeen aldeko aldarria egin dute Bilbotik: «Dei egiten diegu Euskal Herriko gazte langileei gaztetxeetara hurbiltzeko, antolatzeko eta horien alde borroka egiteko».

AGERRALDIRA DEITU DUTEN ASANBLADAK

  • Gernikako Gaztetxea. Apirilaren 12an Gernikako (Bizkaia) gaztetxe zaharra berriz ere hartu zuen herriko Egurre gazte asanbladak. Eraikinak hamar urte baino gehiago zeramatzan hutsik. 

    «Inposatu nahi duten eredu horri» aurre egiteko baliatu nahi dute gaztetxea, eta «herriko gazteen interesak bermatzea» dute helburu, adibidez: «G

    azteak batzeko eta elkarrekin harremana izateko, antolakuntza politikoa sustatzeko, aisialdia eta egitasmo kulturalak antolatzeko, eta kirola egiteko toki bat izateko». 
  • Etxarri II gaztetxea. 2014an okupatu zuten Bilboko Errekalde auzoko Etxarri II gaztetxea, «erantzun kolektibo bat emateko helburuz Kukutza III eraistearen ondorioz auzoko gazte langileok izan genituen beharrei», joan den hilean gogoratu zutenez. Ordutik, hitzaldi, erakusketa, jaialdi eta batzar ugari antolatu dituzte. Apirilaren 3an —gaztetxea hustu aitzineko egunean— joan zen Polizia gaztetxera, eta inguruak hartzen hasi. Manifestazio bat egin zuten, istiluak egon ziren, eta zaurituak ere bai. Biharamunean sartu ziren eraikina hustera.
  • Kaletik Gaztetxera dinamika. Iazko abenduaren 7an, Durangoko Kaletik Gaztetxera dinamikaren barrenean, Correos-en egoitza zaharra hartu, eta gaztetxe berria ireki zuten. Hilaren 15ean gaztetxea hustu zuten, eta gazteek manifestaziora deitu zuten.  
  • Burlatako gaztetxea. Burlatako Gazte Asanbladak salatu zuen gaztetxea berehala hustua izateko arriskuan zegoela: martxoaren 15ean eraikinaren giltzak entregatzeko agindua zieten. Gaztetxeko kideek borondate falta eta alternatibarik eskaini ez izana egotzi zioten udalari, baina udalak erran zuen leku bat eskaini ziela, eta haiek baztertu zutela. Gazteen irudiko, leku horrek ez zituen betetzen oinarrizko baldintzak.  Azkenean, ados jarri dira.
  • Matrailu gaztetxea. Zornotzako Matrailu gaztetxea duela hiru urte okupatu zuten, baina ekintza horrengatik deklaratzera deitu zituzten lau gazte; absolbitu zituzten. Egun, huste arriskuan dago gaztetxea. 
  • Kiñu gaztetxea. Igorreko gaztetxeak (Bizkaia) 2020tik darama prozesu judizialetan murgilduta: eraikinaren aitzineko jabearekin akordio bat egin zuten, baina Sabadell bankuak, eraikina bereganatu, eta bide judiziala zabaldu zuen. Gaztetxekoek irabazi zuten 2022ko epaiketa, baina bigarren epaiketarako eguna badute: irailaren 15a. 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.