Haizeak gogor jo du azken orduetan Euskal Herrian, eta kalte ugari eragin ditu hainbat herritan. Bizkaian, Bilboko Deustu auzoan, eraikin bateko aurrealdearen hainbat zati bota ditu haizeak, eta zati horietako batzuek beste eraikin bateko sabaia zulatu dute; eraikin horretan, laugarren solairuko etxebizitzako bizilagunek azaldu dute sabaia etorri zaiela gainera.
Bizkaian bertan, Bakio izan da kalte gehien izan dituzten herrietako bat. Udalak aisialdirako eremu bat estaltzeko jarria zuen karpa suntsitu du haizeak, eta karparen burdinak eta estalkia herrian barrena sakabanatu ditu. Ondorioz, hiru autok kalteak izan dituzte. Bakioko frontoiko sabaiaren zati bat ere eraman du haizeak.
Sollubeko mendatean, berriz, Basalan enpresako langile bat zauritu da, haizeak botatako zuhaitz bat gainera erorita. Sollubetik hurbil neurtu dira haizerik gogorrenak. Matxitxako lurmuturrean, orduko 169 kilometroko haizeak izan dira. Leioan, berriz, EHUko biblioteka itxita egongo da gaur, haizeak eragindako kalteen ondorioz.
Barrualdean ere gogor jo du haizeak. Karrantzan (Bizkaia), orduko 154 kilometroko haizeteak neurtu dituzte. Artziniegan (Araba), argindarrarekin arazoak izan dituzte haizearen ondorioz.
Donostian, haizeak Bretxako merkatuko eraikina eta barruko postuak hondatu ditu. Baserritarrek ezin izan dituzte gaur euren produktuak saldu, baina bihar berriz irekitzea espero dute. Pasealeku Berria itxita dago, oraindik ere, itsaso zakarrarengatik. Azken orduetan, zortzi metro bitarteko olatuak izan dira Donostian.
Gipuzkoako hiriburuan, suhiltzaileek 40 esku hartze baino gehiago egin behar izan dituzte. Horietako asko haizeak botatako zuhaitzengatik. Arrazoi berarengatik bigarren mailako hainbat errepide itxi behar izan dituzte Gipuzkoan.
Lapurdin, berriz, haizeteak direla-eta, 10.000 etxebizitza inguru argindarrik gabe izan dira.