Haizeteek eta Europako elurteek aireko trafikoari eragin diote

Haizeak Loiuko aireportuan eragin du gehien, baina gainontzekoetan ere egon dira arazoak, Europa erdialdean bota duen elurra dela eta.

LOIUKO AIREPORTUA
Loiuko aireportua, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
inaut matauko rada
2024ko urtarrilaren 18a
09:00
Entzun

Herenegundik haizea indartsu jotzen ari da, Bizkaian eta Gipuzkoan batez ere, eta aireko trafikoan eragin handia izan du. Ia 120 kilometro orduko haize ufadak erregistratu dituzte Kapilduin, eta Loiuko aireportuan (Bizkaia) lurreratzekoak ziren hainbat hegazkinek ibilbidea aldatu behar izan dute. Atzo, adibidez, Madrildik, Sevillatik, Kanaria Handitik eta Malagatik atera ziren bost hegaldik beste aireportu batzuetan lurreratu behar izan zuten, eta Bartzelonatik ateratzekoa zen bat ez zen atera ere egin.

Loiutik bertatik aireratzeko arazoak ere izan dira, atzo eta gaur artean Madrilgo eta Bartzelonako aireportuetara bidaiatu behar zuten hiru hegaldi ez baitira atera. Hala ere, arazo hori leunduz joango da, 09:00etan kendu baitute alerta laranja.

Haizeaz gain, Europako hainbat herrialdetan elur asko bota du, eta, hori dela eta, aireportu batzuetan hegazkinak ezin izan dira aireratu. Horrek ere eragina izan du Euskal Herriko aireportuetan. Loiun, atzo goizean geratu zen bertan behera lehen hegaldia, Munichetik (Alemania) ateratzekoa zena. Egun berean, Frankfurtetik (Alemania) ateratzekoak ziren bi hegaldi ere bertan behera geratu ziren. Irteeretan ere eragina izan dute elurteek, Munichera zihoan hegaldi bat, Frankfurterako bi eta Londreserako bat bertan behera geratu baitira.

Forondako aireportuan (Araba) ere arazoak izan dira. Koloniatik (Alemania) zetorren hegaldi bat bertan behera geratu da, baita hiri berera zihoazen beste bi ere. Hondarribiko (Gipuzkoa) eta Noaingo (Nafarroa) aireportuetan ez du eraginik izan eguraldiak, eta Miarritzekoan (Lapurdi), berriz, Parisko hegaldi batzuetan arazoak izan dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.