Nafarroako Auzitegi Nagusiak hamabi urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio gizon bati, 2024ko maiatzean Tuteran pisukidea bortxatu izana egotzita. Sententzian zehaztu dutenez, bi deliturengatik kondenatu dute: bederatzi urte bortxaketagatik, eta hiru urte eta sei hilabete bertze sexu eraso batzuengatik.
47 urte dauzka gizonak, eta hemezortzi urtez ezinen da emakumearengana hurbildu. Gainera, auzitegiak onartu duenaren arabera, 15.000 euroko kalte ordaina ordaindu beharko du zigortuak.
Egoeraren hainbat xehetasun eman ditu sententziak: gizonak bere etxeko gela bat alokairuan jarri zuen, eta emakumea bere bi alabekin joan zen hara bizitzera, 2024ko otsailean. Hilabete bat beranduago, gizona emakumearen gelan sartu zen, eta hantxe bortxatu zuen. Emakumea egoera zaurgarrian zegoen, eta gela hartan bizitzen jarraitu behar izan zuen.

