Hamabi urteko kartzela zigorra ezarri diote 23 urteko mutil bati, emakume bat bortxatu eta haren poltsa lapurtzeagatik; Nafarroako Probintzia Auzitegiak eman du sententzia. Bortxatzaileak, kartzela zigorraz gain, hamabortz urtez urruntze agindua bete beharko du: mutila ezin izanen da neskarengandik 200 metro baino gutxiagora egon. Eta, kartzela zigorra bete eta gero, hamar urtez zaintzapean aske egon beharko du. Horrez gain, 60.000 euro ordaindu beharko dizkio neskari, kalte moralarengatik. Sententzia Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian errekurritu daiteke.
Auzitegiak bederatzi urteko zigorra ezarri dio sexu-eraso delituagatik, eta hiru urtekoa indarkeriaz egindako lapurretagatik; mutilak zigorraren erdia betetzen duenean jaioterrira, Marokora, itzuli beharko du.
Epaiak dioenez, 2023ko abenduan gertatu zen erasoa, Iruñeko alde zaharrean. Gizonak emaztekiari eraso egin zion, eta bortxatu. Gero, andrearen poltsa hartu eta barruan zuen sakelako telefonoa eta dirua lapurtu zizkion. Epaiketan, mutilak lapurreta egin izana aitortu zuen, baina emaztekia bortxatu zuela ukatu. Hortaz, defentsak bi urteko kartzela zigorra eskatu zuen lapurretagatik, eta sexu-eraso delituaren akusazioa bertan behera uzteko.
Auzitegiak, baina, adierazi du peritu frogak argi erakusten duela bortxaketa egon zela. Eta, horregatik, akusazio partikularrak eskatutako zigorrak ezarri dizkio mutilari.
Lau atxilotu
Gasteizen, bi gizon atxilotu zituzten astelehen arratsaldean indarkeria matxista egotzita. 26 urteko gizon bat atxilotu zuten 19:00ak aldera, bikotekideari eraso egitea leporatuta. 21:00ak aldera, berriz, 26 urteko bertze gizon bat atxilotu zuten udaltzainek, urruntze agindua urratzea egotzita.
Igandean, berriz, 76 urteko gizon bat eta 38 urteko andre bat atxilotu zituen Bilboko Udaltzaingoak, emakume bati sexu erasoa egitea egotzita. Igande goizaldean emakume batek salaketa jarri zuen, erranez ezaguna zuen gizon batekin eta bi emaztekirekin etxebizitza batera joan zela, eta, bertan, ukituak egin zizkiotela, baimenik gabe. Udaltzaingoari kontatu zion gertatutakoa, eta etxebizitzara joan ziren; bertan, gizona eta emakumeetako bat atxilotu zituzten. Bigarren emakumeak lekuko gisa deklaratu beharko du.