1998ko uztailaren 15ean eman zuen Baltasar Garzonek, orduan Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile zenak, Egin egunkaria eta Egin irratia ixteko agindua. "ETAk gidatutako erakunde sare baten parte" izatea leporatuta itxi zituzten bi komunikabideak.
Espainiako Poliziako 150 kidek hartu zuten parte operazioan. Egin itxi eta hurrengo egunean, Euskadi Información behin-behineko egunkaria kaleratzen hasi ziren, harik eta 1999ko urtarrilaren 30ean Gara egunkaria sortu zen arte.
Operazio poliziala izan eta hamabost urtera, preso daude oraindik Xabier Salutregi kazetako zuzendari izandakoak (zazpi urte eta erdiko zigorra ezarri zioten) eta Teresa Toda zuzendariorde izandakoak (sei urte). 2009an zigortu zituzten, 18/98 sumarioan. Horiez gain, hauek ere zigortu zituen Auzitegi Gorenak: Xabier Alegria (hamabi urte eta bederatzi hilabete), Jose Luis Elkoro (zortzi urte), Carlos Trenor (hamar urte eta erdi), Manuel Intxauspe (zazpi urte eta zortzi hilabete), Isidro Murga (zortzi urte), Patxi Murga (zortzi urte), Jexuxmari Zalakain (zortzi urte), Pablo Gorostiaga (zazpi urte eta zortzi hilabete), Xabi Otero (urte bat eta hamar hilabete) eta Iñaki Zalakain (urte bat eta hamar hilabete. Denek ere Orain SAn ziharduten, kazeta argitaratzen zuen enpresan.