Galdera zuzen batekin hasi du solasaldia moderatzaileak, Gure Esku-ko kide Irati Elizaldek: «Nork gobernatzen du eta nork ez?». Hitza hartzen aurrenekoa Jule Goikoetxea EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta politologo feminista izan da: «Gobernatzen dute egitura batean kokaleku zehatz bat dutenek. Eta hor egoteko ezaugarri zehatz batzuk eduki behar dituzu: gizona, zuria, klase ertain edo altukoa, profesionala edo zuzenean aberatsa.... Mundu mailako zuzendaritzetan %80-85 gizonak dira».
Erantzun horrekin bat egin du Tarana Karim giza eskubideen aldeko aktibistak, Amets Martinez de Heredia Lumagorri LGTBI+ taldeko kideak eta Manu Martinez Ernai gazte antolakundekoak. Laurak gobernatzeko moduez eta horretarako balizko ereduez mintzatu dira Hamaika Gara dinamikak eta Berriak burujabetzaz eta erabakitzeko eskubideaz antolatutako hitzaldi zikloko saioan. Zazpigarrena da gaurkoa; ekainaren 30ean egingo denak itxiko du zikloa: Espetxe politika: aro berria, oztopoak eta transferentziak.
Gobernatzeko moduetan errotiko aldaketak eskatu dituzte, baina bakoitzak bere esparrutik hitz egin du. Karimek «pertsona arrazializatuak, gutxiengoak, erlijio ezberdinetakoak» izan ditu hizpide. «Gobernantzan ez dago gure ahotsa, gure beharrak mahai gainean jartzeko ordezkari hori. Eta bakarrik atzerritar legea ikusita, gure taldeentzat egindakoa... Gure eskubideak diskriminatzen, zapaltzen, ditu». Azerbaijanen jaio eta duela ia hogei urtetik Euskal Herrian bizi den aktibistarentzat, «egiturazko arrazismoa» dago erakundeetan.
Martinez de Herediaren ustez, pandemian ikusi dute «familia nuklearra, heterosexuala», jarri dutela erdigunean instituzioek. Eta azken hilabeteotan beste irakurketa bat egin dute Lumagorrikoek. «Erabakiak hartzeko une horietan badira, igual, ertzeetan egon daitezkeenak, baina, nolabait, sistema kapitalistak irentsi dituenak; eta irentsi ditu beste batzuek beztertu egin dituztelako. Ari naiz, adibidez, bollerez, transez, pertsona arrazializatuez... Azkenean, ertzeetan daudenek ertzeetan jarraitzen dute». Eta ohartarazpen bat egin du: «Ez dut esaten parte hartu behar ez dugunik [erabaki guneetan], baina hein batean tranpa bat da». Azalpena: «Deitzen dizute, badaude mekanismoak zure parte hartzerako, ustezko interesa kolektiboetatik planteatutakoa entzuteko, baina gero haien interesen mesedetan jokatuko dute».
Martinezek pentsatzen du gizon zuri, hetero «eta batez ere helduek» gazteei ez dietela «hotsik» ematen. «Eta gutaz hitz egiten den bakoitzean kriminalizatzeko edo beste batzuen kudeaketa akatsak ezkutatzeko izaten da». Goikoetxeak ez du«egingarri ikusten» gizartearen aniztasuna ordezkatzen ez duten erabaki guneek izatea nahikoa perspektiba denontzat gobernatzeko. Ernaiko kidearentzat, «botere kuotak» bereganatu behar dira, «benetan beste gizarte, bizi, ereduak badaudela erakusteko». Karimen iritziz, batetik «sistema» aldatu behar da. «Justizia soziala ez dago lehen lerroan. Bestetik, prestatu behar ditugu ordezkariak sistema berri horretan lan egiteko».
Gaitasunak eta eskubideak
Iruditzen zaio politologo feministari «gaitasun politikoez» hitz egin behar dela. «Neoliberalismoaren aparatajean oso marjina txikia dago instituzioetatik ezer egiteko. Guri ez zaigu interesatzen eskubide politikoak edukitzea, etxebizitza bat edukitzekoak... Guk nahi dugu gaitasuna; alegia, guk nahi dugu etxebizitza bat eta erabaki». Martinezen esanetan, erabakitzearen kontzeptuari «bigarren buelta bat» eman behar zaio: «Erabakitzeko gaitasuna izango bagenu, zer erabakiko genuke?».