Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak “Bai euskarari. Gora Euskal Herria euskalduna” lemapean bihar Donostian egingo den manifestazioan eta gaur iluntzean Euskal Herriko herri guztietan egingo diren elkarretaratzeetan parte hartzeko deia egin die gaur gizarte eragile, alderdi politiko eta gizabanako guztiei, "atxiloketak eta euskal kulturaren aurkako erasoa salatzeko". Mendigurenek nabarmendu duenez, atzoko operazioarekin euskal kulturaren parte handi bat "kolpe gogorra" eman zaio.
“Lehengo kolpe berbera da, gauzak bide beretik doaz, eta nahiz eta hitzetan aldaketaren bat edo beste egon, funtsean ikusten dena da euskalgintzari izugarrizko zailtasunak sortzen dizkiola operazio berri honek", adierazi du Euskadi irratian Kontseiluko idazkari nagusiak. Mendigurenek esan duenez, orain zortzi hilabete ‘Egunkaria’ desegin eta berri bat sortzera behartu zuten euskal gizartea, eta Martín Ugalde Kultur Parkea eta bertan dauden dozena enpresen etorkizuna zalantzan jarri da. "Azken batean, euskal kulturaren parte handi bati kolpe gogora eman zaio", gaineratu du.
Mobilizazioak
Gaur, arratsaldeko 20:00etan elkarretaratzeak egingo dira Euskal Herriko herri guztietan, “Bai euskarari. Gora Euskal Herria euskalduna” lemapean. Ipar Euskal Herrian 19:00etan bilduko dira.
Bihar, arratsaldeko 17:00etan Manifestazio Nazionala Donostiako Antigua auzotik abiatuta.
Euskal kulturgintzaren aurkako erasoa