Hamaika, mugez gaindi

Sareko eskaintza osatu du Hamaika Telebistak, webgunea eraberrituta; zuzeneko emisioa segitu ahalko da haren bidez

Hamaika Telebistako ordezkari Inaxio Esnaola eta Iñaki Uria, atzo, webgune berritua aurkezten. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2012ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Edo Interneten, edo inon ere ez. Hedabideetara jotzeko moduan izaten ari diren aldaketek ezinbesteko egin dute komunikabideek sarerako jauzia egitea. Hamaika Telebistak egina zuen hori lehen ere, baina beste pauso bat ematea erabaki du orain: webgunea eraberritu du erabat, eta sarean jarri du bere eskaintza osoa, zuzeneko emisioa barne, mugak gaindituta. «Azken batean, beste hedabide bat sortu dugu Interneten», adierazi du Iñaki Uriak, Hamaika Telebistako zuzendariak.

Hiru urte dira Hamaika etxeetako telebistetan agertzen hasi zela. Bilbon hasi ziren, eta, urtebete geroago, Donostian. Garai gorabeheratsuan hasi zuten jarduna. «Testuinguru oso txarrean ari gara. Hala ere, aurrerapausoak ematen ari gara», nabarmendu du Uriak. Azken asteetan izan dira berriak tokiko telebistetan, garai zailen erakusgarri: Nafarroako Canal 4 eta Gipuzkoa Telebista itxi egin dituzte oraindik orain.

Egoera horretan egin nahi izan dute apustua Hamaika telebistako arduradunek: Interneteko eskaintza osatu dute, eta telebista txikia izateak dituen mugak gainditu dituzte. Zuzenean ikus daiteke emanaldia sarean. «Gutxi dira horretarako aukera ematen duten hedabideak. Aurrean gabiltza Interneten», adierazi du Uriak.

Nahitaezkoa da hori, sarean aurrean jarrita egotea. «Interneteko erritmoa jarraitzea zaila den arren, beharrezkoa da egokitzea eta egungo joerei jarraitzea», azaldu du Inaxio Esnaolak, Hamaika Telebistako Komunikazio arduradunak. Ikus-entzunezkoak ditu oinarri webgune berriak, Esnaolaren esanetan; telebistan emandako bideoak eta emankizunak jarri dituzte eskura, zuzeneko emisioarekin batera. «Eremutik kanpo geratzen diren tokietan segitu ahal izango dute Hamaika».

Albisteak jartzen ere hasiko dira, bideo eta guzti. Hamaika Telebistan iluntzeetan ematen dute Bat eta bat saioa, eta han lantzen dute egunak emandakoa; orain, saioko berri nagusiak Interneten jarriko dituzte telebistan eman baino lehen. Sailkatu egingo dituzte bideoak: azkena jarritakoak zein diren, gehien ikusitakoak... Informazio zabalagoa ere izango da: telebistan ordu bakoitzean zer emango duten zehaztu dute, eta saio bakoitzaren xehetasunen berri eman ere bai. Orain arteko programazioa osatu dute, beraz.

Informazio zabalagoa saioei buruz ere emango dute. Tokiko telebistek elkarlanean osatzen dute programazioaren zati handi bat: batzuek eta besteek sortutakoa ematen dute telebista batzuetan eta besteetan. Hamaikak zortzi saio ekoizten ditu bere kabuz. Horietako bakoitzak atal bat dauka webgune berrian: saioaren nondik norakoen berri jarri dute haietan, eta saioko bertako bideoak ere bai. Osatuz joango dira.

Parte hartzeko aukera

Internetek hedabideetara ekarritako aldaketen artean garrantzizkoenetako bat da parte hartzeko bideak zabaldu dituela. Gero eta aukera handiagoa dago horretarako, eta gero eta gehiagok baliatzen dute. Horretarako aukera jarri du Hamaika Telebistak webgune berrituan ere. Jendeari dei egin diote bideoak eta argazkiak bidaltzeko; webgunean bertan ez ezik, telebistan ere emango dituzte, Esnaolak aurreratu duenez.

Eskaintza berritzeko bidean pauso bat izan da webgunea eraberritzea. Uriak jakinarazi du aldaketa gehiago ere izango direla aurrerantzean Hamaika Telebistan. Interneteko eskaintza hedatzen segitzeko asmoa daukate. Gainera, Donostian beste egoitza bat hartu dute, eta, horrekin, «kalitate handiagoz» aritu ahal izango dutela iragarri du zuzendariak. Programazio aldetik ere izango dira berrikuntzak. Guztia, diru gutxi izan arren. Uria: «Gutxirekin puntan egoten saiatzen gara».

Hamaika Telebistaren webgunea ikusteko,jo helbide honetara:

www.hamaika.tv
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.