Gizon bati 11 urteko kartzela zigorra ezarri diote, bikotekide ohia bortxatzeagatik

Akusatua emakumearen etxean sartu zen goizaldean, hura lo zegoela. Gasteizen, 58 urteko gizon bat atxilotu zuten bere bikotekideari eraso egiteagatik.

Iazko Azaroaren 25eko manifestazio feminista, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Iazko Azaroaren 25eko manifestazio feminista, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Julen Urrestarazu
2026ko otsailaren 20a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizkaiko Auzitegiak 11 urteko kartzela zigorra ezarri dio gizon bati, bikotekide ohia bortxatzeagatik. Hamabost urtean ezingo du harekin harremanetan jarri ezta harengana hurbildu ere —bostehun metro baino gutxiagora—. Espetxetik atera eta gero bost urtez egon beharko du zaintzapean. Eta bikotekide ohiari 15.000 euro ordaindu beharko dizkio.

Gizona eta emakumea sei urtez izan ziren bikote, 2021eko azarora arte. Epaiaren arabera, zigortuak ez zuen onartu bikotekide harremana bukatzea, eta 2021eko azaroko egun batean bikotekide ohiaren etxera sartu zen ordu txikietan. Emakumea lo zegoen. Gizonak eskuoihal bat jarri zion lepoan, eta estutu egin zuen. Kable batekin lotzeko mehatxua egin zion. Gero bortxatu egin zuen. Erasoaren ostean, emakumeak  zenbait audio bidali zizkien bere ahizpei Whatsapp bidez, egoera azaltzeko, eta salaketa jarri zuen azaroaren 23an. 

Auzitegiak bi delitugatik zigortu du gizona: sexu erasoa sarketarekin —larrigarritzat jo dute erasotzailearen eta biktimaren arteko ahaidetasuna— eta bikotekide ohiaren bizilekuan baimenik gabe sartzea. Auzitegiaren ustez, biktimaren lekukotza «arrakalarik, kontraesanik eta anbiguotasunik» gabea izan da, eta ahizpei bidalitako audioak «froga oso sendoak» dira. Hala ere, erabakia ez da irmoa, eta akusatuak helegitea jar dezake EAEko Auzitegi Nagusian.

Atxilotu bat Gasteizen

Gasteizen, 58 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo Gasteizko Udaltzaingoak, bere bikotekideari eraso egiteagatik. Gizona eta emakumea eztabaida izaten ari ziren Aranbizkarra auzoan, eta 17:30etan udaltzainak hara joatea eskatu zuen lekuko batek.

Udaltzainek atxilotuarekin, biktimarekin eta lekukoarekin hitz egin zuten. Eztabaida izaterakoan, gizonak emakumeari eraso egin ziola azaldu zien. Hori dela eta, 58 urteko gizona atxilotu zuten, genero indarkeriaren eremuko lesio delitua egitea egotzita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.