Gipuzkoako Fiskaltzak 11 urte eta bost hilabeteko espetxe zigorra eskatu du gizon batentzat, alabari 13 urte bete zituenetik «ia astero» sexu erasoak egitea egotzita. Horretaz gain, tratu txarrak eman izana ere leporatu dio akusatuari, EFE agentziak jakinarazi duenez.
Fiskaltzaren arabera, Gipuzkoako etxebizitza batean gertatu ziren sexu erasoak. Neska adingabea aitona-amonekin, aitarekin, anaiarekin eta osaba batekin bizi zen. Neskak 13 urte bete zituenean hasi ziren aitaren sexu erasoak. Akusatuak beste senideak lo zeudeneko tarteak baliatzen zituen alabaren logelara sartzeko eta sexu erasoak egiteko. Akusazioak jasotzen duenez, «ia astero» egiten zituen. Logelan ez ezik, egongelan ere gertatu ziren sexu erasoak. Horietaz gain, eraso fisiko bat ere egin zion, 2021eko abuztuaren 25ean. Akusazioaren idatziaren arabera, gizonak iletik tiraka arrastaka eraman zuen alaba.
Fiskaltzak bi delitu leporatu dizkio: sexu eraso jarraituak eta tratu txarrak. Zigor eskaerari dagokionez, 11 urte eta bost hilabeteko espetxealdia eskatu du, eta hamalau urtez biktimarengandik urruntzeko agindua. Horretaz gain, Gipuzkoako Fiskaltzak eskatu du akusatuari guraso ahala sei urtez etetea, eta adingabeekin lan egitea eta jarduerak egitea hamasei urtez galaraztea. Baita, kartzela zigorra betetzean, sei urtez zaintzapean aske egotea, eta biktimari 10.000 euroko kalte ordaina ematea ere.