Hamalau lagun atxilotu dituzte Gasteizen PCR negatiboen agiri faltsuak ekoizteagatik

Guardia Zibilaren arabera, agiriak saldu egiten zituzten, jendeak hegazkinak har zitzan. Joan den astean egin zituzten atxiloketak.

Bidaiari batzuk euren agiriak aurkezten Madrilgo Adolfo Suarez aireportuan, joan den uztailean. CHEMA MOYA / EFE
Paulo Ostolaza.
2021eko irailaren 28a
11:45
Entzun

PCR proban negatibo eman dutela baieztatzen duten agiri faltsuak ekoiztea, erabiltzea eta saltzea. Hori egozten die Guardia Zibilak joan den astean atxilotu zituen Gasteizko hamalau bizilaguni. Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkaritzak jakinarazi duenez, bi miaketa ere egin zituzten, eta hainbat dokumentuz gain, agiriak egiteko erabiltzen zituzten ordenagailuak eta inprimagailuak atxiki zizkieten atxilotuei.

Hainbat hilabetez, bidaiatzeko derrigorrezkoa izan da COVID-19rik ez zenuela baieztatzen zuen agiri bat. Horiek hala, ekainean atzeman zituzten agiri faltsu batzuk Madrilgo Adolfo Suarez aireportuan, eta jakin zuten Gasteizen erositakoak zirela. Izan ere, Guardia Zibilaren arabera, nagusiki hegazkinez bidaiatzeko saltzen zituzten agiri horiek, «Marokora edo Europako hiriburu batzuetara» joan ahal izateko.

Dirutruk, jatorrizkoaren ia berdinak ziren agiriak egiten zituzten faltsutzaileek, eroslearen beharrei egokitutakoak. Horretarako, hainbat osasun zentrotako idazpuruak erabiltzen zituzten, baita benetako medikuen datuak ere. Ondorioz, dokumentuak faltsutzea da atxilotuei egozten dieten delitu nagusia.

Europolen abisua

Gasteizkoak ez dira, ordea, Europan antzeko lanetan ibili diren bakarrak. Europolek joan den otsailean jakinarazi zuen geroz eta agiri faltsu gehiago aurkitzen zituela, eta behar horretan zebiltzan hainbat talde desegin zituela. Batzuek agiriko 300 euro ere eskatzen zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.