Bizkaiko Auzitegiko Bigarren Atalak bi gizon zigortu ditu, emakume bat bortxatzeagatik Bilbon. Hamalauna urteko kartzela zigorra ezarri die. Kartzelatik ateratakoan, zaintzapean egon beharko dute bost urtean. Gizonetako batek 22 urte ditu, eta besteak 23. Bietako baten etxean bortxatu zuten emakumea.
Epaiaren arabera, emakumeak borondatea «ezeztatua» zuen edan zuen alkoholaren eraginez. «Objektu edo panpina baten moduan tratatu zuten, gauza bihurtu zuten», nabarmendu dute ebazpenean. Bortxaketaren ondoren, emakumeak ikasketak eta lana utzi ditu, eta beste leku batera joan da bizitzera, «bere zirkulu soziala ahazteko».
2024ko abuztuko gau batean bortxatu zuten. Emakumearen urtebetetzea zen, eta lagunekin ospatu zuen. Dantzaleku batera joan ziren, eta bortxatzaileen lagun taldearekin bat egin. Dantzalekutik atera eta gero, hirurak beste lagun baten autoan sartu ziren, lagun horren etxean festa luzatzeko. Hara bidean, autoa bi zigortuetako baten etxearen parean geratu zuten, izotz eta edari bila joateko. Bi zigortuak eta emakumea igo ziren etxera. Han bortxatu zuten. Emakumeak konortea galdu zuen. «Irudi pusketak» gogoratzen ditu. «Ez zen gai izan erreakzionatzeko», zehaztu dute epaian. Etxeko logela batean esnatu zen, biluzik eta bakarrik.
Froga sendoak
Auzitegiak nabarmendu du emakumeak aurkeztutako frogak sendoak izan direla eta haren kontakizuna egiantzekoa; akusatuek aurkeztutako frogek, ordea, «koherentzia eta sinesgarritasuna falta» dutela iritzi dio.
Kartzela zigorra betetzeaz gain, bi zigortuek 30.000 euroko kalte ordaina eman beharko diote emakumeari, eta, zigorra bete eta gero, hamabost urtean ezingo dira harekin harremanetan jarri, ezta harengandik 500 metro baino gutxiagora hurbildu ere. Sexu heziketako programetan parte hartu beharko dute.