Joan den uztailean egin zen publiko kasua. Sortuk jakinarazi zuen kanporatu egin zuela “Donostiako militante ezagun bat”, emakume gazteei biluzik argazkiak egin zizkielako “engainu” bidez. Horretarako ezker abertzalean zuen “erreferentzialtasuna” baliatu zuen, Sortuk salatu zuenez. Donostiako Piratetako kidea ere bazen gizon hori, eta kanporatu egin zuten handik ere.
Emakume horietako batzuek joan den abuztuan BERRIAn kontatu zuten zer gertatu zen. Azaldu zutenez, gizonak kontatzen zien proiektu artistiko baterako argazkiak egiten ari zela, eta gizonak eta emakumeak biluzik ageri ziren irudiak behar zituela —finean, hala ere, neskengana jotzen zuen beti, emakume horiek azaldu zutenez—. Dirua agintzen zien. Horietako batzuek onartu egin zuten, eta argazkiak egin zizkien gizonak; eurek egindako argazkiak bidali zizkioten beste batzuek. Zinez, ordea, ez zegoen inolako proiektu artistikorik: beretzat nahi zituen irudiak.
Emakume horietako hamarrek auzitara jo dute, Donostian egindako agerraldi batean iragarri dutenez. Donostiako epaitegi batean jarri dute salaketa, eta aurrera doa auzibidea: deklaratzera deitu dute akusatua, Haritz Varela. Ohartarazi dutenez, hala ere, salaketa jarri duten emakumeek baino askoz gehiagok jasan zuten engainu hori: 40 bat neskak.
Epaitegietan izandako oztopoak salatu dituzte emakumeek: “Epaitegien izaera matxista eta eraso matxistei ematen dieten trataera egokirik eza” salatu dute.
Joan den udan egin ziren erasoak publiko, Sorturen oharrarekin, baina emakumeek ohartarazi dute “beste mota batzuetako erasoak” jasan dituztela ordutik: “Zalantzan jarriak izatea, bakardade sentimendua, biktimizazio bikoitza...”. Kontuan izatekoa da emakume horietako batzuek orain urte batzuk jasan zutela engainu hori.
Esperientzia on bat ere izan dute denbora honetan: “Bidean topatu ditugun emakumeen konplizitatea. Ez ginateke honaino iritsiko erasoaren aurrean bakarrik aritu izan bagina”. Berretsi dute erasotzailearena dela ardura, ez emakumeena: “Erasotuak izan ginen kidearengan konfiantza izan genuelako, eta gure lan militantean sinesten genuelako. Hortaz argi eta garbi esaten dugu: guk ez genuen ezer txarrik egin, eta berriz egingo genuke. Arazoa erasotzailearena da, beti”.