Hamar galdera AEB-EB akordioari buruz

2014ko abenduaren 6a
11:44
Entzun

TTIP Merkataritza eta Inbertsio Lankidetza Transatlantikoak makina bat alorretan izango du eragina, akordioa bururaino eramaten badira. Jokoan zer dagoen ulertzeko hamar galdera, jarraian:

1- Nortzuk negoziatzen ari dira?

AEBetako gobernua eta Europako Batzordea, batasuneko 28 herrialdeen izenean. Munduko bi bloke ekonomiko aberatsenak dira, eta bazkide komertzial nagusiak.

2- Zein da helburua?

Helburua atlantikoaren bi aldeetan benetako merkatu bateratua lortzea da. Negoziazioa hiru atal handitan banatu dute: produktuen eta zerbitzuen sarbidea eta merkatuak; arau arazoak eta muga sariak ez diren hesiak; eta arauak, printzipioak eta nazioarteko merkataritzan dauden aukera berriak.

3- Zeintzuk lirateke akordioaren etekinak?

Itunaren beharra justifikatzeko argudio nagusia ekonomikoa da. CEPR elkarteak egindako txosten batean oinarrituta, akordio “handinahitsu” batek urtero barne produktu gordina %0,5 eta %1 bitarte handituko lukeela diote negoziatzaileek. Bi milioi lanpostu sortuko lituzkeela ere ziurtatu dute. Akordioaren aurkakoek kalkulu horiek errefusatu dituzte, eta Ipar Amerikan NAFTA akordioaren ondorioak azpimarratu dituzte: Mexikon bi milioi nekazarik lana galdu eta 28.000 dena txikik porrot egin zuten. AEBetan ia 700.000 lanpostu galdu ziren.

4- Nola doaz negoziazioak?

Ofizialki, 2013. urteko udan jarri ziren martxan elkarrizketak. Akordio azkarra bilatzeko borondatea agetu zuten bi aldeek, gutxienez pare bat urte beharko zirela onartuta. Hainbat atzerapen izan dira honezkero.

5- Zer negoziatzen ari da?

Hasierako asmoa sektore eta produktu nahiz zerbitzu guztiak negoziazioei irekitzea zen. Marra gorririk gabe ekin nahi zien elkarrizketei Europako Batzordeak. Haatik, Frantziaren presioak ikus-entzunezkoen sektoreari buruzko negoziaziorik ez egitera behartu ditu.

6- Nolako eragina izango luke?

Puntu garrantzitsua da. Sinatuz gero, edukiak administrazio maila guztien jardunari eragingo dio. Udalerri txiki batetik hasita eta Europako Batzorderaino. Denen jarduna mugatuko du akordioak.

7- Publikoak dira elkarrizketak?

Hori da kritikoen kexa nagusietako bat. Negoziazioak sekretuak dira, eta mahaietan benetan zer ari den eztabaidatzen ezezaguna da, hainbat dokumentu filtratu badira ere.

8- Nola justifikatzen du sekretua EBk?

Iritzi publikoaren presioak eragina izan du. Europako Batzordeko Merkataritza komisario berriak, Cecilia Malmstrom suediarrak, “inoiz ez bezalako gardentasuna” agindu du. Esaterako, orain arte Europako Parlamentuko legebiltzarkide guztiek ezin zituzten eztabaidarako agiriak irakurri, eta hori aldatuko dela agindu du, hainbat muga ezarriko zaizkien arren. Haatik, parte batzuk sekretupean gordetzeko asmoari eusten dio, gardentasun iragarpenak iragarpen. "Egongo dira, noski, publikoarekin osorik partekatuko ez ditugun dokumentuak. Espero dut ulertzea negoziazioak soilik direla eraginkorrak konfiantzarako eta eztabaida lasairako tartea dagoenean”, esan zuen Malmstromek joan den astean.

9- Nork erabakitzen ditu auziak?

Gai arantzatsuena, ziur asko, akordioaren zabalpenari buruz inbertitzaileen eta erakunde publikoen arteko ezadostasunak erabakitzeko sistemak dira. Akordioan oinarrituta, tokian tokiko lege batek bere irabaziak mugatzen dizkiola salatzeko aukera luke konpainia batek. Auziari buruzko erabakia hartzea nazioarteko arbitratze epaitegi pribatu batzuen esku geratuko litzateke. Balizko burujabetasun galera horrek sortu duen kezkari erantzungo zaiola ziurtatu du EBk presidente berriak, Jean Claude Junckerrek, baina ez du oraindik ezer argitu.

10- Non ikusten dira arriskuak?

Akordioaren aurkako mugimenduek arrisku ugari ikusten dituzte negoziazioen itzaletan. Lan eskubideak mugatzea, zerbitzu publikoen pribatizazioa erraztea, ingurumen arauak lausotzea (tartean, fracking-aren ustiapenari ateak irekitzeko), jabetza intelektuala indartzeko neurriak, edo pribatutasun araudiak ahultzea. EBtik ziurtatu dute akordioak ez duela “arreta printzipioa” hautsiko, eta ez dituela ingurumen nahiz osasun babes mailak murriztuko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.