Hamar urte Maroto Gasteizko alkatetzatik kendu zutela

Gorka Urtaran jeltzalea Gasteizko alkate izendatu zuten 2015eko ekainean, EH Bilduren botoei esker, nahiz eta koalizioa bigarren indarra izan, PPren atzetik. Javier Maroto popularrak egindako kanpaina xenofoboak eraman zuen EH Bildu urrats hori egitera.

Gorka Urtaran Gasteizko alkate izendatu berritan, 2015eko ekainaren 13an. RAUL BOGAJO / FOKU
Gorka Urtaran Gasteizko alkate izendatu berritan, 2015eko ekainaren 13an. RAUL BOGAJO / FOKU
xabier martin
2025eko maiatzaren 31
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gorka Urtaran Gasteizko alkate izendatu zuten 2015eko ekainaren 13an; aurki hamar urte beteko dira. Gertaera hura ez zen izan euskal hiriburuetan izandako beste edozein erreleboren parekoa. Ordura arteko alkate Javier Marotori aginte makila kentzeko operazio zehatz batek eragin zuen PPko ordezkariaren porrota. Migratzaileen aurkako Marotoren mezu xenofoboek testuinguru soziopolitikoa nahastu zuten Gasteizen, duela hamar urte; tentsio handia zabaldu zen, eta gainontzeko alderdiek PPko ordezkaria bakartzeko deliberazioa hartu zuten, nahiz eta hark irabazi zituen maiatzeko udal hauteskundeak, modu argian gainera, aurreko emaitzak hobetuta.

Marotoren porrota, ordea, hilabete batzuk lehenago hasi zen egosten, eta berak eman zion su eltze horri behin eta berriro, Gasteizera iritsitako etorkinak eta DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta etengabe lotuta. Gizarte laguntzen araudiaren aurkako kanpaina bat abiatu zuen PPk. Laguntzen bizkarretik bizitzea egotzi zien Marotok etorkin kolektibo jakin batzuei, bereziki magrebtarrei, eta laguntzen baldintzak gogortzeko saioa bultzatu zuen.

Gaur egun, euskal politikan bizi-bizirik dago migratzaileei buruzko eztabaida, egunotan Eusko Jaurlaritzako bazkide EAJren eta PSE-EEren arteko ika-mikak islatu duen moduan. Duela hamar urte, berriz, Maroto alkatea gasteiztarren artean «arrakala arriskutsu bat» zabaltzeko lanean ari zelakoan, Gora Gasteiz herri plataforma sortu zuten hainbat gizarte taldek eta partikularrek, 2014ko amaieran. «Jarrera arrazistak salatzeko eta elkarbizitza defendatzeko» ideia oinarri hartuta abiatu zen taldea. «Azken hilabeteotan sortu den egoera erabateko arduragabekeria da, eta ondorio larriak izan ditu», ohartarazi zuen plataformak, bost hilabetez hiria dinamizatu ondoren. Plataforma desegiteko agerraldian eman zuen abisua Gora Gasteizek, bozen kanpainaren atarian, baina Marotok entzungor egin zien, eta gogortu egin zituen etorkinen aurkako mezuak.

Alderdien txanda

Bost hilabetez hamaika jarduera bultzatu zituen Gora Gasteizek. Aipagarriena apirilaren 18ko jardunaldia izan zen: Gasteizko kaleak kolorez bete zituzten, eta jende ugarik hartu zuen parte. Sona handiko sinatzaileak izan zituen plataformak: Bernardo Atxaga, Toti Martinez de Lezea, Karmele Jaio, Lourdes Oñederra, Oihane Perea, Mikel Urdangarin, Gari, Josu Zabala, Unax Ugalde, Juanito Oiarzabal, Iker Pou, Eneko Pou, Irati Anda, Amparo Lasheras, Jose Angel Cuerda Gasteizko alkate ohia...

Gasteizen, hauek izan ziren 2015eko maiatzaren 24ko udal bozen emaitzak: PP garaile, bederatzi zinegotzi lortuta (%29,8); EH Bildu geratu zen bigarren, sei zinegotzi eskuratuta (%19,5); EAJ hirugarren, bost lortuta (%16,6); PSE-EEk lau atera zituen (%11,9); Hemen gaude-k bi zinegotzi; eta Irabazi-k bakarra. Karta horiekin hasi zen Maroto alkatetzatik kanpo utziko zuen partida, eta mahai horretan, EH Bilduk egindako mugimendu batek eragin zuen aldaketa: bigarren indarra izanda ere, alkatetza EAJri uzteko urratsa egin zuen, Marotori aginte makila kentzea lehenetsita.

Azken udal hauteskundeak, 2023koak, EH Bilduk irabazi zituen, Rocio Vitero hautagai zela. 2015ean Vitero ez zegoen koalizioaren barruan, hark gogoratu duenez: «EH Bilduren proiektu politikoan sartzeko urratsa egitea erabaki nuen, hain zuzen, 2015ean, herritarrek eskatzen ziotena egin zuelako EH Bilduk: Marotoren diskurtso arrazista hautsi eta PPk sortu nahi zuen konfrontazioa eta Gasteiz banatzeko saioa eten, azken finean».

«EH Bilduk egin behar zena egin zuen, ardura sozialagatik. Hanka bat erakundeetan dugu, eta bestea kalean, herritarren beharrei adi»

ROCIO VITEROEH Bilduko eleduna Gasteizko Udalean

Viterok gogoratu du 2015erako EH Bilduk ibilbidea egina zuela «eragile sozialen alboan», eta Maroto kentzeko erabaki horretan «alderdi gisa urrats bat atzera» egin zuela «herritarren mesedetan». Orain ere koalizio subiranistak balio horiek defendatzen dituela erantsi du Gasteizko oposizioko buruak: «Gasteiz plurala da, irekia, eta herritarrek bizikidetza balioak dituzte. PP jolasean ari zen horrekin guztiarekin. EH Bilduk egin behar zena egin zuen, ardura sozialagatik. Hanka bat erakundeetan dugu, eta bestea kalean, herritarren beharrei adi».

Edonola ere, Gorka Urtaran jeltzaleari aginte makila emateko erabakia ez zuten ongi ulertu EH Bilduko militante guztiek; ez zen deliberazio erraza izan, baina estrategikoki emaitza onak eman dizkio koalizioari, ordutik hazkunde argia izan baitu Gasteizen eta, oro har, Araba osoan. «Balio handia ematen diot hartu zen erabaki horri, baina ez gero emaitza politiko onak eman dituelako», dio Viterok. «Egia da emaitza horiek objektiboak direla, eta hazten ari garela geroztik, baina herritarrek eskatzen zutenari erantzun geniolako ematen diot garrantzi handiagoa: bizikidetza eta harrera hiri bat eraikitzen jarraitzea».

(ID_6148466) Javier Maroto
Javier Maroto PPko alkate ohia, 2015eko bozen kanpainan. RAUL BOGAJO / FOKU

Aldaketa politikoa eta soziala

2015eko hauteskundeetako emaitzak oso desberdinak dira azken bozetakoekin alderatuz gero. EH Bildu da lehen indarra orain (%22,8; zazpi zinegotzi); PSE-EE bigarrena (%21,9; sei zinegotzi); PP hirugarrena (%20; sei zinegotzi); EAJ laugarrena (%19,6; sei zinegotzi); eta Elkarrekin Podemos azkena (%7,1; bi zinegotzi). Hamar urtean aldaketa politiko handia egon da hirian.

«Bai, aldaketa egon da Gasteizen eta Araba osoan. Bazen Arabari buruzko irudi itxi bat lehen, eta orain argi dago gure gizartea balio positiboz beterik dagoela». EH Bilduko eledunak uste du balio horiek gauzatzen ari direla maila politikoan, «berdintasuna eta justizia soziala» aurrean jarrita: «Jendeak argi ikusten du orain badela beste aukera bat erakundeei begira. Aldaketa soziala egon da Gasteizen eta Araban, eta horrek ekarri du aldaketa politikoa».

«Marotok oso emaitza onak lortu zituen, baina gerora azaleratu den aldaketak garai hartan ditu sustraiak»

ASIER ETXENIKEAztiker soziologia ikerguneko teknikaria

Aztiker soziologia ikerguneko teknikari Asier Etxenike bat dator aldaketari buruzko tesiarekin, baina zehazten du PPren nagusitasuna ez dela betikoa izan Gasteizen. «Beste lurraldeekin alderatuta, indarra eduki du Araban, bai, baina Gasteizen aldaketak ohikoak izan dira alkatetzan. Jose Angel Cuerda jeltzalea urte mordoa egon zen; gero, PPko Alfonso Alonsok hartu zuen makila, eta, haren ondoren, Patxi Lazkoz sozialista iritsi zen».

Mezu xenofoboekin katramilatzeko Marotoren estrategia aztertu du Etxenikek: «Marotok 2015ean oso emaitza onak lortu zituen, baina gerora azaleratu den aldaketak garai hartan ditu sustraiak». Soziologoaren arabera, Gasteizen garatu den dinamika soziala, ezkerreko mugimenduen arteko elkarlana herri mailan, ekologismoaren aldekoa... «horrek guztiak azaltzen du hein batean aldaketa politikoa». Bada bigarren habe bat aldaketa azaltzeko, Etxenikek dioenez: «Euskalduntze prozesua Araba osoan, eta, bereziki, Gasteizen». Gogoratu du hizkuntzak berak komunitate batzuk eraikitzen dituela, «eta mundu ikuskera bat ere bai». Bada, ikuskera hori gertuagoa dago EH Bildutik, haren ustez; «eta EAJtik ere bai, hein batean».

«Lasai, baina ausardiaz»

Duela hamar urte, EAJ hirugarren indarra izanda ere, Gasteizko alkate izendatu zuten Gorka Urtaran, baina azken unera arte ezin izan zen segurutzat jo izendapen hori, PSEk boto zuria eman baitzuen azken orduan. Andoaingo Udalean (Gipuzkoa), EAJk alkategai sozialista aginte makilarik gabe utzi zuen, eta PSEk Gasteizen erantzun zion. Irabazi alderdiak zinegotzi bakarra zuen, eta hark botoa aldatu behar izan zuen Urtaran izenda zezaten alkate, eta jeltzaleak etekina atera zion bere lehen gobernuari, hurrengo bozetan lehen indarra izan baitzen. 24 urteren ondoren lortu zuen Urtaranek EAJ gailentzea Gasteizen; 1995ean gertatu zen hori azkenekoz, Jose Angel Cuerdarekin.

«Kontua ez da migrazioak berekin dakarren erronka ukatzea, baizik eta erronka horri lasaitasunez eta ausardiaz aurre egitea»

GASTEIZKO EAJ

EAJko udal iturriek diotenez, «hamar urteren ondoren» migrazioa eta pertsona zaurgarrien babesa «erronka handiak» dira oraindik. Baina badago alde bat orduko eta oraingo egoeren artean, jeltzaleen ustez: «Orduan hasi berria zen mehatxu indartsu bat dugu orain aurrez aurre: diskurtso populistak eta eskuin muturrekoak, errazak eta baztertzaileak, oso arriskutsuak». EAJk eskatu du «erronka» horri «argi, serio eta ausart» aurre egiteko. «Gobernatzea ez da soilik aritmetika aplikatzea; proiektu bat izan behar da, ikuspuntu jakin bat, ardura herritarrekin». Eta Urtaran alkatearen gobernuak horixe egin zuela azpimarratu du iturri berak. «Kontua ez da migrazioak berekin dakarren erronka ukatzea, baizik eta erronka horri lasaitasunez eta ausardiaz aurre egitea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.