Hamar urte ditu Mintzalasai egitasmoak. Hamar urte hauetan ari da Baiona, Angelu eta Biarritzeko (BAB) hirigunean euskarazko eskaintza zabaltzeko ahaleginetan eta euskal elkarteen saretzen. Heldu den astelehenean hasiko da, igandera arte, egunero, euskarazko jardun mota orotarik eta andana proposatuz, Uste baino gehiago girelako! ohiko leloarekin.
Ipar Euskal Herriko biztanleriaren %40 bizi den eremuan 9.000 bat euskaldun kontatzen dituzte (BAB eremuko %7,7), eta 6.800 ulertzen dutenak (%5,8). Biztanleria emendatu da azkar hamar urtez, Frantziatik jin etorkin erdaldunak izanez nagusiki. Aste oso batez euskaraz diren eskaintzak ezagutaraztea du xede Mintzalasaik, baita euskal elkarteak saretzea ere. “Euskaldunak saretzea uste dut lortu dugula”, erran du Mintzalasaiko antolatzaile Uhaina Azpeitiak. “Euskal elkarte guziak kasik Mintzalasairen kide dira”. Mintzalasaik denboran jardun moderno eta ludikoak euskaraz proposatzea lortzen dutela uste du. “Urtean zehar eskaintza gehiago bada: antzerkia sortu da, Atabalek musika klaseak proposatzen ditu euskaraz; surf klaseak ere badira”, eta abar.
Euskarazko gertakarien biltoki bilakatu da Mintzalasai, bereziki bere Internet atariari esker. “Urteekin ohartu gara festibala bihurtu zela izozmendiaren punta bat eta jendea hunkitzeko aitzakia ona. Tresna hori erabili nahi izan dugu beste proiektu batzuk sortzeko”, azaldu du Eneko Gorri euskara teknikari eta Mintzalasairen sortzaileak. Baiona, Angelu eta Biarritzeko euskaltegiei tailer ludikoak proposatuz edo, halaber, eremuko ikastetxe elebidunei. Laster ohartu ziren jaialditik landa behar zela tresna bat; “urtean zehar euskaraz bizitzeko gogo hori elikatu behar zela, nolazpait”, Gorrik dioenez. Webgunea tresna egokia izan da. “Webgune horrek badu eguneroko bizi ikaragarria”.
Trinkotzearen munta
Lan anitz egin du Mintzalasaik nagusiki erdalduna den hirigune horretan euskarazko eskaintza zabaltzeko eta haren aukeren berri emateko. Bizkitartean, euskarari bizi eta indar emateko, euskaldungo barreiatuari ere baliatzeko paradak eta bermeak eman behar zaizkiola ohartu da. Erdaldunari etengabe luzatzeko eginahaletan ez beti higatzeko. Gorri: “Momentu batzuetan anplifikatu behar da; jendeari erakutsi behar diogu hor garela, errealitate bat garela basamortu linguistiko horretan eta euskara etorkizuneko hizkuntza bat dela hiri eremu erdaldun horretan”. Baina, aldi berean, euskaldungoa trinkotzeko bideak jorratuz. “Ezin dugu guk bakarrik irekitze ariketa hori egin. Trinkotu behar dugu hiztun komunitate gisa. Nahi badiegu erakutsi erdaldunei gure hizkuntza bizia dela, molderik hoberena da euskaraz aritzea eta eustea”.
Funtsean, Mintzalasaiko igande honetako besta nagusiaren egunarekin ohartu zitzaizkion antolatzaileak arazo horri. “Ohartu ginen, beste askok bezala, euskararen aldeko besta bat egiten genuela frantsesez. Problematikoa zen guretzat. Hortik sortu genuen besta kita euskaraz”. Bestalariak laguntzaileak bezala gutien bat bederen euskaraz ari zitezen. “Erdal eremuetan ontsa ibiltzen da”.
Asteko jardunen eskaintzan beharraren sortze hori landu dute azken urteetan, “frustrazio sanoak lantzeko”. Zigor zizelkariarekin egin izan duten bisita gidatu baten adibidea kontatu du Azpeitiak. “Euskaraz azaltzen zuen dena, irringarria zen, eta bukaeran hitz batez laburbiltzen zuen frantsesez. Iduritu zitzaigun ideia ona zela euskarara ekartzeko”. Haren hitzetan, ulertu nahia piztu zien erdaldunei.
Molde berean joan ziren duela bi urte ireki berri zen escape game edo ihesaldi joko gela bateko arduradunengana. Jokolariei eman aginduak euskaratzea proposatu zieten, eta haiek onartu. Berdin egin dute aurten Angeluko pole dance eskola batekin, Mintzalasairen astelehenarekin pole dance ikasteko saio bat eskainiko baitu euskaraz. “Eskola horrek badu irakasle euskaldun bat prest dena urte osoan egiteko. Ideia litzateke iraileko erakustaldi horri esker irekitzea pole dance saio bat euskaraz”, dio Gorrik. Euskara ez den lekuetara heldu nahi dute.
Ohartu dira, halaber, elkarte batek edo bestek bilatu dutela euskarazko eskaintza baten ukaitea Mintzalasain ezin izan zutelako horra arte deus eskaini.
Ez du kentzen etenik ez duen lana dela euskarazko eskaintza horren jakinaraztea. Ohakoa haurtzaindegia eta Uda Lekuren bilgunea adierazgarriak zaizkio Gorriri. Aspaldikoak dira, baina beti behar da jakinarazi hor direla. “Familiak bizpahiru urte guziz aldatzen dira. Gaur egun euskarazko zirkuitu bat bada Miarritzen —proportzioan, beharbada, Baionan baino gehiago—, baina zirkuitu hori beti agerian eman behar dugu; zeren eta jendeak, batzuetan, kasualitatez deskubritzen du Uda Leku bat badela”.
Ondoko urteak
Hamar urte ditu Mintzalasaik. Egoera soziolinguistikoa ez da baitezpada hobetu, baina esperantza batekin aipatu du geroa Azpeitiak: “Espero dut Mintzalasairen lehen edizioa ezagutu zuten gazteak laster sartuko direla elkartean eta ideia berriak proposatuko dituztela”. Beste esperantza da, olde berean, Angeluko eta Baionako euskal elkarteek gehiago parte hartzea dinamikan.
Hamar urteko datuak atera ditu Mintzalasai elkarteak.
80. Elkartekide.
250. Artista.
550. Jardun.
700. Laguntzaile.
37.000. Parte hartzaile.
185.000.Webguneko bisitari.