Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin du hipika irakasle bati ezarritako hamar urte eta egun bateko espetxe zigorra, ikasle adingabe bati sexu abusu jarraituak egiteagatik. Epaiaren arabera, gizonezkoak ezin izango du hamabost urtez biktimarengana hurbildu gutxienez 300 metroko distantziara, eta zortzi urtez zaintzapean egon beharko du. Halaber, 25.000 euroko kalte ordaina ordaindu beharko dio biktimari, kalte moralengatik.
Epaian jasotzen denez, lehen sexu abusua 2015eko urtarrilean egin zion, neskak 13 urte zituela, hipika zentroko aldageletan. Abusuak maiz izan ziren ondorengo hilabeteetan, batez ere hipikan bertan, eta beste toki batzuetan ere bai. Abusuak 2016ko apirilera arte izan ziren, eta urte bereko abuztuan ere aldiro egin zizkion, biktimak 15 urte zituela.
Auzitegiak azpimarratu du adingabeak ez zuela behar besteko heldutasunik eta irakasleak manipulazio afektiboa erabili zuela, nagusitasun egoeraz baliatuta. Biktimak ondorio larriak izan ditu bere garapen sexualean, epaiak jasotzen duenez.
Auzitegiak sinesgarritzat jo du biktimaren testigantza, lekukoen adierazpenek babestuta, eta gogorarazi du akusatuak aitortu zuela harreman sexualak izan zituela harekin, nahiz eta ukatu egin zuen adingabea zenean gertatu zirenik. Epaileen arabera, frogatuta geratu da irakasleak bazekiela neska 16 urtetik beherakoa zela, eta, ondorioz, erantzukizun penala duela.