Nafarroako Probintzia Auzitegiko Lehen Atalak hamar urte eta egun bateko kartzela zigorra ezarri dio 2022ko urrian Iruñean 13 urteko neska bat bortxatu zuen gizon bati. Espetxe zigorraz gain, hamar urtez erasotzailea ezingo da biktimarengana gerturatu 300 metrora baino gutxiagora, ezta harekin komunikatu ere. Gainera, auzitegiak erabaki du beste hamar urtez zaintzapean aske egon beharko duela espetxealdia bete ostean. Erantzukizun zibil gisa, 60.000 euroko kalte ordaina ezarri du kalte moralagatik.
Zigortutako gizonak 35 urte ditu, eta legez kanpoko egoeran dago. Hori dela eta, auzitegiak agindu du gizona Espainiatik kanporatzea, hirugarren gradua eman edo behin-behinean aske uzten dutenean. Halaber, hamar urteko debekua ezarri dio berriro Espainiako lurraldera sartzeko. Epaia ez da irmoa eta, beraz, errekurtsoa aurkez daiteke Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian.
Sexu erasoa 2022ko urriaren 17an gertatu zen, Iruñeko Arrotxapea auzoan. Biktima eta 15 urteko lagun bat auzo horretako pump track parkera zihoazela —bizikletaz, skatez edo patinez ibiltzeko pistara—, erasotzailearekin egin zuten topo. Epaiketan jakinarazi zutenez, egun hartan bi neskek etxetik ihes egin zuten baimenik gabe.
Erasotzailearekin hizketan hasi ziren sakelakoaren itzultzailea erabilita, eta hirurak Arga ibaiaren ondoko lorategira joan ziren. Epaiak frogatutzat eman duenez, auzipetuak pasealekutik urrun dagoen gune batera eraman zituen adingabeak; 15 urteko neska bertan etzan zen, eta, dirudienez, lo geratu zen. Orduan, «bakarrik zeudela aprobetxatuta», 13 urteko neska bortxatu zuen.