Hamasei lagun epaiketaren zain daude, Berangon ongietorri bat egiteagatik

Ekainaren 8tik 26ra bitarte epaituko dituzte, eta Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak 36 urteko espetxe zigorra eskatu du denera. Larunbatean, auzipetuei babesa adierazteko manifestazioa egingo dute Algortatik Berangora.

Auzipetuen aldeko horma irudi bat, Berangon. MIGUEL TOÑA / EFE
Auzipetuen aldeko horma irudi bat, Berangon. MIGUEL TOÑA / EFE
Iosu Alberdi.
2026ko maiatzaren 28a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ekainaren 8tik 26ra bitarte hamasei euskal herritar Auzitegi Nazionaleko epaileen aurrean eseriko dira, eta fiskaltzak, denera, 36 urteko espetxe zigorra eskatu du haientzat. Arrazoia: 2022an Ibai Aginaga euskal presoari Berangon (Bizkaia) egindako ongietorri ekitaldia. Auzipetuen esanetan, baina, hori baino gehiago dago jokoan: «Instrukzioan mugimendu eta eragile politiko pila bat aipatzen hasi ziren, eta konturatu ginen ez doazela ongietorriaren bila bereziki, ongietorri horrek markatzen duen herri politikoaren bila baizik».

Ibai Aginaga euskal presoa 2022ko martxoan atera zen espetxetik, 21 urteko espetxe zigorra bete ostean. Ordurako, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak adierazia zuen presoen harrerak «era pribatuan» jasotzeko nahia: «Gure senide, lagun eta kideei eta euskal gizarteari adierazten diegu kaleratzean egiten zaizkigun harrerak hurkoen artean eta era pribatu eta diskretuan jaso nahi ditugula aurrerantzean». Berangon, baina, zenbait eragilek adostu zuten Aginagari harrera egitea, eta 250 lagun inguru elkartu ziren frontoian. «Guk markatu genuen ildoa da ongietorria bera ez dela preso bati egindako harrera, badela herriari eta borrokari egindako omenaldi bat», esan du Hegoi Uriarte auzipetuak.

Uriartek balioa eman dio ekitaldian elkartutako jende kopuruari. Era berean, baina, biktimen elkarteek ere erreparatu zioten ekitaldiari, eta zenbaitek hura txarretsi eta salatu zuten. Horren ondorio izan zen Auzitegi Nazionaleko Ismael Moreno epaileak zuzendutako instrukzioa. Hark ekitaldia egiteko baimena eskatu zuten hiru kideak auzipetu zituen lehenik, eta hilabete batzuk geroago, hartan parte hartu zuten beste hamabost lagun; tartean, Aginaga bera. Prozesuak iraun bitartean, auzipetuetako bat hil egin zen, eta beste baten kontrako karguak baztertu zituzten, froga faltagatik. Gainerakoei dagokienez, baina, instrukzio epaileak adierazi zuen «ETAren terrorismoa eta haren kideak modu publiko eta antolatuan goraipatzeko ekintzak» egin zituztela.

Uriartek, ordea, gogoratu du epailearen autoak berak zehazten duela frontoia itxita zegoela eta ez zela irudirik hartu. Ondorioz, iritzi dio «beldurra» eragiteko asmoa dagoela epaiketaren atzean, eta gehitu du prozesuak ez duela «inolako oinarri judizialik», «politikoa» baizik: «Berdin zaie ekitaldia antolatu duzun, zerbait irakurri, abestu edo, besterik gabe, han egon zaren. Beldurtu nahian ari dira».

Are, auzipetuek uste dute ez dela kasualitatea epailearen aurrean jarriko diren hamasei lagunetatik zortzik aurrez ere espetxe zigorrak bete izana, haiek zigortuko balituzte berriz kartzelatzeko arriskua «handia» baita, Goiuri Alberdi auzipetuak azaldu duenez: «Mezu bat da tinko segitu dutenei bidalia, presoei bidalia: makurtu, edo barrura zoaz berriro».

Zehazki, inhabilitazio eta isun eskaerez gain —denera, 75.000 euro—, fiskaltzak bi urte eta bederatzi hilabetera bitarteko zigorrak eskatzen ditu haientzat, eta akusazio partikularrek —Vox eta Villacisneros fundazioa— are gogorragoak zenbait kasutan. Halere, ez dute akusazioekin negoziatzeko asmorik. «Horrek de facto kriminalizatuko luke egindakoa, eta ezin dugu halakorik egin, ez moralki eta ez ideologikoki», azaldu du Alberdik.

Hala, adierazi du abokatuen defentsa juridikotik haratago auzipetuek «defentsa politikoa» ere egingo dutela: «Euskal Herrirako gutxiengo batzuk defendatzera goaz, oinarrizko eskubide zibil eta politiko batzuk». Izan ere, Uriarteren esanetan, «garaipena edo porrota ez da Espainiako epaitegi faxista batetik iritsiko», euskal herritarren erantzunetik baizik.

Algortatik Berangora

Auzipetuei sostengua adierazteko kanpaina bat ere bada martxan, Berangokoak aske, ongietorriak libre! lelopean. Elkartasun komiteak deituta, larunbatean manifestazio bat egingo dute Algortatik (Getxo, Bizkaia) Berangora, eta hartan auzipetuei «elkartasuna eta maitasuna adierazteko» deia egin du komiteak.

Uriarteren esanetan, baina, hori baino gehiago da larunbateko mobilizazioa. Batetik, adierazi du eskubide zibil eta politikoen aldeko mezu bat helarazteko baliatu nahi dutela, epaiketa «herri oso baten kontrako erasoa» delako. Bestetik, azaldu du amnistiaren aldeko aldarrikapena egiteko baliatuko dutela: «Gure kasuarekin zerikusi zuzena duelako, guretzat amnistia ez delako euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea soilik, baizik eta Euskal Herriko gatazka oinarritik konpontzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA