Donostiako 5. Instrukzio Epaitegiak enpresa batzuetako hamazazpi zuzendari eta teknikari ikertu gisa deklaratzera deitu ditu azaroaren hasierarako, ingurumenaren kontrako ustezko delituengatik. GuraSOS elkarteak eman du horren berri, eta azaldu duenez, maiatzaren 30ean irekitako auto batengatik hasi dute ikerketa. Guardia Zibilaren txosten batean eta atestatu batean oinarritzen da autoa, eta ondorioztatu dute Zubietako erraustegia (Gipuzkoa) martxan jarri zenean azpiegituren estankotasuna ez zegoela bermatuta, eta ondoren ez zirela konpondu horrekin lotutako arazoak. «Egiturazko» arazo horren ondorioz gertatu dira azken urteetako amoniako eta lixibiatu isurketak, Guardia Zibilaren arabera.
Guardia Zibilaren UCOMA Ingurumen Unitate Zentral Operatiboak egin du ikerketa, eta erraustegian bertan egin dituzten inspekzioetan ikusi dute lantegiaren hainbat azpiegituratan —hoditerian, zuloan, euri ura drainatzeko plantaren azpian duden hodietan— lixibiatuak filtratu zirela eta, beraz, azpiegitura horiek ez zutela bermatzen estankotasuna. Ondorioz, filtrazio horiek naturara isuri dira azken urteetan, GuraSOSen ustez; hain zuzen, 2022ko uztailaren 13an antzemandako isurketa batzuen harira hasi zen kausa, eta 2020an izandako amoniako isuriak ere eraman dira auzitara.
Enpresa askotako zuzendari eta teknikariak daude deituta, beraz, azaroaren 4rako, 5erako eta 6rako ikertu gisa deklaratzera, Guardia Zibilak uste baitu isurketen arrazoiak egiturazkoak direla. Horregatik, eraikuntza enpresetako, enpresa kudeatzaileetako eta aholkularitza enpresetako goi kargudunak daude deklaratzera deituta: Ekondakin, Ekobal, LKS... Hala ere, Joseba Belaustegi GuraSOSeko kideak uste du Guardia Zibilaren txostenak «hutsuneak» dituela, ez baitu kontuan hartu elkartearen ustez erantzule nagusia dena: GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa. Izan ere, Belaustegik azaldu duen moduan, GHK da zerbitzuaren eta ingurumen baimen bateratuaren titularra; hori dela eta, GuraSOSek borroka egingo du epaitegietan erantzukizun penalak GHK-ri bideratzeko.

Hori dela eta, Belaustegik azaldu du elkarteak itxaron egingo duela ikertuek deklaratu arte, eta gero hasiko dira lanean GHK-ren arduradun nagusiak —Jose Ignacio Asensio, Cesar Gimeno eta Nagore Peñalba— ere ikertuak izan daitezen.
Auziak bat datoz
Zubietako erraustegiaren bueltan badira hainbat auzi epaitegietan, baina Belaustegik uste du denak bat datozela, arazoaren erroa proiektua bera delako. Adierazi du Guardia Zibilaren txostenak erakusten duela erraustegiaren eraikuntzak dituen egiturazko arazoengatik eta horiek ez konpontzeagatik izan zirela isurketak; horregatik daude lotuta. Adibidez, Belaustegik esan du errauste plantaren zuloa lixibiatuz beteta egon dela urte eta erdian baino gehiagoan, eta lantegiaren estankotasuna bermatu izan balitz hori ez zela gertatuko. Hain zuzen, Belaustegik esan du lixibiatu horiek direla erraustegiak Sader enpresara (Bilbo) eta Artaxoako Ecofert plantara (Nafarroa) bidali zituen berberak.
Lixibiatuen kasuak tirabirak sortu zituen Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatuaren sailaren eta Nafarroako Gobernuaren artean, eta GuraSOSeko kideak gogorarazi du nahita gaizki sailkatuta bidali zirela lixibiatu horiek Saderrera eta Ecofertera. Gainera, kasu hori artxibatu egin zuen Donostiako Epaitegiko Silvia Villanueva epaileak, Sader enpresaren beraren txostenean oinarrituta, ebatzi baitzuen lixibiatuak ez zirela toxikoak. Hala ere, Belaustegiren esanetan Guardia Zibilaren txosten berrian zehazten da lixibiatuak toxikoak direla, Bartzelonako Toxikologia eta Zientzia Forentseen Institutuak ikertutako laginetan oinarrituta. Hori dela eta, Belaustegirentzat «koherentzia falta» da, alde batetik esaten baita ez zirela toxikoak, baina ikerketa berrian azaltzen da baietz.
Zehazki, «ionizatu gabeko amonio kontzentrazio handiak eta eroankortasun handikoak» ikusi dituzte lixibiatuetan, eta nabarmendu dute horrek kalte handiak sortu ditzakeela ingurumenean. Kromoa, zinka, beruna eta nikela topatu zituzten, baita burdin, manganeso eta aluminio kantitate «oso handiak» ere. Ftalatoak eta adipatoak ere antzeman zituzten, substantzia plastifikagarri batzuk, «uretako organismo batzuentzat eta ingurumenarentzat oso toxikoak direnak».
Hamazazpi horiek kontuan hartuta, guztira 32 pertsona ikertzen ari dira auzi horietan, Belaustegik nabarmendu duenez, eta uste du horrek Zubietako errauste plantaren auzia «makrokausa» bihurtzen duela, nahiz eta auzi bakoitzak bere bidea duen. Orain ireki berri denari artxibatuta dagoen baino helegitea jarrita duena gehitu behar zaio, lixibiatuen kasuarena; uste dute helegiteari datozen hilabeteetan erantzungo diotela. Bestalde, 2020ko amoniako isurien kasua irekita dago oraindik, non GHK-k inputatu gisa deklaratu behar izan zuen.