Hamazazpi urteko zigorra gizon bati, Iruñeko kiroldegi bateko aldageletan hainbat gizon biluzik grabatzeagatik

Gutxienez hamazazpi pertsonaren argazkiak eta bideoak egin zituen akusatuak 2023an 2024an, Amaya Kirol Hiriko instalazioetan. 56.000 euroren kalte ordaina pagatu beharko du, baina ez da kartzelara sartuko.

Foruzaingoaren egoitza nagusia, Beloson (Iruñea). JESUS DIGES / EFE
Foruzaingoaren egoitza nagusia, Beloson (Iruñea). JESUS DIGES / EFE
Ion Orzaiz.
2025eko urriaren 17a
09:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iruñeko 3. Zigor Auzitegiak hamazazpi urteko kartzela zigorra ezarri dio 65 urteko gizonezko bati, Amaya Kirol Hiriko igerilekuko aldageletan grabazioak egiteagatik. Gutxienez hamabost gizonezko grabatu zituen biluzik, dutxan zirela edo arropa aldatzen ari zirela: hamalau heldu, adingabe bat eta identifikatu gabeko beste bi pertsona. 2023an 2024an hartu zituen irudiok, sakelako telefonoarekin. Zigorra handia izanagatik ere, akusatua ez da kartzelara sartuko: epaitegiak ebatzi du urte kopurua handia dela intimitatearen aurkako delitu ugari pilatu direlako, baina horietako bakoitzak ez duela bi urteko espetxealdia gainditzen, eta, hortaz, espetxealditik salbuetsi du akusatua. Baldintza bat jarri dio, ordea: lau urte eta erdiko epean beste deliturik ez egitea.

Zigor ekonomikoa bai, hori bete beharko du gizonezkoak: 39.000 euroko kalte ordaina, 4.848 euroko isun bat eta 12.000 euroko beste bat. Bestalde, Amaya Kirol Hiria elkartea akusazioa izan da auzi honetan, eta, kondenak irauten duen bitartean, auzipetuak debekatua izanen du kiroldegira sartzea.

Akusatuak delitua aitortu izana ere aringarritzat jo dute auzian, hasieran 37 urteko espetxe zigorra eskatzen baitzuten harentzat.

65 urteko iruindarra 2023. urtean hasi zen igerilekuko aldageletan eta dutxetan gizonak sakelakoarekin grabatzen. Hori egin zuen egunetako batean, aldagelan zeuden gizonezkoetako bat konturatu zen akusatua irudiak hartzen ari zela, eta gertatutakoa jakinarazi zion klubari. Salaketa eginda, Foruzaingoa beste egun batean bertaratu zen kirol elkartera, eta akusatua harrapatu zuen sakelako telefonoa manipulatzen. Gizonezkoak eginikoa aitortu zuen, eta foruzainei erakutsi zuen zer dispositibotan gordetzen zituen argazki eta bideo guztiak. Bideoez gain, 279 argazki ere gordetzen zituen zenbait gailu elektronikotan, baina, Foruzaingoak adierazi zuenez, ez zizkion inori bidali.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.