Katalunia. Independentziara bidean

Hangoa, etxekoen begietatik

Oro har, zehaztasunak zehaztasun, poza nabaritu dute inguruan Katalunian bizi diren euskal herritarrek erreferendumari buruzko berriak jakitean. Euskal Herrira begiratuta, ordea, zalantza gehiago pizten zaizkie.

Hodei Iruretagoiena - Oihana Elduaien
2013ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Herenegun finkatu zituzten Katalunian erreferendumerako eguna eta galdera, azken urteetan aurrera daramaten prozesuari mugarria jarriz. Albistearen berri izan zenetik denbora gutxi igaro arren, poza eta esperantza nabaritu dituzte, oro har, katalanen artean. Azkenaldian egon zitezkeen zalantzak uxatu direla diote, «serio», benetan ari direla.

Batzuek gehiago kasu egiten diote Euskal Herriko egoerari besteek baino, baina guztiek argi daukate oso desberdinak direla. Eztabaidak eragina izango duela uste dute, baina ez dakite zenbateraino. Ez dute uste Euskal Herrian Katalunian gertatutakoa gertatuko denik.

GORKA KNORR Politikari ohia eta kantaria

«Euskal Herriko lagunek ez dute ulertzen hemen zerbait serioa gertatzen ari dela»

1. Irailaren 11n bi milioi pertsona atera baziren kalera. Imajina daiteke nolako giroa dagoen Katalunian. Jendea oso pozik dago. Hau prozesu soziala da politikoa baino, eta, alde horretatik, gizartean, oso ongi hartu da, poz handiarekin. Oro har, badakigu zein diren pozik ez daudenak. Egun handia izan zen, eta oso eguraldi polita atera da, gainera.

2. Atzo konpromiso bat bete zen, urte bukaera baino lehen hartu beharrekoa. Oso positibotzat dut. Konpromiso bat zelako, eta hartutako erabakia oso garrantzitsua delako: katalanen erabakitzeko eskubidea. Oso garrantzitsua da hemen jokatzen ari den partida, baita Europako estaturik gabeko nazioentzat ere. Euskal Herriko lagunek ez dute sinisten hemen zerbait serioa gertatzen ari dela. Baina hemen gertatzen ari dena oso serioa da, eta, are gehiago, zentro politikoak, Convergenciak, aurrera jotzeko erabakia hartu zuenetik. Hemen gizartea dago inplikatuta, ez bakarrik alderdi politikoak: era guztietako eragileak, sindikatuak... Euskal Herritik begiratuta, zaila da ulertzea zer gertatzen ari den. Han, gure arazo politikoa daukagu, eta ez da lortu martxan jartzea halako tresnarik.

AITOR ARRUTI Bartzelonako Euskal Etxeko lehendakaria

«Nahi nuke hangoari bultzada ematea. Bestela, Kataluniako nazionalitatea hartuko dut»

1. Atzo bilera bat neukan Gasteizen, lehendakaritzan, eta gaur Iruñean nago. Beraz, ezin dut hango kaleko erreakzioari buruz hitz egin; baina izan ditudan harremanak kontuan hartuta, jendea oso emozionatuta dago, sorpresaz jaso baitute berria.

2. Hasieran zalantzak izan banituen ere, gero eta argiago ikusi dut, eta atzokoarekin argi ikusten da prozesua serioa dela, eta aurrera doala. Euskal Herrira itzultzean, jendeak ez du sinisten; pentsatzen dut atzokoarekin iritziz aldatuko zutela. Orain arte ez zen ikusten prozesuaren benetako neurria. Katalanak beti ikusi ditugu bigarren mailakoak bezala, eta Euskal Herrian hori ikusten zuen jendeak. Ea behingoz aldatzen den hori. Gero, nahiko nuke honek moduren batean Euskal Herriari ere bultzada bat ematea, eta atetxo bat irekitzen bada, hori aprobetxatzea. Bestela, Kataluniako nazionalitatea hartuko dut.

ARITZ GALARRAGA Unibertsitateko irakaslea eta kazetaria

«Tamalez, ezer gutxi ekarriko duela uste dut, egoerak erabat ezberdinak baitira»

1. Euforia apur bat piztu duela ikusi dut. Ezagutzen dudan jendeak oso begi onez hartu du berria, bai egunarena, eta bai galdeketarena. Bozkario apur batekin, izan ere, aspalditik espero zen eguna eta galdera finkatzea, eta horren irrikan zeuden, hori espero zuten lehenbailehen. 2014rako izango zela espero zuten, baina zalantza asko zeuden oraindik. Galderarekin ere bai: zein motatakoa, argia izango den, nahasmendurako ere emango duen... Azkenean, ematen du ez dela izango, behintzat, nik desio bezain argia; hau da, galdera bakarra, independentziari buruzkoa. Gaur egun gizarte katalanari gauzak ahalik eta argiena galdetzen bazaizkio, erantzunak ere argiak izango baitira.

2. Tamalez, uste dut ezer gutxi ekarriko duela, berehala behintzat. Euskal Herrian eta Katalunian dauden egoerak erabat ezberdinak dira. Hor, urte luzeetako biolentzia adierazpenak-eta bukatu dira orain dela gutxi, eta beste gauza batzuetara gaude, gizartea berriz osatze aldera. Hemen, aldiz, abiada handian doaz. Urte edo mendeetan zehar, hainbat saialdi egin dira, Kataluniatik Espainia eraikitzeko. Azken bost urte inguruan iritsi dira ondoriora: ez dago modurik Espainiarekin elkar ulertzeko, Espainiak ez du sekula Katalunia den bezala onartuko. Nire ustez, Euskal Herrian ez dugu egin hausnarketa hori, agian hainbeste motibo ere ez dugulako. Hau da, gure enkajea Espainian agian da atseginagoa. Arazoak mota guztietakoak dira, ekonomikoak eta bestelakoak. Euskal Herrian agian ez gaude hain deseroso Espainiaren baitan. Behintzat, ez dugu egin gizarte gisa hemen egin duten kritika hori. Iruditzen zait hori dela ezberdintasunik handiena.

MARTIN ARANBURU Politologoa

«Uste dut ez dela jendeak nahi zuen galdera, eta harritu naiz baikor hartu delako»

1. Galdera ikusi nuenean, frustrazio moduko bat espero nuen. Pentsatzen nuen jendek galdera argiago bat nahi zuela, hau ez dela jendeak espero zuen galdera. Baina harritu nintzen ikustean baikor hartu zutela. Nolabait, esanez: «Ez da galdera perfektua, baina tira, badaukagu galdera, bozkatu behar dugu». Alde horretan, nahiko harritu nintzen. Horrek esan nahi du irrikan zeudela, eta inpresioa ematen zidan, hori galdetu edo beste zerbait galdetu, jendeak bozkatu egin nahi duela. Jendea pozik dago, eguna badagoelako.

2. Sekulako inbidiarekin. Orain dela hogei urte hasi nintzen bueltaka Katalunia eta Euskal Herria artean. Orduan, Euskal Herriaz beti esaten ziguten: ondo ari zarete. Orain, atzean geratu dira, eta ez dut uste inolako perspektibarik dagoenik hemen dagoenaren antzeko zerbait egiteko. Alderdiak elkarren kontra ari dira, batez ere, EAJren eta ezker abertzalearen artean. Hemen ikusten da gizartea nola mobilizatu den, Convergencia bat nola mugitu den, Esquerrak nola utzi duen bere motxila, nola jartzen diren ados.

MARIA COLERA UBEko irakaslea

«Eskubideak, borondatetik harago, politizatu, egituratu eta antolatu egin behar dira»

1. Gehienbat ikusten da interes partidistak, partitokrazia nagusitu dela. Prozesua puntu honetara iritsi bada, izan da alderdiak behartuak ikusi direlako, eta galdera honekin men egiten zaio CIUko zati bati, Duran i Lleidari eta haren lagunei, eta Iniciativari. Kezka da ez zela hau jendeak nahi zuen galdera. Eskatzen zen galdera bat argia, erraza, baiezkoarekin edo ezezkoarekin soilik erantzun zitekeena, eta independentziaren gainekoa. Gainera, galdera honek irekitzen dizkio ateak estatuarekin paktu bat egiteari. Paktistei bideak eta aukerak zabaltzen dizkie, eta independentzia gehiago zailtzen du. Parlamentuak eskari argi bat zeukan herritarrengandik, eta ez dio erantzun. Horrek gauzak zailtzen ditu barru aldera, emaitzek ez dutelako erantzun argirik ematen. Gero nola interpretatzen da Kataluniako erkidegoak independentziaren alde botoa eman duela? Definitu beharra dago zer den estatu ez-independente bat.

2. Ez dakit zein bertute izango duen. Orain, konfrontazio demokratikorako jokaleku bat irekitzen da Katalunian, baina, gauzak doazen moduan, Ibarretxe bi-ren traza handia har liteke. Iruditzen zait Euskal Herrian Kataluniari buruz egiten den analisia bertako interesen galbahetik pasatakoa dela. Ezin da parekatu zuzenean, alde handiak daude. Nire iritziz, Euskal Herriko prentsan independentismoaren zati bat ateratzen da, baina ez azken 30 urteetan, artean independentismoa modan ez zegoenean, kaleetan borrokan aritu diren horiek. Halako loraldi bat gertatu da orain, independentismo sentimental ez-politizatu batena. Arriskua egon liteke pentsatzeko borondate hutsak, taktika eta estrategiarik gabe, independentzia ekar lezakeela, eskubidea dagoelako. Baina eskubide horiek politizatu, egituratu eta antolatu egin behar dira.

JAVIER DIAZ NOCI Bartzelonako unibertsitateko katedraduna

«Susmoa dut EAJrentzat eta hango agintarientzat ez dela erosoa izango»

1. Independentziaren alde edo estatuarekin nazkatuta dauden katalanak asko dira, eta pozik eta esperantzaz hartu omen dute berria. Gauza argi ikusten ez dutenek, edo Espainiaren erantzunaren beldur omen direnek, ez dute hain argi hartu. Dena den, denbora gutxi pasatu da. Pentsatzen dut alderdi horiei botoa eman dietenek pozik hartu dutela berria.

2. Hemen bizi eta herritartasuna dugun euskaldunok, botoa hemen ematen dugunak, legez ez gara euskaldunak. Botoa hemen ematen dugu, ez han. Beraz, zaila da esaten. Hori hor zaudetenok ikusten duzue. Nire galdera da honek zer esan nahi duen hango agintarientzat. Gauzak zein zentzutan mugituko diren, zein izango den Eusko Jaurlaritzaren eta alderdi politikoen jarrera. Batez ere, duda da EAJren jarrera zein izango den: zer esango duten, noiz, eta noraino iritsiko diren.

Ez dakit zein den han kaleko erantzuna, baina susmoa daukat EAJrentzat eta agintarientzat ez dela erosoa izango zentralitateari eusteko eta diskrezioa gordetzeko, presio egingo dietelako sektore batzuek eta besteek. Dena den, hor badago faktore bat: kontzertu ekonomikoa. Neurri handi batean, Euskal Herria (batez ere, EAEn esan nahi dut) estatuagoa da Katalunia baino. Gainera, estatu federala da, aldundiek sekulako boterea baitute. Hemen esaten dutenean estatu egiturak nahi dituztela, Euskal Herrian badauzkagula pentsatzen dut. Nolabait, eman dezake Kataluniak aurrera pauso bat eman duela, baina han badaukazue Kataluniak ez daukana.

IÑAKI VIÑASPRE Enpresaburua

«Klase politikoak esaten duenaren inguruan sinesgabekeria dago»

1. Klase politikoak esaten duenaren inguruan sinesgabekeria dagoela uste du. Beraz, esperoan dago jendea. Esperoan, zain. Inork ez du sinisten politikariek esan dutena egingo dutenik. Nik neuk ere ez dun sinisten egia esan. Oso harrapatuta daude, eta zaila daukate prozesua bururaino eramatea. Aurrera baldin badoaz, gizartearen presio ikaragarria dutelako da. Eta bide batez, urtebeteko bizia irabazi dute, eta beraientzat asko da hori.

2. Euskal Herrian eragina izango du noski. Guztiak eragiten du. Demokrazia kuota handiagoa eskatzen duen edo bide horretan doan edozein prozesuk eragin egiten du. Baina, frustrazio handiak sortzeko aukera dago. Atzora arte, Kataluniako gizartearen frustrazioa handia zen. Orain ostikoa eman dute, urtebete irabazi dute, eta ikusi egin beharko da. Jendea erne dago, so. Urtebete dago, kasu batzuetan itxaropenezkoa ere izan daitekeena, baina azkenean, hau guzti hau ezertan ez bada gelditzen, frustrazio handia sor dezake.

Prozesu demokratikoan aurrera egiteko egiten den guztia ondo dago, eta ona da, baina klase politikoa gizartearen heldutasunetik oso urruti dago. Nik zalantza handiak dauzkat, hauek esaten ari diren guztia egingo duten, nahiz eta gizartearen presio ikaragarria duten. Ikusiko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.