Ordu erdi falta da eguna iluntzeko. Driss (58) eta Zuhair (33) sukaldean ari dira buru-belarri. Harira zopa prestatzeko jarraibideak eman dizkio lehenak Donostiako Harrera Sareko Ane Gerendiaini: tipula handi bat eta hiruzpalau tomate xaflatan moztu, irabiagailu batekin txiki-txiki egin, eta kazola batean oliba-olio txorrotada bat berotzen jarri; ondo berotu ondoren, barazkiak, karratutan moztutako haragi pusketak —txahala—, eta martorri hostoak bota. Gero, gehitu pare bat ur baso, txitxirio egosiak eta fideoak. Zopa loditzeko, koilarakada bat irin bota, eta patxadaz eragin. Lau minutu falta dira ramadan garaiko iftar-aren ordurako, eta dena txukun-txukun jarrita dago mahai gainean.Â
18:53. Lau gizonen telefonoek aldi berean jo dute: maghrib-aren (ilunabarra arabieraz) ordua da. Ibrahimek (29) qamis urdin bat jantzi du otoitz egiteko. Mekara begira jarri du leku sakratuaren silueta marraztuta duen alfonbra, eta ahots gora egin du otoitz. «Berari hala egitea gustatzen zaio», esan du Gerendiainek. Musulmanentzat urteko hilabeterik bereziena da ramadanarena: 29 edo 30 egun irauten du, eta egutegi musulmaneko bederatzigarren ilargi beteari hasiera ematen dion lehen laurden gorakorra hurbiltzen denean hasten da. Gutxi gorabehera, urtetik urtera 11 egun atzeratzen da ospakizunaren hasiera.Â
Datilak, ura eta harira zopa. Horixe jan ohi dute baraualdia hausteko Drissek, Zuhairrek eta Aminek (25); Ibrahimek nahiago izaten du irabiatu bat edan: «Gehiago izaten dut egarria gosea baino, eta irabiatuarekin nahikoa dut». Ahuakatearekin, platanoarekin eta pistatxoarekin prestatu du, eta sei edalontzitan banatu. Halere, mahaia ramadan garaiko plater ezagunez beteta dago: Msemen-a —eztiarekin, olibarekin edo gaztarekin jaten den krepe bat, gari irinez egina—, Marokoko ogia, oilaskoa tajin erara eta arrautza egosiak. Edateko, ura eta te beltza. Harira zopa dastatu, eta irri txiki bat egin du Aminek: «Ane, honi gatz apur bat falta zaio, e».

Ramadanean hainbat arau bete behar dira: debekatuta dago egun argiz jatea eta edatea —ura ere ez—, alkohola edatea, tabakoa erretzea eta drogak kontsumitzea, sexu harremanak izatea, eta zenbait ekintza egitea, hala nola gezurra esatea. Dena den, badira zenbait salbuespen: gaixo egotea, haurra izatea, haurdun edo hilerokoarekin egotea edo bidaiatu behar izatea. «Jainkoak badaki norbait gaixo edo ahul baldin badago, eta ez dio kargu hartzen», nabarmendu du Drissek.Â
Horrez gain, egunean otoitz egiteko bost ordu daude: Fajr, egunsentiaren aurretik; Dhuhr, eguzkia puntu altuenetik igaro ondoren; Asr, arratsaldeko azken partean; Maghrib, ilunabarraren ondoren; eta, azkena, Isha’a, gauean. «Batzuek ramadan garaian bakarrik egiten dituzte, baina, berez, bost otoitz ordu horiek egunero egin beharko lirateke», argitu du Drissek.
Egin ezin diren gauzen zerrenda alde batera utzita, baina, hausnarketari, kontenplazioari eta ingurukoen zaintzari eskaintzeko ospakizun bat da ramadana. «Niretzat, gorputza eta burua garbitzeko garai bat da», esan du Ibrahimek. Eta hau gehitu du: «Jatekorik ez duen jende asko dago munduan, pobrezian bizi dena; haiekin akordatzeko eta bat egiteko modu bat ere bada». Iritzi berekoa da Zuhair. Drissentzat, berriz, balio espiritual handia du: «Jainkoarengandik gertu egoteko garai bat da, fedean sakontzeko eta harengandik gertuago egoteko». Hileko egun batean beren momenturik gogokoena zein den galdetuta, Ibrahimek irribarrez eta besoekin keinu eginez kontatu du berea: «Jateko edo zigarro bat erretzeko gogo handia etortzen zaidanean baina pentsamendu horri izkin egin eta tentazioari eusten diodanean». Aminek, berriz, goizeko aurreneko mokadutxoa gozatzen du gehien.Â
Komunitatean
Ilunak hartu du eguna, eta egongelako argiak epeltzen du giroa. Bukatu dituzte Ibrahimek prestatutako irabiatuak, eta hustu dira harira zopaz betetako katiluak. Postrerako gorde ohi den xebakia platera gainezka dago oraindik. Horiek supermerkatu marokoar batean erosi dituzte; Ibrahimek nabarmendu duenez, eskuekin eta hatzekin abila izan behar da opiltxoei forma egokia emateko. Duela bi urte iritsi ziren Euskal Herrira, eta zenbait modutara ospatu izan dute ramadana, hala nola elkarrekin, hemen bizi diren beste migratzaile batzuekin edo ezagun eta lagun euskaldunekin. Halere, hemen aurkitu ezin den giro bat sortzen da Marokon. «Oso desberdina da. Marokon bozgorailuetatik entzuten dugu adhan-a [otoitz egiteko deia]», kontatu du Ibrahimek. Amarekin akordatu da Zuhair: «Bereziki maite nuen goizero-goizero hark ni esnatzea».
Kale gorrian bizi dira Driss, Zuhair eta Amine; lo leku bat lortu berri du Ibrahimek. Gerendiainen etxean aise prestatu dituzte jatekoak, baina kalean nola egiten duten azaldu du Drissek: «Gasezko edo butanozko su txikia erabilita». Halere, moldatzen direla diote, eta kontatu dute nola iaz emakume marokoar batek egunero-egunero prestatu eta eraman zizkien otorduak ramadanean. Hiri berean jaiotakoak dira Driss eta Zuhair, baina Donostian ezagutu zuten elkar. Han ezagutu dituzte Amine eta Ibrahim ere. Nork bere bidea egin du Euskal Herrira iristeko, Marokotik Libiara eta Libiatik Europako kostara ailegatuta batzuek; Turkiara hegan eginda besteren batek; baita Melillatik barrena ere. Dena den, argi dute ez liratekeela berriro ere sorterrira itzuliko. Ibrahimek eta Drissek azaldu dute Maroko «aberatsentzat egina» dagoela, eta nahiz eta ikasketak eduki, nahiz eta lan egiteko gogoa izan, ez dagoela ezer haientzat.Â
Harira zoparen eta irabiaturen kondarrak baino ez dira geratzen kazoletan, msemen pare bat saskitxoan eta dozena bat arrautza egosi erdi kristalezko platerean. Erlojuari begiratu dio Ibrahimek; hobe dute laster etxerako bidea hartzea. Leihoaren alboko egurrezko mahaira begiratu du Gerendiainek: «Azkenean oilaskoa ez dugu probatu ere egin». Lagunei mintzatu zaie: «Aizue, jan gabe geratu den guztia eraman ezazue zuekin, ez ahaztu». Baietz egin diote buruarekin, eta, aulkitik altxa baino lehen, gonbita egin du Drissek: «Hurrena, gurean».