bihar berria-n

"Harremana sakondu nahiko nuke EH Bildu, Ahal Dugu eta Irabazirekin"

Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako alkateen elkarrizketa sortan Gorka Urtaran Gasteizkoarena argitaratuko du bihar BERRIAk. Atzo Juan Mari Aburtorena (Bilbo) atera zuen, gaur Eneko Goiarena (Donostia). Etzi, Joseba Asironena (Iruñea).

Gorka Urtaran Gasteizko alkatea, atzo, udaletxean. JUANAN RUIZ, ARGAZKI PRESS
Gorka Berasategi Otamendi.
2016ko ekainaren 9a
13:51
Entzun

Hona hemen, aurrerapen gisa, Gorka Urtaranen (EAJ) esan batzuk:

- "PPrekin izan ezik, gainontzeko alderdiekin harremana oso ona izan da. Eraikitzailea, positiboa. Laguntzeko prest ikusten ditut, eta akordioak hor daude. Espero dezagun horrela jarraitzea datozen urteetan; nik behintzat, jarraituko dut apaltasunez eta eskuzabaltasunez jokatzen. Beste urrats bat egin genezakeela uste dut, harreman politikoak estutu eta oposizioko alderdiek gobernu lanetan parte har dezaten".

- "Badaude zenbait keinu azken urtean gauzak nola aldatu diren islatzen dutenak. Adibidez, Mariturri auzoko mezkitarekin gertatu dena. Duela laupabost urte antzeko egoera bat sortu zen Zaramaga auzoan, eta Gasteizko Udaletik zabaldu zen diskurtso ofizialak gatazka hauspotu zuen. Mariturriko mezkitaren kasuan, berriz, lan egin dugu kolektibo musulmanekin, auzokideekin, auzo elkarteekin, eta esan behar dut auzo elkarteek izugarrizko lana egin dutela. Udalaren diskurtsoa giroa baretzeko izan da, eta elkarbizitza sustatzeko".

- "Akordioen lehentasuna hiria eta hiritarrak izan behar dira; beti saiatuko naiz gasteiztar guztien onerako akordioak lortzen. Nik sakondu nahiko nuke EH Bildu, Ahal Dugu eta Irabazirekin dugun harremana. Hori da nire nahia, eta ateak irekita daude. Irekita zeuden ekainaren 13an, eta horrela jarraitzen dute. Gauza gehiago ditugu amankomunean hiru alderdi horiekin, PPrekin baino. Ez nuke esango PP eskuin muturra denik, baina oso eskuinera lerrotuta dago".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.