Harremanak abiatzeko deia egin die EPPK-k eragileei

Mintzaidetzak bitartekari lana egiteko eskatu die «espetxe politikaren ezagutza zuzena duten lagunei»

Erredakzioa
2012ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) presoen auziaren korapiloa askatzeko saioan jarraitzen du. Hala ohartarazi diote Espainiako Gobernuko Barne ministroari: «Mugitzen ari gara, guztion onerako den ibilbide bat urratuz, prozesu demokratikoan sakonduz, konponbide demokratiko bat erdietsi arte».

Horretarako urratsak zehazten ere ari dira, eta harremanak abiatu nahi dituzte eragile politiko eta sozialekin. Bideak irekitzeko laguntza behar dute, eta eskaera jakin bat egin diete «espetxe politikaren ezagutza zuzena» dutenei: bitartekaritza lana egiteko eragileen eta beraien artean. Presoen egoeraz eta irtenbideaz hitz egin nahi dute eragileekin, eta, gainera, gogora ekarri dute beren mintzaidetza taldea osatuta eta zehaztuta dagoela harreman horietarako.

Hona hemen Euskal Preso Politikoen Kolektiboak BERRIAra helarazi duen oharra, hitzez hitz:

«EPPK-ren Mintzaidetzak ohar honen bidez honakoa jakinarazi nahi dio euskal jendarteari eta nazioarteko komunitateari:

Gobernu espainolak zein frantsesak ere, presoon egoera blokeaturik mantentzen du arduragabeki estrategia politiko makur bati erantzunez. Politikoki blokeaturik baina eskubide urraketan sakontzen jarraitzen dute larriki.

EPPK azken hilabetetan barne eztabaidan murgildu da. Egoera politikoaren azterketa egin eta bere ildo politikoa finkatu du. Lehentasuneko aldarrikapenak zehaztu eta norabide politikoa marraztu ditu, ekainaren 2ko Adierazpenean laburbildu dituenak.

Urrats eta ekimen berriak emateko prestutasuna erakutsi du. Mintzakidetza berriaren hautaketa lehenik eta Zuzendaritza osoarena ondotik, ezagutzera eman ditu.

EPPK-ren Mintzakidetza osatzen dugun seikotea, eragile sozial eta politikoekin gure egoeraz eta irtenbideaz aritzeko prest da. Deia luzatzen diegu harremanetan sartzeko. Zailtasunen aurrean, gure hitza entzunarazteko, eragile sozial eta politikoen jarrera errazteko eta haien posizioa lehen eskutik jasotzeko, bideak irekitzea ezinbestekoa dela deritzogu. Hartara, eskaera zehatza luzatu diegu espetxe politikaren ezagutza zuzena duten lagunei bitartekari lana aurrera eraman dezaten.

Barne Ministro espainolak esan dezakeenaren kontrara, ez dugu eserita geldirik inoren zain egoteko bokaziorik. Mugitzen ari gara, guztion onerako den ibilbidea urratuz, prozesu demokratikoan sakonduz, konponbide demokratikoa erdietsi arte.

Presoak Euskal Herrira! Presoak kalera! Amnistia-autodeterminazioa!

Ana Egues, Xabier Alegria, Marixol Iparragirre, Jon Olarra, Lorentxa Gimon, Mikel Albisu.

EPPKren Mintzakidetza

2012ko ekainean»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.