Harrerari eragin dio gastua preso ohiei laguntzak ukatu izanak

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak preso ohien alde egin arren, legez gizarteratzeko dagozkien laguntzak ukatzen segitu du SEPEk

Harrera laguntza elkarteko kide Jon Ugarte eta Karlos Ioldi, aurreko astean, Andoainen. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena.
Andoain
2016ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
«Askatasuna murrizteko zigorrak eta segurtasun neurriak heziketara eta gizarteratzera bideratuta egongo dira». Hala dio Espainiako Konstituzioko 25. artikuluko bigarren puntuak. Arautua dago, gainera, 18 hilabetez —gehienera jota, sei hilean behin berrikusten baita kasu bakoitza— 426 euroko diru saria jasotzea dagokiola, zigorra bete ondoren, oinarrizko diru sarrerarik ez duen preso ohiari. SEPE Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoa, ordea, laguntza hori ukatzen ari zaie euskal preso ohiei, eta, ondorioz, Harrera laguntza elkarteak egin behar izan du haien kargu. Baita Espainiako Auzitegi Konstituzionalak preso ohien aldeko sententzia eman ostean ere.

Ondorioak ez dira makalak izan Harrerarentzat, elkarteko kide Jon Ugarte eta Karlos Ioldik azaldu dutenez. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Parot doktrina eraitsi eta bi hilera, 2013ko abenduan, PPk eta UPDk aurrekontu legearen eztabaida baliatu zuten, legea aldatu, eta gizarteratzeko laguntza jasotzeko baldintza berriak exijitzeko. Ordutik, Harreraren arabera, 225 euskal preso irten dira kartzelatik.

Guztiek gizarteratzeko laguntza eskatu izan balute, 1.300.000 euro ingurukoa litzateke estatuak ordaindu beharrekoa. Kalera irten diren 225 lagun horietatik, ordea, 93k egin dituzte eskaerak, eta laguntza ukatu dietenez, Harrera elkarteak egin behar izan du haien oinarrizko beharren kargu. Ondorioz, 455.000 euro bideratu behar izan dituzte horretara. Ugarte: «Zama hau gure gain hartu behar izan dugu estatuak ez diolako aurre egin. Horrek guri eragin diguna da desbideratzea gure aurrekontuen ia %45».

Auzitegi Konstituzionalak ekaineko sententzia batean ebatzi zuen lege aldaketa egiteko UPDk eta PPk erabilitako bidea ez zela «egokia» izan, eta, ondorioz, bertan behera utzi zituen haiek ezarritako baldintzak. Izan ere, ebazpenaren arabera, «diru sarrerak eta gastuak aurreikustea» da aurrekontu legearen xedea, eta hor ez du kabidarik PPk eta UPDk letra txikitan sartutakoak.

«Segurtasun juridikorik ez»

Sententzia hura argitara atera zenetik, Harreraren arabera, 26 euskal preso irten dira kartzelatik. PPk eta UPDk legea aldatu aurretik, inoiz ez zuten halako arazorik izan euskal preso ohiek, eta Auzitegi Konstituzionalak baldintza haiek bertan behera utzi arren, SEPEk ukatu egin zien laguntza hiru preso ohiri. Hori dela-eta, LAB sindikatuak prebarikazioagatik salatu zuen erantzunak sinatu zituen arduraduna.

Azken egunetan aurrez helegiteak jarrita zituzten batzuei ordaintzen hasi diren arren, Auzitegi Konstituzionalaren sententziaren ondoren kalera irten eta laguntza eskatu duten beste 23 lagunei ez diete erantzunik eman SEPEkoek, eskaera egin zutenetik hilabeteak pasatu arren. Ondorioz, «segurtasun juridikorik gabe» daudela nabarmendu du Ugartek: «Ez dakigu zergatik hiru hilabete pasatu ostean ez diguten erantzuten. Ez dakigu nondik aterako diren, baina badirudi borondate onik ez dutela, eta zerbait asmatzera doazela».

Espainiako Auzitegi Konstituzionala, izan ere, ez zen auziaren mamian sartu. Bai, ordea, EAEko Auzitegi Nagusiko epaileak, Mikel Zarrabe eta Luis Mari Azkargortaren kasuan. 2015eko urtarrilean auzia Konstituzionalera igorri zutenean, ebatzi zuten Parot doktrina bertan behera geratu ondorengo erabaki bat izan zela aurrekontu legea aldatzea, eta «indemnitate printzipioa» urratu zuela Mariano Rajoyren gobernuak. Hau da, inor ezin dela jazarria izan dagozkion eskubideak defendatzeagatik. Bi preso ohiei «zigor bikoitza» ezarri zietela ere esan zuten epaileek, eta «diskriminatu» egin zituztela, zigorra betea duen preso ohia eskubideen guztien jabe delako, egotzitako delituak edozein izanik ere.

«Inplikatzeko» deia

Auziaren mamian ere irabaztera jo beharra argi dute Harrerako kideek, Konstituzionaleraino iritsita. Izan ere, beste zeregin batzuetarako aurreikusitako dirua bideratu behar izan dute preso ohi horiei oinarrizko laguntza ematera; adibidez, osasungintzatik edo adinagatik lan merkatura bideratu ezin dituzten pertsonen laguntzetatik. Gainera, hainbat udalekin egindako hitzarmenak baliogabetu dizkiete, Espainiako Gobernuaren helegiteengatik. Diru hori itzuli egin behar izan dute.

Egoera hori gizarteari azaldu nahi izan diote, batetik, Espainiako Estatuari preso ohien eskubideak errespetatzeko eskatzeko, eta, bestetik, herritarrei elkartearekin «inplikatzeko» deia egiteko. 2.800 bazkide dituzte uneotan —60 euro jartzen ditu bakoitzak, urtean—, eta beste hainbatek ere ematen diete laguntza. Ioldi: «Gure helburua da hau salatzea, eta gizarteari erakustea eskubide urraketa hauek gure gain hartu behar izaten ditugula».

Informazio gehiago nahi izatera, jo hona:

www.harreraelkartea.wordpress.com
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.