Harresiak, mugimenduan

Eskubide zibil eta politikoen mugimendua nola indartu aztertuko dute gaur Donostian.Urraketa orori erantzungo dion nazio mailako 'herri harresia' osatzea dute helburua

jokin sagarzazu
Donostia
2015eko apirilaren 11
00:00
Entzun
Kamisetekin, zapiekin, globoekin edota aterkiekin. Osagai horiekin, eta pertsonekin bereziki, harresiak eraiki daitezkeela erakutsi dute milaka herritarrek azken urteetan. Horma «zabalak, borrokalari eta alaiak, autonomoak, eta irabazleak», oinarrizko eskubideen urraketak salatzeko.

Hain justu bi urte beteko dira gaur Donostiako Bulebarrean ehunka herritar bildu zirela Segi gazte erakundeko kide izatea egotzita Espainiako Justiziak zigortutako zortzi gazteri babesa agertzeko, eta haien espetxeratzea saihesteko herri harresi bat sortu zutela. Ordutik, hainbat herritan egin dituzte gisa horretako ekinaldiak, antzeko egoeran zeuden herrikideak babesteko, eta antolatu dituzte eskubide zibil eta politikoen aldeko taldeak, Libre etiketarekin.

Egindako bidean, baina, urrats berriak behar direla, eta herrietako dinamiketatik nazio mailarako jauzia egin behar dela iritzita, 20 bat herritan sortutako taldeek eta Eleak mugimenduko kideek hausnarketa prozesu bati ekin diote. Gaur bilduko dira Donostian, Konpromiso Egunaren harira antolatutako topaketetan. Hausnarketa horien nondik norakoak ezagutzeko Eleak mugimenduko koordinatzaile Txerra Bolinagarekin eta Libre Donostia dinamikako kide Agus Rodriguezekin hitz egin du BERRIAk.

ZABALA

Bolinaga eta Rodriguez «pozik» daude orain arte eginiko bidearekin. Azpimarratu dute azkenengo urteetan euskal politikan «gauza asko» aldatu direla, eta horien artean, bereziki, azpimarratu dute herritarrek «injustizien» aurrean mobilizatzeko erakutsi duten gaitasuna. Izan etxe desjabetzeengatik, izan lan baldintzengatik, izan eraso xenofobo eta sexistengatik, edo izan «auzi politikoak» salatzeko, jendea kalera irten dela nabarmendu dute. Auzi politikoen kasuan, baina, Bolinagak uste du auziekin batera «hasi eta bukatu» den lanari jarraipena eman behar zaiola, «egonkortu eta koordinatu» behar direla taldeak, «makroepaiketa politikoetatik» haratago, eskubide zibil eta politikoen inguruan mugimendu «zabalago» bat sortzeko, isilarazteko legea dela edota «eskubideen urraketak dakartzaten» beste neurri batzuk direla, «etor daitekeen errepresioari» aurre egiteko «eraginkorra» izango den «Euskal Herri mailako herri harresi bat sortzeko». «Indartu nahi dugu eskubideen aldeko mugimendua: ez izatea unean unekoa eta tokian tokikoa, iraunkorra baizik. Eta lortu behar dugu defentsa edo erresistentzia ikuspuntu batetik borroka ideologikorako jauzia egitea», azpimarratu du.

Prozesua, baina, hasi baino ez dutela egin azaldu du Eleak-eko kideak, eta herrietan orain izaten ari den eztabaida dela zehaztea zein izan beharko lukeen etorkizuneko mugimendu horren lan esparrua; eskubide politikoen defentsatik haratago jardun behar duen, beste eskubide urraketa batzuk salatu behar dituen: hizkuntzarekin loturikoak, generoarekin, abortuarekin, enpleguarekin, etxebizitzarekin, ingurumenarekin... Bolinagak argi dauka: «Disidentzian kokatzen dut geure burua. Eredu soziala eta politikoa aldatzeko eskubidearen defentsan, eta gai horiek guztiek ere izan behar dute lekua».

Donostia Libre-ko Rodriguezek ere ikusten du beharra bi dinamikak, herriz herrikoa eta nazio mailakoa uztartu eta koordinatzeko. «Orain arte defentsiban aritu gara. Epaiketa politiko bat hasten zenean, dinamika bat sortzen genuen, eta epaiketa amaitzen zenean, bukatu. Haratago jo nahi dugula ondorioztatu dugu Donostian». Rodriguez bat dator Eleak-eko kidearen ikuspuntuarekin, eta «eskubide urraketa oro» salatu behar dutela uste du. «Diskurtso oso bat izan nahi dugu: eskubide zibil eta politikoen aldekoa. Eta hori bateragarria da alor jakin batzuetan dabiltzan besteen lanarekin. Ez gatoz inor ordezkatzera».

BORROKALARIA ETA ALAIA

«Mugimendu zabala» osatu nahi dutela berretsi du Bolinagak, baina aitortu du ez dela erraza. «Pluraltasuna» nola jaso, nola bermatu; hori ere egongo da gaurko eztabaidaren erdian. «Gure metodologiaren arabera, herrietako batzarrak izan behar dira muina: irekiak izan behar dira, jende guztia gonbidatu behar da, mezu inklusiboak egin... Horrelako gauzekin lortzen da jendea erakartzea. Jendeak zerbaiten parte sentitu nahi du, bere iritzia kontuan hartzea, protesten antolaketan parte hartu... Donostiako herri harresian ikusi genuen hori».

Donostiakoa «mugarri» izan zela uste du Bolinagak, eta gaurko eztabaidara begira, garrantzitsutzat jotzen du orduko «arrakastaren» gakoak aztertzea, «gerora nahastu diren zenbait ideia argitzeko eta espiritu hura berreskuratzeko». «Ordukoa bezala, jarrera izan behar du borrokalaria eta desafiantea, baina baita ere ez-biolentoa, alaia, irekia...», zehaztu du Eleak-eko kideak. Horrekin lotuta, uste du komunikazioa eta hizkera «asko zaindu» beharreko kontua dela, modu batera edo bestera komunikatzeak, aldeko ala kontrako emaitzak ekar ditzakeelako. «Irabazteko borrokatzen gara, eta, horretarako, oso garrantzitsua da orain arte borroka molde batzuetan eroso egon ez den jendea erakartzea».

Ados dago horrekin Rodriguez, eta Gipuzkoako hiriburuko esperientziari buruz eta ondoren izandako eboluzioari buruz antzeko ondorioa atera du: «Egia da Libre dinamikaren hastapenetan hor parte hartu genuen pertsonak ginela sumario politikoetan auzipetutakoak [35/02 auzian epaitu dute bera]. Baina gerora etorri dira beste esparru batzuetakoak. Horrek zabaldu egin du gure lan eta harreman esparrua». Rodriguezentzat ere «berreskuratu» egin beharko litzateke duela bi urteko herri harresiko «espiritua». «Orduko bat-batekotasuna, lortu zen erantzun zabala. Han ez zen soilik ezker abertzalearen ideologiarekin bat egiten duen jende bildu, oso zabala izan zen. Gakoa da hor sortu zena mantentzea; eskubide urraketaren bat ematen den aldiro txip hori aktibatzea. Eztabaida hori jarri dugu mahai gainean, eta ari gara».

IREKIA

Argi dauka, halere, Rodriguezek «hasi berriak» direla harremanak lantzen, eta ezin dutela «besteek» orain arte egindakoa kontuan hartu gabe jardun; uste du, gainera, «asko» dutela ikasteko. «Hori ikusi dugu isilarazteko legearen kontra egin diren protestetan: gu ez gara izan antolatzaileak, gu izan gara beste talde bat dinamika horretan. Gu ez gara bakarrak, ez ezeren aitzindariak... Gure helburua izan behar da Donostian ere badagoen masa kritikoa gorpuztea».

Bolinaga ados dago horrekin, eta azpimarratu du, Eleak-en kasuan, besteen lana errespetatu egin dutela beti, eta alderantziz ere, inork ez diela leporatu beste inorena bere egitea. «Harremanak beti izan dira onak. Gu ez gaude inor ordezkatzeko. Batzen gaituena bilatu dugu beti».

Euskal Herriko bertako beste talde batzuei ez ezik, mugimenduak nazioartera ere irekia izan behar duela uste dute biek. «Nazioarteko mugimenduko desobedienteekin harremanak landu behar ditugu; lagungarria izan daitekeelako guretzat aurrera begira», azaldu du Bolinagak. Horren harira, Rodriguezek gogoratu du nazioarteko mugimendu horiek asko lagundu zutela duela bi urte Donostian gertatutakoa zabaltzen, sare sozialen bidez, bereziki. «Trukean ere guk ere itzuli behar diegu elkartasuna». «Eta ari gara», erantzun dio Bolinagak. «Espainiako Estatuko mugimenduekin, besteak beste».

Epeei buruz ez dute hitz egin nahi Bolinagak eta Rodriguezek. «Poliki-poliki» ari direla, eta gaurko topaketetan «zenbait zalantza» argituko dituztelakoan daude. Aurrera begira, uste dute laster egitekoak diren epaiketek «garrantzi handia» izango dutela. «Ez dugu nahi prozesua baldintzatzea, baina izango dute pisua; Askapenarenak, bereziki».

AUTONOMOA

Barne antolakuntzari dagokionez, berriz, «horizontala eta irekia» izan behar du mugimenduak, Bolinagaren arabera. «Geroz eta jende gehiagok eta ezberdinagok elkar ulertu beharko dugulako». Herrietako dinamikak jotzen ditu mugimenduaren «bihotza», baina «eraginkorra» izan nahi bada, indarrak «batu eta koordinatu» behar direla uste du. Ideia horri jarraiki, Eleak mugimendua litzateke garuna, «koordinazioa eta hausnarketak bideratuko dituena». Rodriguezek ez du gaizki ikusten planteamendu hori: «Nire ustez, nazio mailako koordinazio talde bat egon behar du herrietako harresiak koordinatzen, eta Eleak izatea egoki ikusten dut. Baina herrietako taldeetan horizontaltasuna bermatuta. Jarrera irekia eta elkarlana dira arrakastaren gako». Ados dago Bolinaga: «Ezin ditugu aitzineko akatsak errepikatu».

Beste inor ez ordezkatzea, ez eta inoren menpe aritzea ere. «Alderdien eskemetatik kanpo» kokatu beharko luke bere burua mugimenduak, Bolinaga eta Rodriguezen ustez. Eleak-eko kidearen arabera, baina, horrek ez du esan nahi alderdi politikoengan eragin nahi ez dutenik, kontrakoa baizik. «Zenbat eta alderdi gehiago posizionatu gurekin batera, are eta hobeto. Gu kokatzen gara lege injustuen aurrean, justiziaren balioetan», azaldu du.

IRABAZLEA

«Bada garaia konfrontazio politikoa indartzeko. Denen aurrean jarri behar da zer dagoen, eta bakoitzak ikusi behar du non posizionatzen den», azpimarratu du Bolinagak. Rodriguezek ere alderdietatik kanpo kokatzen du halako mugimenduen lana. Herritarrei mintzo behar zaiela dio. «Horrek kezkatzen nau. Jendeak hainbat gauza ikusten ditu iraganeko kontu bat bezala. Kaleko jendeak jakingo balu zenbat diru jarri den bermeetan, zein baldintzatan bizi garen auzipetuak... harrituta geratuko litzateke».

Egoera horri erantzuteko, desobedientzia baino tresna eraginkorragorik ez dute ikusten biek ala biek. «Zigorrak ezarri eta horiek egikaritzen dituztenak interpelatzeko dugun tresnarik egokiena da desobedientzia», azaldu du Eleak-eko kideak. «Joneren [Amezaga] kasuan ikusi genuen. Jaurlaritzak idatzi zuen txostenean argi azaltzen da geroz eta zailago egiten zaiela ertzainak bidaltzeko erabakia hartzea». Rodriguezek, berriz, gaur bi urte Donostian eginiko herri harresia gogoratu du. «Oso indartsua da argazkia: herritarrak batuta injustizia baten aurrean, modu baketsuan eta duintasun osoz Poliziaren bortizkeria pairatzen. Elkartasuna eta konpromisoa».

Iritzi berekoa da da Bolinaga. «Euskal Herri mailako herri harresi bat eraiki behar dugu. Horrek ekarriko du orain arte normaltzat hartu ditugun erabaki batzuk beste modu batera ulertzea». Herritarrengandik hasi eta instituzioetaraino. «Argi dago gure helburua dela erabaki horiek hartzen dituztenengan eragitea: Madrilen eta Parisen, bereziki. Eta baita tarteko eragileenagan: Gasteizen eta Iruñean. Haiek guztiak jarreraz aldatzea lortu behar dugu, eta inteligentziaz jokatu behar dugu. Gure helburua irabaztea da». Horren harira, Aurore Martinen kasuarekin sortu zen babes dinamika azpimarratu du Bolinagak. «Alderdi denak sentitu ziren interpelatuta, eta alderdi denak, abertzaleak izan edo ez, ezkerrekoak ala eskuinekoak izan, irten ziren kalera, ulertzen baitzuten eskubide zibil eta politikoak zeudela jo puntuan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.