Hasi da azterketen maratoia

Unibertsitatera sartzeko hautaprobaren lehenengo eguna izan dute ia 12.000 ikaslek Hego Euskal Herrian; Ikasle Abertzaleek etsaminaren sistema «itogarri eta atzerakoia» kritikatu dute.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasgelatan ehunka ikasle elkartu ziren etsamina egiteko. LANDER F. DE ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2011ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Ordu erdi falta da ikasgeletako ateak ixteko. Ehunka ikasleren aztoramendua suma daiteke EHUko Arabako campuseko fakultateen kanpoaldean, lasterketa baten irteera lerroan suma daitekeenaren modukoa. Haien etorkizunerako erabakigarria den hiru eguneko lasterketa hastear daude, hain zuzen ere, ikasleak; hori barnerarazi diete azken ikasturtean. Dena den, urduritasunak urduritasun, Hego Euskal Herrian selektibitatea egiten ari diren 11.988 ikasleetatik gehienak onik helduko dira helmugara.

Ikastetxeka pilatuta daude ikasleak kalean, irakasleen inguruan, ikasgeletarako bidea hartzeko zain. Azken orduko zalantzak argitzen saiatzen ari dira batzuk, azken orduko errepasoa egiten dute beste zenbaitek, eta gutxienak taldeetatik urrundu eta selektibitatea ez den zerbaitez mintzo dira. «Azken orduan ikasteak urduri jartzeko baino ez du balio», dio Mikelek, Mendebaldea zentroko ikasle batek, azazkalei atseden eman ezinik.

«NA ekartzea ahaztu zait... azterketa egiten utziko didate?», galdetu dio Ekialdea institutuko ikasle batek irakasleari, ehunka ikaslek tropelean ikasgelarako eskailerak igotzen dituzten bitartean. «Ez kezkatu, behar izanez gero gure ikaslea zarela azalduko diogu tribunaleko irakasleari», lasaitu du irakasleak. Egunotan gertatuko dena zorrotz prestatu arren, azken orduko ezustekoak badira.

09:00etan hasi dira azterketak, eta ikasleak haien onena ematen saiatzen diren bitartean, irakasle batzuk kanpoan gelditu dira zain. Ondo lotu beharreko gauzak daude oraindik. «Ikasle batzuek ostiralean Bilbon dute azterketa, 09:00etan, eta Gasteizen 11:15ean dute hurrengoa; tribunalari dagokio hori argitzea», azaldu du Eneritz Etxanizek, Ekialdea institutuko irakasleak.

Eskola barruko urduritasuna kudeatu behar izan dute irakasle gehienek azken hilabeteetan. Ikasturtean presio handia egon ohi dela aitortu du Etxanizek, ikasleak selektibitatera «oso ondo» hel daitezen nahi baitute. «Eguna gerturatu ahala oso ondo prestatuta daudela esaten diegu, azterketa hori pertsona askok egin eta gainditu dutela eta haiek ere gaindituko dutela gogorarazten diegu».

Frantziako ortografia

Gaztelania eta Literaturako azterketa Frantziako unibertsitateetako ikasleek egiten dituzten akats ortografikoei buruzko artikulu bati buruzkoa izan da. «Hitzen definizioarekin eta esaldien analisiarekin moldatu naiz, baina iruzkina egitean zer azaldu jakin gabe gelditu naiz», dio suminduta ikasle batek azterketa egitetik atera eta klasekideekin elkartzean. Iragana aztertzeko denbora gutxi dago, ordea. 11:15ean Filosofiako edo Historiako azterketa dute.

Mikel, Jorge, Diego eta Erlantz. Jesus Obreroko lau ikasleok etorkizuna asmatu nahian eserita daude Letren fakultatearen kanpoaldean. «Aurreko urteetan galdetu dutena ikusita aurten galdetuko dutena iradoki dezakegu», azaldu du Jorgek. «Platon, Kant, Rousseau, San Agustin Hiponakoa...». Azken hori entzutean Erlantzek arnasotsa atera du; dioenez, ez da sartzen egindako igarkizunetan.

Usteak ustel. Azterketa egitetik ateratzean harridura aurpegiak dira nagusi. «Ez nuen espero... San Agustin Hiponakoa eta Santo Tomas? Ez nuen espero...». Historiako azterketa izan dutenek beste gai batzuk izan dituzte: Espainiako 1812ko Konstituzioa, Espainiako trantsizioa, Euskal Herriko industrializazioa... Iraganera begiratzeko tarte gutxi dago, ordea, berriro ere. Arratsaldean beste bi azterketa dituzte askok. Guztira zazpi azterketa egingo dituzte askok, hautaturiko ikasgaien arabera. Erritmo gogorra du bihar amaituko den lasterketak.

Euskal curriculumaren alde

Ikasle Abertzaleak selektibitatearen eta Ipar Euskal Herriko baxoa azterketaren aurka agertu dira zenbait ikastetxetan egindako elkarretaratzeetan. Sistema «itogarri eta atzerakoia» dela kritikatu dute, eta euskal curriculuma aldarrikatu dute. Leioan (Bizkaia) ere ekimenak atondu dituzte komunitate unibertsitarioaren «merkantilizazioa» salatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.