Errauts hodeia

Hasi dira aireratzeko debekua murrizten, baina uste baino motelago

Gaur egunean zehar egoera bere onera itzultzen joango dela diote agintariek. Esaterako, Frantzia, Belgika, Suitza eta Italia aire eremua irekitzen ari dira.

2010eko apirilaren 20a
18:49
Entzun
Hegazkin enpresen protestak tarteko eta Islandako sumendiaren erupzioa baretzen ari zelakoan aireratzeko debekua murriztea erabaki zuten atzo EB Europako Batasuneko ministroek. Hiru eremuezarri zituzten: hegan egin ezin den eremua, zerbitzu mugatuko eremua, eta eremu librea. Behin eremu horiek erabakita, herrialde bakoitzaren esku utzi zuen hegaldiak abiatzen hasteko erabakia.

Horrenbestez, hainbat herrialde hasi dira hegan egiteko baimena ematen, eta, beraz, beren aire eremua zabaltzen. Hala ere, uste baino astiroago doa guztia, zailtasunak oraindik handiak direlako, eta, gainera, atzoko aurreikuspenen kontra, Eyjafjallaren erupzioa indartu egin delako eta errauts hodeia sendotu. Erresuma Batuan nabaritu dute gehien lainoaren trinkotzea, eta hango asmoei eragin die gehien. Hala ere, Eskoziatik hasi dira lehen hegazkinak abiatzen. Inglaterran, ordea, itxita jarraitzen du aire eremuak, eta, ondorioz, egoera horretan daude Londresko aireportuak.

Belgikak, Suitzak eta Italiak beren aire eremua irekitzea erabaki dute, eta piskanaka egoera bere onera itzularazteko saioa egitea. Ahalegin bera egiten ari da Frantzia, eta EBk ezarritako hiru eremuak aintzat hartuta Parisko De Gaulle eta Orly aireportuetatik hegazkinak ateratzen hasiko dira. Kontinente batetik besterako hegaldiei emango diete lehentasuna, eta bi heren aterako direla espero dute.

Goizeko bederatzietan honakoa zen egoera:

Euskal Herria Aire eremua irekita. Bost aireportuak martxan, baina beste herrialdeetako murrizketek eragindako arazoekin.

Belgika: Aire eremua irekita. Lurrartzen ari dira zenbait hegaldi. 14:00etan hasiko dira Belgikatik bertatik abiatzen.

Erresuma Batua: Eskoziako aire eremua irekita. Mugatua Ingalaterra iparraldean. Londresko aireportuak itxita.

Frantzia: Piskanaka aireportuak zabaltzen ari dira.

Alemania: Aire eremua itxita 14:00ak arte. Hortik aurrera 200 bat hegaldi abiarazteko asmoa du Lufthansak.

Irlanda: Aire eremua itxita 14:00ak arte.

Herbehereak: Aire eremua irekita. Hegazkinen joan-etorria hasi da Amsterdamen.

Espainia: Aire eremua irekita. 13 aireportu martxan.

Suedia: Aire eremua irekita.

Suitza: Aire eremua irekita.

Danimarka: Aire eremua itxita.

Norvegia: Aire eremua itxita.

Polonia: Aire eremua itxita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.