Orain arteko edizio «erraldoiena» eginda amaituko du bidea Hatortxu euskal presoen aldeko elkartasun jaialdiak

Euskal presoen egoera salatzeko sortu zuten Hatortxu Rock, eta presoen senideei sakabanaketak eragindako gastuak ordaintzen laguntzeko. Sakabanaketa amaitu den honetan, presoak etxeratzeko garaia dela adieraziko dute.

2009an Lakuntzan izandako Hatortxu Rocken egindako mosaikoa, euskal presoak Euskal Herriratzea eskatzeko. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2009an Lakuntzan izandako Hatortxu Rockeko mosaikoa, euskal presoak Euskal Herriratzea eskatzeko egina. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2025eko uztailaren 22a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Jaialdiak bere bidea amaituko du, belaunaldi berriek nota berriak jo ditzaten». Hori irakur daiteke Hatortxu Rocken webgunean, Lakuntzan (Nafarroa) egingo den azken aldia baino egun batzuk lehenago. Musikazale batzuek antolatu zuten musika eta elkartasun jaialdiaren lehen aldia, 1999ko abenduaren 25ean, Berriozarren (Nafarroa). Helburua zen euskal presoen sakabanaketa politika salatzea, eta presoei laguntzea politika horrek eragindako gastuak ordaintzen. Izan ere, urte haietan ehunka preso zeuden Espainiako eta Frantziako 30 espetxetan baino gehiagotan sakabanatuta. Hatortxu sortzeko zeuden arrazoiak desagertu ostean, jaialdia bera ere desagertu egingo da. Endika Alonso (Iruñea, 1974) Hatortxu Rocen lehen aldiaren antolatzaileetako batek dioenez, orain arteko «erraldoiena» izango da. 26 urteren eta 30 aldiren ostean, etzi hasi eta igandean bukatuko da jende askorengan arrastoa utzi duen jaialdi horren azken aldia.

«Beharrezkoa ikusten genuen laguntzea», adierazi du Alonsok. Behin bakarrik egin asmo zuten, baina Berriozarko frontoia beteta ikusi ostean, berriz antolatzea pentsatu zuten. Dena den, antolatzaileek hamaika zailtasun eta oztopo izan zituzten jaialdiaren lehen aldietan.

«Bati argi izan dugu auzolanaren indarra ezinbestekoa dela herri honek bizirik irauteko»

ENDIKA ALONSOHatortxu Rocken antolatzailea

Alonsok gogoan duenez, «garai zailak» ziren. 1999ko Hatortxu Rocken «pintaketak, mehatxuak eta kontrolak» egin zizkieten. Kontatu du lehen urteetan «presio politikoak» ere jasan zituztela, eta bi urteren buruan jaialdia Berriozartik mugitu behar izan zutela. Baina, hori baino gehiago, «gizartearen babesa» eta «jende askoren parte hartzea» nabarmendu ditu Alonsok, eta uste du eragileen eta gizartearen bultzadari esker lortu dela «sakabanaketa amaitzea».

Auzolana oinarri

Hatortxu Rocken ezaugarri nagusia «auzolana» izan dela nabarmendu du Alonsok. Uste du horri esker lortu dutela jaialdia gaur egun den hori bilakatzea: «Beti argi izan dugu auzolanaren indarra ezinbestekoa dela herri honek bizirik irauteko». Alonsok azaldu du «beti» egon dela «jende berria» Hatortxu Rocken lan egiteko eta «lekuko hori hartzeko» prest, eta hori «izugarria» iruditzen zaio.

Auzolanaren garrantzia nabarmendu du Nerea Eugik ere (Iruñea, 1993). Hatortxu Rocken 22. alditik jardun du antolakuntza taldean. «Ezezagun multzo bat familia edo lagun oso on bilakatzea lortu dugu», adierazi du. Inongo taldetan «militatu» ez duen eta auzolanean aritzeko ohiturarik ez duen jendea ere aritzen da Hatortxu Rocken boluntario, Eugik azaldu duenez, eta iruditzen zaio jende askok barneratua duela jaialdian «txanda bat egin beharra». 

Hatortxu Rockek izandako aldaketen artean bat aipatu du Eugik: jaialdiaren hogeigarren alditik aurrera erasoak salatzeko jarritako telefonoa. Adierazi du «lanketa berezi bat egiten»saiatzen direla erasoak prebenitzeko, eta arlo horri «garrantzi berezia ematen» diotela. Azaldu duenez, hasieran propio sortutako lantalde bat zegoen eraso horien ardura hartzeko, baina gaur egun antolakuntzan «guztiz txertatuta» dago erasoen kontrako dinamika, eta brigada informatibo batzuk dituzte.

«Ezezagun multzo bat familia edo lagun oso on bilakatzea lortu dugu»

NEREA EUGIHatortxu Rocken antolatzailea

Alonsok bilakaera bat sumatu du antolakuntzan eman dituen urteetan. Are, bereziki azpimarratu du antolakuntza taldea zein profesionala den nahiz eta kideak profesionalak ez izan. Hatortxu Rocken lehen aldiko anekdota bat ere ekarri du gogora. Izan ere, jaialdiko lehen egunaren bezperan —hau da, abenduaren 24an— konturatu ziren ez zutela edalontzirik eskatu biharamunerako. Eta kontatu du «Iruñeko alde zaharreko hainbat tabernak utzitako edalontziei esker» moldatu zirela 1999ko aldi hartan.

Bada zer egin

Alonsok gogorarazi du Hatortxu Rockek bere bidea amaituko duen arren «oraindik gauza asko» daudela egiteko. Hatortxu Rocken hainbat ordezkarik uztailaren 14an aurkezturiko manifestuan adierazi zuten «Euskal Herriak bizi izan duen gatazka politikoaren ondorioak gainditzeko garaia» dela, eta «luzeegia» izan dela jada «konponbiderako bidea». Alonsok gogora ekarri du Hatortxu Rocken muina zertan datzan: batetik, azaldu du jaialdiaren helburua «desagertzea» izan dela beti, «Hatortxu sortzeko zeuden arrazoiak desagertu» diren seinale, eta, bestetik, oroitarazi du jaialdia «herritik eta herriarentzat sortutakoa» dela.

Eta horrela amaituko du Hatortxuk bere bidea. 7.049 txanda antolatu dituzte aurten, nahiz eta oraindik bete gabeko txandak badauden. Eugik dio «Euskal Herriko hainbat txokotatik» joango dela jendea Lakuntzara txandak osatzera, eta jende asko «motibatuta» dagoela. Giro «oso polita eta atsegina» antzeman du jaialdiaren aurreko egunetan. Izan ere, Alonsok dio aurtengoa «inoiz egin den Hatortxurik erraldoiena» izango dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.