Etxegabetutako herritarrak

Asier Garcia eta Naiara Iglesias: «Hau iruzurra izan da hasiera-hasieratik»

Ostiralean etxegabetu zituzten Garcia eta Iglesias, eta haien gurasoen etxebizitzak ere bahitu zituen ICU entitateak; horiek berreskuratzeko lanean «amaiera arte» borrokatzeko prest azaldu dira.

Asier Garcia eta Naiara Iglesias, gaur, Erandion. ARITZ LOIOLA / FOKU
Asier Garcia eta Naiara Iglesias, gaur, Erandion. ARITZ LOIOLA / FOKU
gotzon hermosilla
Erandio
2025eko azaroaren 26a
18:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Zer moduz doa kontua? Zerbait aurreratu al duzue?». Zaila da Asier Garciarekin (Erandio, Bizkaia, 1979) eta Naiara Iglesiasekin (Erandio, Bizkaia, 1978) lasai hitz egitea: kalean doazela, herrikideak hurbildu egiten zaizkie agurtzera eta bihotz ematera, eta kafetegi bateko terrazan elkarrizketa egiten ari direlarik ere jende askok galdetzen die igarotzen ari diren sufrikarioaz. Ostiralean, Erandioko Kukularra auzoan duten etxebizitzatik kaleratu zituzten, eta bien gurasoak ere etxegabetu zituzten, Bilboko Lehen Instantziako 12. epaitegiaren aginduz. Bizitzen ari direna «oso nekagarria» dela aitortu dute, baina ez dute amore emateko asmorik: «Guk amaiera arte jarraituko dugu borrokan».

Zer moduz zaudete?

ASIER GARCIA: Suntsituta gaude. Guztiz galduta, tokiz kanpo, eta non gauden ere ez dakigula.

Non hartu duzue ostatu?

GARCIA: Erandioko Udalak gela bat eskaini digu Deustuko hotel batean [Bilbo]. Printzipioz, gaur zen azken eguna, baina ostiralera arte luzatu digute. Nire aita-amaginarrebei ere hotel berean ostatu hartzea eskaini zieten, baina haientzat oso gogorra zen hotel bateko gela hotz batean egotea, eta oraingoz lagun baten etxean daude, Areetan [Getxo, Bizkaia].

Suposatzen dut kreditua eskatu zenutenean inoiz ez zenutela pentsatuko afera horrela amaituko zenik, ezta?

GARCIA: Ezta hurrik eman ere. Gu hor aurrean dagoen etxe agentzia horretara [orduan, Tecnocasa zuen izena] ilusio handiz sartu ginen lehenengo aldiz. Lau jabe ginen: gu biok, anaia eta haren bikotekidea, eta garai hartan lauren artean 360.000 euroko etxebizitza erostea ez zen inolako erokeria.

NAIARA IGLESIAS: Gazteak ginen, lanean geunden denok, eta ordaindu beharreko kuota arrazoizkoa zen.

GARCIA: Hipotekaren erreferentzia indize gisa IRPHa aplikatu ziguten; esan ziguten hura sekulako mauka zela, Euriborra baino hobea, hura ez zela aldatuko... Eta bizitza hondatu ziguten. Denborarekin ikusi dugu IRPHa beraiek kontrolatzen dutela. Hasieran, lauren artean hilean 2.200 euro ordaintzen genuen, baina hilero-hilero igotzen ziguten zerbait: 2.400, 2.600, 2.800... 3.400 euro ordaintzera ere iritsi ginen.

IGLESIAS: Hamar urtera, gutun bat iritsi zitzaigun, gure kredituaren egoera zertan zen azaltzen zuena. Eta harriturik geratu ginen: hilero-hilero ordaindu arren, hasieran baino 76.000 euro gehiago zor genuen.

Orduan erabaki zenuten auzitara jotzea.

GARCIA: Auzi eskea aurkeztu genuen kontratua baliogabetzeko, gehiegizko klausulak dituela eta. Berez, hori bada nahikoa arrazoi etxegabetzeak gelditzeko auzia argitu bitartean. Baina bankuak presionatzen jarraitu du: urtarrilean gu etxetik botatzeko eskaera egin zuten, guk ezer jakin barik etxebizitzak enkantera atera zituzten, eta abar. Hasiera-hasieratik, hau iruzurra izan da, eta frogatuta dugu. Gure hipoteka prestaturik zegoen hura ordaintzea ezinezkoa izan zedin. Hamster gurpila deitzen diote horri: beraiek ezarritako kuotak ordaintzen dituzu, baina, aldi berean, zorra sortzen jarraitzen duzu.

Zuen etxea ez ezik, zuen gurasoenak ere eskuratu ditu Santander bankuaren UCI entitateak. Zergatik gertatu da hori?

IGLESIAS: Asierren anaia eta haren bikotekidea banandu zirenean, hipoteka berria egin behar izan genuen, bikotekidea handik ateratzeko. Hasierako hipotekan Asierren gurasoen etxebizitza eta nire aitaren nomina zeuden, berme gisa, eta, ustez, bost urte igarota handik desagertu behar zuten. Kontratu berria egitean, bazekiten gu harrapatuta geundela, eta orduan behartu gintuzten nire gurasoen etxebizitza ere berme gisa sartzera. Eta, gainera, engainatu egin gintuzten, eta abal emaile gisa jarri beharrean, hipotekatzaile ez-zordun jarri zituzten.

«Etxegabetzea ez zaigu inoiz ahaztuko; terroristak bagina bezala tratatu gaituzte. Lotsagarria izan da»

NAIARA IGLESIAS Etxegabetutako herritarra
Zein da aldea?

IGLESIAS: Aldea da bermea ez dela desagertzen epe bat igaro ostean; berme horrek hor egon behar du zorraren azken zentimoa ordaindu arte. Horregatik, 18 urte igaro diren arren, beste bi etxebizitzak ere eskuratu dituzte.

Beraz, bankuarentzat negozio borobila izan da.

GARCIA: Pentsa; bankuaren arabera, gure etxearen gaurko balioa 576.000 eurokoa da, eta bahitu dituzten beste biek 370.000 eta 290.000 euro balio dute, hurrenez hurren. Gainera, guk 320.000 euro ordaindu diegu. Orotara, ia 1.800.000 euroko negozioa egin dute.

Eta afera auzibidean badago, nola liteke epaileak etxegabetzeak agindu izana?

GARCIA: Kontratua baliogabetzeko eskea iazko urritik dago tramiterako onartua, baina epaileak dio lan karga handia dutela, eta itxaroteko. Oraindik zain gaude, auzi saio bat noiz emango diguten. Baina bankuak bide azkarragoak ditu: etxegabetzeak gauzatzeko eskea egin eta hiru egunera tramiterako onartuta daukate, eta handik gutxira exekutatu egiten dute. Guk horixe baino ez dugu eskatzen: epaiketa batera joan ahal izatea, frogatu ahal izateko iruzur egin digutela. Eta bitartean, noski, etxeak itzul diezazkigutela, edozein herritar errugabea baita haren kontrako epairik ez dagoen bitartean.

IGLESIAS: Gainera, etxegabetzeak legea urratuz egin dute: adingabe bat dago tartean, zaurgarritasun egoera bat dago nire aita bihotzetik gaixo dagoelako, Erandioko Udalak debekatuak ditu etxegabetzeak 2016tik... Baina berdin die.

Zein izan daiteke hurrengo urratsa?

GARCIA: Guk helegite bat aurkeztu dugu prejudizialitate penalagatik, eta onartu egin digute. Berez, hori bada nahikoa arrazoi edozein prozedura geldiarazteko. Epaileak asteartera arteko epea du horri erantzuteko. Ez dakigu zer gertatuko den, baina prozedura gelditu eta gure etxera itzultzeko aukera emango baligute ere, aste hauetan sufritutakoa ez digu inork kenduko.

IGLESIAS: Etxegabetzea ez zaigu inoiz ahaztuko; terroristak bagina bezala tratatu gaituzte. Lotsagarria izan da. Baina amaiera arte borrokatuko gara, eta hasi gara tramiteak egiten Europara jotzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.