Haur eskola publikoak

Haur eskola publikoetako langileak, greban

Hezkuntza publiko ez-unibertsitarioak mobilizazio sorta prestatu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Gaur, greban dira haur eskolak. Deitzaileen arabera, %86ko erantzuna izaten ari da, "zerbitzu minimoak egon arren".

Eskola baten mantalak eskegi dituzte. @STEILAS_
2017ko azaroaren 9a
11:41
Entzun

Hezkuntza publikoa "egoera larrian" dagoela diote LAB, Steilas eta ELA sindikatuek. Horregatik, mobilizazioak iragarri dituzte azarorako eta abendurako. Ostegunero manifestazioak egingo dituzte, eta langile guztiek greba eguna izango dute abenduaren 12an. Sektoreetako langileek "borroka asteak" egingo dituzte hara bidean, eta haur eskolak dira aurrenak. Greba eguna dute gaur.

Grebak "izugarrizko jarraipena" duela esan du Steilasek, eta "ia erabatekoa" izan dela ELAk.

Hainbat mobilizazio egin dituzte.

Hiru sindikatuek elkarrekin atera duten oharrean diote %86ko jarraipena izan duela grebak. Salatu dute Jaurlaritzak aurkeztu berri duen aurrekontu proiektuan ez duela inolako asmorik erakutsi egoerari irtenbiderik emateko. "Haur eskoletan egoera are okerragoa izan daiteke aurrekontu hauek onartuz gero". Horregatik, negoziazioak abian jartzeko eskatu dute.

Hainbat aldiz egindako aldarrikapenak ekarri dituzte gogora:

- Kudeaketako eta Hezitzaile Langileen Lanpostuen Zerrenda eta egonkortasuna bultzatu. Haurreskolak Partzuergoko langileen behin-behinekotasun tasa %41ekoa da; kudeaketa langileena %100ekoa.

- Geletako ratioak berdintasunean oinarritutako irizpideekin aplikatu.

- Ordezkapenak bertaratze orriarekin ez baldintzatu.

- Lizentzia, baimenak eta txanda egunak ordezkatu. Egin ezean lankideen lan karga handitzen da, eta zerbitzuaren kalitatea, berriz, kaskartu.

- Haur eskola txikietan familia guztiei zortzi orduko zerbitzua eskaintzea.

- Koordinazio liberazio orduak irekita dauden gela kopurua izatea erreferentzia.

- Koordinatzaileordeak plusa proportzionalki jasotzea (hilabete batera heldu ezean).

- Erretiroa erraztu, errelebo kontratuarekin akordio bat egin. Gaurko errelebo kontratuen araudiaren aplikazioa 2018ko abenduaren 31n amaituko da.

- Gaixoaldiak lehen egunetik %100ean ordaindu.

- Eroste ahalmena berreskuratu.

- Dekretu bidezko ordezkoen araudirik ez.

- Haur eskolen doakotasuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.