Eztabaida sutsua eragin du PPk Eusko Legebiltzarrean gaur aurkeztu duen proposamen batek. Hain zuzen ere, Haurreskolak Partzuergoko haur eskoletan zer hizkuntza erabili behar den eztabaidatu dute talde parlamentarioek, PPk ingelesaren eta gaztelaniaren erabileraren inguruan aurkeztutako proposamen baten harira. Azkenean, EAJk eta PPk erdibideko proposamen bat hitzartu dute, eta horri eman dio babesa Legebiltzarrak, bi talde horiek ez ezik, UPDk ere alde bozkatu dutelako. EH Bilduk aurka bozkatu du eta PSE-EEko legebiltzarkideak abstenitu egin dira
Hain zuzen ere, Legebiltzarrak onartu duen proposamenaren arabera, Hezkuntza Sailak bi hizkuntz ofizialen erabilera bermatzeko behar den guztia egin behar du, haurren ama hizkuntza errespetatuz beti ere.
Iñaki Oiartzabal PPko legebiltzarkideak gogoratu du EAEko haur gehienen –%80– ama hizkuntza gaztelania dela, eta Haurreskolak Partzuergoak, legez, errealitate horri men egin behar diola. Izan ere, Oiartzabalek salatu du ez direla errespetatzen ari eskualde ezberdinetako errealitate soziolinguistikoak eta gurasoen borondatea. Esate baterako, Oiartzabalen esanetan, Bilboaldean eta Arabako Errioxan Goierrin bezala ari dira funtzionatzen haur eskolak, alegia, euskara hutsez.
Gorka Maneiro UPDko legebiltzarkideak ere bat egin du EAJk eta PPk adostu duten erdibideko proposamenarekin, eta gogor egin du EH Bilduren aurka, bereziki Gipuzkoan aurrera eramaten ari den politikarengatik: "Zuek Gipuzkoan faxismo eta apartheid linguistikoa ari zarete aplikatzen. Horren aurrean, guk, ez dakit bakarrik edo beste talde batzuekin, askatasuna defendituko dugu".
EAJko ordezkariak, Maria Eugenia Arrizabalagak, hala azaldu du bere taldearen botoaren norabidea: "Legea bete egin behar da, eta errespetatu behar da aniztasun hori. Politikoki egokia den ala ez ez dakit, baina guk legeak betetzen ditugu".
EH Bilduk gogor salatu du onartutako proposamena, eta etegabe eskatu die beste taldeei onartzeko bi hizkuntza ofizialen egoera ez dela berdina, eta euskara ahultasun egoeran dagoela gaztelaniarekiko. "Errealitatea ezin dugu ahaztu, eta, horregatik aurrera jarraitu behar dugu euskara sustatzen, bultzatzen, nagusitzen, euskara hizkuntza gutxitua delako. Eta ez da guk esaten dugulako, Unescok esaten duelako baizik".