Haur pornografiaren aurkako operazio batean hiru euskal herritar akusatu dituzte

Nazioarteko operazio batean 14 lagun atxilotu dituzte, horietako bat Bilbon; Basaurin eta Irunen, beste bi akusatu

Erredakzioa
Donostia
2011ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Haur pornografiarekin lotura izatea egotzita, hamalau lagun atxilotu dituzte Espainiako eta AEB Ameriketako Estatu Batuetako poliziek batera egin duten operazio zabal batean. Atxiloketetako bat Bilbon egin dute, eta Basaurin (Bizkaia) eta Irunen (Gipuzkoa) ere bi pertsona akusatu dituzte auziarekin lotura dutelakoan. Bilbon atxilotu dutena 48 urteko gizonezko bat da, eta akusatu biak 37 eta 36 urteko beste bi gizon dira. Atxilotu eta akusatuei Internet bidez haur pornografiako irudiak hedatzea egozten diete, eta, zenbaitetan, beren familia giroko adingabeen irudi pornografikoak izatea ere bai.

Guardia Zibilak eta AEBetako FBI Ikerketa Bulego Federaleko agenteek batera jardun dute operazio honetan. 150 poliziatik gora aritu dira. Aditzera eman dutenez, iragan martxotik ari ziren lanean. Hainbat abisuren bidez ekin zioten lanari; Nafarroan hainbat Internet erabiltzailek ohartarazi zuten filmak eta abestiak saretik hartzeko ahaleginetan ari zirela, nahi gabe, haur pornografiako artxiboak ireki zituztela. Ziotenez, kasurik gehienetan 10 urtetik beherako neska-mutilak agertzen ziren irudi horietan.

Hainbat miaketa egin dituzte operazio honen barruan, eta, horien ondorioz, 46 ordenagailu, 75 disko gogor eta 1.000 CD, DVD eta antzeko tresna atzeman dituzte. Guardia Zibilak denera bederatzi lagun atxilotu eta bost lagun akusatu ditu. 26-67 urte arteko pertsonak dira. Horietako batek, polizien arabera, sei urtetik gora zeramatzan Interneten haur pornografiako irudiak hedatzen.

Washingtonen (AEB) operazio honen barruan akusatuetako baten alaba haur pornografiako sare honen biktima izan daitekeen susmoa dago. Sexu abusu baten zantzuak ere aurkitu dituzte New Yorken (AEB) egindako miaketa batean ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.