Haurdunaldien borondatezko eteteak Osasunbidean egiteak zein kostu ekarriko lukeen aztertu du Nafarroako Kontuen Ganberak, eta, gaur goizean Parlamentuko Osasun Batzordean aurkeztutako txostenaren arabera, sare publikoa pribatua baino merkeagoa izango litzatekeela ondorioztatu du. Zehazki, aldea bikotza litzateke abortu farmakologikoen kasuan: 205 eta 217 euro artekoa sare publikoan, eta 454 eurokoa pribatuan.
Iruñeko Bideko Ama ospitaleko zein Tuterako eta Lizarrako osasun etxe publikoetako langileek emandako informazioa baliatu du ganberak, eta Antsoain (Nafarroa), Bilbo, Donostia eta Madrilera abortatzera bidaltzen diren andreen kasuen datuekin alderatu du. Abortu kirurgikoetan aldea txikiagoa da, eta sare publiko eta pribatuko zifrak antzeratsuak dira pazienteei anestesia erregionala eman behar dieten ebakuntzetan. Halere, ebakuntzaren osteko egonaldian bada alderik: zentro pribatuetan ordu erdi eta bi ordu arteko egonaldiak aurreikusten dituzte —ebakuntza motaren arabera—, eta osasun etxe publikoetan bost eta zazpi ordu artekoak. Hortaz, sare publikoan kostua txikiagoa dela ondorioztatu du txostenak.
Era berean, ganberako ordezkariek adierazi dute ez dagoela Osasunbidearen eta Antsoaingo klinikaren arteko kontzertua egiaztatzen duen dokumenturik. Hala, orain aste batzuk iragarri zuten akordioa ez da ofizialki gauzatu, Antsoainera kasu batzuk bideratu izan dituzten arren.
GIZARTEA
Haurdunaldiak sare pribatuan etetea garestiagoa dela ondorioztatu du Nafarroako Kontuen Ganberak
Osasunbideak Antsoaingo klinikarekin sinatu duen itunari buruzko dokumentaziorik ez du ganberak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu