Txernobylgo zentral nuklearreko (Ukraina) istripuaren ondorioz kutsatutako gunean bizi diren haurrak Araba, Bizkai eta Gipuzkoara ekarri ahal izateko, harrera familiak bilatzeko kanpaina hasi zuen asteburuan Txernobylgo Umeak elkarteak. Aurten 108 ekarri dituzte, eta 2012ko udan 110 haurren langa gainditu nahi dutela esan du Enrique Angulo elkarteko kideak. Ume bat hartzeko baliabiderik ez duten sendientzat, baina, bestelako programa bat jarri dute martxan.
Nola aukeratzen dituzue udan etortzen diren umeak?
Uda pasatuta haurrak Ukrainara itzultzen direnean, elkarteko talde batek hara bidaiatzen du, etorri nahi duten umeen etxeak bisitatzeko. Baldintza batzuk bete behar dituzte: 6 eta 17 urte bitartean izatea, eremu kutsatuan bizitzea, etorri nahi izatea, familiak Ukrainako gune garbi batean oporrak ordaintzeko baliabiderik ez edukitzea... Harrera familia nahikorik ez dagoenean, handik ateratzeko behar handiena dutenak ekartzen ditugu.
Eta zein baldintza bete behar dituzte umeen harrera familiek?
Ez dago betekizun estandarrik, sen onaren arabera aukeratzen ditugu, berez esfortzu handia delako adingabe bat bi hilabetez hartzea. Umeak etorri baino lehen, ikastaro bat ematen diegu, harreraren esperientzia ez idealizatzeko: haurra heltzean sor litezkeen arazo eta egoeretarako prestatuta egon behar dute.
Halere, inoiz ez dago familia nahikorik. Zein zailtasun dituzte? Krisia nabaritu duzue?
Bai. Adingabe bat hartzeak zailtasunak dakartza, berez: denbora asko eskaini behar diozu, esfortzu pertsonala... eta, gainera, bidaiaren kostuei ere aurre egin behar diete. Eta ez dira garai onak.
Martxoan istripu nuklearra izan zen Fukushiman, eta apirilean Txernobylgoaren 25. urteurrena bete zen. Eraginik izan al zuten familiak sentsibilizatzeko eta erakartzeko?
Ez dut uste. Egia da arazoa gehiago gogoratu dela, hedabideek sentiberatasun handia agertu dutelako, baina urteurrenaren ostean ahaztu egiten da, eta ez da gertatzen hurrengo urratsa: haurren egoera konpontzen saiatzea.
Halere, harrera familiarik gabe geratzen diren haurrentzat programa berri bat jarri duzue martxan.
Bai, Opor Osasungarriak deitzen diogu. Ez daukagu Ukrainan bisitatutako ume guztientzako familiarik, eta konturatu gara hango haurrei eta familiei porrot sentipena geratzen zaiela. Beraz, beste aukera bat ireki dugu haurrak hartzen ausartzen ez diren edo diru nahikorik ez duten sendientzat: umeak Ukrainako inguru garbi batera joan daitezen, bidaia ordaintzea. Udaleku antzekoak dira, osasun etxe batean, erradiazioaren erasorik gabe.
Zelakoa izan da aurtengo lehen esperientzia?
Oso ona. Ukrainako familiak eta haurrak oso pozik geratu dira, eta gu, zer esanik ez: 21 eguneko osasuna eman diegu. Ez da bi hilabeteko harrera, baina osasuna indartzeko laguntza bat bada.
Gune kutsatutik urrun egoteak zein onura dakarkie haurrei?
Txernobylgo sindromea izeneko gaixotasun eta urritasun multzo bat izan ohi dute inguru kutsatuan bizi direnek. Erradiazioak etengabe erasotzen dienez, euren sistema immunologikoak etengabe aritu behar du lanean, eta ohi baino gehiago desgastatzen da. Haurrak handik aterata, ahultze hori orekatzen da; pilak kargatzea bezalakoa da, defentsak indartu egiten baitituzte, eta neguari aurre egiteko berme gehiagorekin itzultzen dira. Aditu batzuen ustez, bost udan zehar gune kutsatutik kanpo egotean, sistema immunologikoa normaltasun maila batera heltzen da.
Zerk egiten die mesede gehien?
Kutsatu gabeko jakiek, batez ere. Umeetako asko herri txikietan bizi dira; han ortu propioak dauzkate, baina lurra kutsatuta dago, eta urak ere metal astun asko ditu. Aire garbia arnasteak ere laguntzen die. Nabaritu egiten zaie; heltzen direnean eta joaten direnean erabat itxura desberdina dute, osasuntsuagoa: etortzean, zurbilago daude, begi zuloak dituzte, eta alde egitean kolorea dute azalean, ileak berak distira handiagoa du. Haurrei harrera egitearen alde politena da: haiei egindako mesedea begiekin ikus daiteke,soinean eramaten dute.
Enrique Angulo. Txernobylgo Umeak elkarteko kidea
«Haurrei egindako mesedea begiekin ikus daiteke, soinean daramate»
Udan haurrak Euskal Herrira ekartzeaz gain, Ukrainako inguru garbi batean hiru asteko egonaldiak antolatzen hasi da elkartea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu