Haurren zaintza partekatuaren aldeko legea babesteko eskea egin du Kidetzak

Bi hilabetean 18.000 sinadura eskuratu dituzte herri ekimen legegilerako, beste hainbeste nahi dituzte

Erredakzioa
2012ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Gurasoen haurrenganako erantzukidetasuna bultzatzeko, azaroaz geroztik sinadurak biltzen ari da Kidetza Euskadiko Guraso Bananduen federazioa. Lege proposamen bat eraman nahi du Eusko Legebiltzarrera, eta 30.000 lagunen babesa behar du horretarako; bi hilabete eskasean 18.000 sinadura jaso ditu herri ekimen legegileak. Baina beste horrenbeste bildu nahi ditu Kidetzak; lege ekimenak legebiltzarrean erregistratzeko 30.000 sinadura behar dira, eta 40.000 eskuratzera heldu nahi du federazioak. Helburuarekin bat datozenei, sinadura emateko eskatu die.

Haurren zaintza partekatua arautzea da Kidetzak lege proposamenarekin lortu nahi duena. Gizartearen arazo larria da haurren gainean gurasoek zaintza partekaturik ez edukitzea, Kidetzako kideen esanetan, eta «demokrazian sakontzeko» bidea emango du. «Berdintasunean aurrera egiteko eta haurrek gurasoekin tratua berdintasunean edukitzeko duten eskubidea» babestu nahi du Kidetzak legearekin. Federazioko kideek, horregatik, PSE-EEren jarrera kritikatu dute, ez duelako gai honen gaineko araudirik bultzatu Eusko Jaurlaritzatik. Aldiz, EAJ, PP, Aralar, UPD eta EA zaintza partekatua arautzearen alde agertu direla adierazi du Kidetzak.

Etorkizunean ere arazoak errepikatzen jarraituko duela ohartarazi du federazioak. 2011n Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gertatu diren bikote banaketen datuak aurkeztu zituen atzo Kidetzak, eta 2010eko datuen bidetik doazela adierazi zuen. 2011ko urtarriletik irailera, 3.377 bikote bereizi ziren; 2010ean 4.670 bikote bereizi ziren, eta iaz ere beste horrenbeste izango zirela ziurtatu du elkarteak.

Banaketa gehienak, bi heren inguru, adostuak izan ohi dira, baina kasuen heren batean auzibidea jarraitzen du bikote izandakoen arteko bereizketa prozesuak. Itundutako bereizketen kasuan, zaintza partekatua eskatzen dute bikotekide banatu berri askok; auzibidez bereizitako bikoteen kasuan, ordea, zaintza partekatua ez da ezartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.