EHKSk «haustura politikoaren» alde egin du Espainiako Konstituzioaren Egunean

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak Durangon salatu duenez, trantsizioak ez zuen frankismoarekiko «erabateko haustura» ekarri.

EHKSren manifestazioa, gaur, Durangon. EHKS
EHKSren manifestazioa, gaur, Durangon. EHKS
xabier martin
2025eko abenduaren 6a
20:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Durangoko Landako gunetik abiatu du manifestazioa, gaur arratsaldean, EHKS Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak, «Sozialismoa eta autodeterminazioa. Langileok haustura politikoa» zioen pankarta baten atzetik. Espainiako Konstituzioaren Egunean, salatu du trantsizioak ez zuela frankismoarekiko «erabateko hausturarik» ekarri, eta «jarraipeneko erregimen bat» sortu zutela, «ekonomia eredu kapitalistari, nazio zapalduen azpiratzeari eta indar errepresiboei dagokienez». Diktadura faxistaren ondoren Espainiako Estatua «ohiko erregimen kapitalistekin berdindu» zela azaldu dute. Martxaren amaierako mintzaldian, Garazi Navarro eledunak salatu du «gauetik egunera dena aldatu balitz bezala» aritu zirela asko.

Segidan zehaztu du 1978ko erregimena «gogor oldartu» dela langile mugimenduaren aurka, «autodeterminazioaren eta sozialismoaren aurka». Eta erantsi du «eguneroko ogia» izan direla «erailketak eta errepresioa». Haren arabera, langile klasearen zati handi bat «pobrezian bizi da» Espainiako Estatuan, «jabe handiak etengabe aberasten diren bitartean».

EAJ eta eskuin muturra

Halaber, beste arrisku bati buruz ere hitz egin du Navarrok: «Faxismoaren gorakada ari gara bizitzen. Frankismoa zuritzea geroz eta ohikoagoa bilakatu da». Abenduaren 6arekin batera atera da kalera EHKS, eta manifestazio horretan «ezker instituzionalari» erreparatu dio, uste duelako «eskubideen urraketan sakondu baino ez» duela egin azken urteetan.

Jokaleku horretan EAJk hartu duen rolari buruz aritu da eleduna: «Dagoeneko aukeratu du hauteskundeetako beherakadari aurre egiteko bide orria: erreakzioaren olatua hartzeko bidean dago. Europako eta AEBetako eskuin muturrekoek sortutako esparrua bereganatzen ari da, eta arazoen errua langile klaseari egozten dio».

Eta, segidan, EHKSren ekina azaldu du: «Komunistok lehen lerroan egon behar dugu estatu kapitalistek sortzen dituzten injustizien aurka, sozialismoaren eta autodeterminazioaren premia azpimarratuz. Faxismoaren eta 78ko erregimen zapaltzailearen aurka indarrak batzeko eta ofentsiba politikoari ekiteko garaia da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.