Hautagaiak abiapuntuan

Lehendakarigaiak ofizialki izendatu ostean, hauteskunde kanpainaurreari ekin diote dagoeneko alderdi politikoekEAJk EH Bildu kritikatu du, eta PPk «arrisku independentistaz» ohartarazi du

Laura Mintegi, atzo, Iruñean, txupinazoaren egunean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
2012ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako lasterketari hasiera eman diote dagoeneko euskal alderdi politikoek. Alderdi nagusietako lehendakarigaiak aukeratuta daude, eta, dagoeneko, kanpainaurrean bete-betean ari dira ordezkari politikoak. EH Bilduk, esaterako, bihar jakinaraziko du Euskal Autonomia Erkidegorako bere gobernua nortzuek osatuko duten irabaziz gero. Lehendakarigaia Laura Mintegi izango dela jakinda, balizko gobernu horren sailburuak zehaztuko ditu, Donostian.

Hain justu ere, Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigai aukeratu berriak Onda Vasca irratiari eskainitako elkarrizketa baliatu du EH Bildu koalizioa kritikatzeko. Laura Mintegi hautagaia aukeratzeko modua «demokraziarik ezaren» erakusle izan dela salatu du, eta hori «ezker abertzalearen jarduteko moduaren» adibide ere badela esan du. «Gipuzkoan jada sufritzen ari gara ezker abertzaleak demokrazia instituzionala ulertzeko duen modua».

EAJko lehendakarigaiak EH Bilduri egindako kritikei erantzun die EAk, Ikerne Badiola komunikazio idazkariaren ahotik. Haren ustez, EAJren «etsai politiko nagusia» kritikatzea «urduritasunaren» isla da. Mintegiren aukeraketa «parte hartzailea» izan dela ziurtatu du Badiolak. EA EAJrekin koalizioan egon zen joan den legealdian, eta Badiolak Urkulluri gogoratu dio Mintegiren aukeraketa koalizioan izan zuten esperientzia baino «askoz parte hartzaileagoa» izan dela. Haren iritziz, EH Bilduk «asmatu egin du» Mintegirekin.

EAEko PPko buru Antonio Basagoitiri ez zaizkio batere gustatu Urkulluk lehendakarigai izendatu zutenean esandakoak. Haren ustez, Urkulluk «iraganeko ortodoxia abertzalea» berreskuratu du, eta Espainia «jomugan» jarri du, «etsaia» balitz bezala. PPkoakEAJko hautagaia eta EH Bildukoa parez pare jarri ditu, gainera: «Txanpon beraren bi aurpegiak dira, hots, independentziarena». Hala, ohartarazi du bozetan «elkarbizitza eredua» jokoan egongo dela. Bide beretik jo du Iñaki Oiartzabal idazkari nagusiak ere: Urkulluren hitzaldia «zaharkituta» dagoela eta salatu du haren asmo bakarra ezker abertzalearekin bat egitea dela. Bestelako mezua zabaldu du, ordea, Alfonso Alonso PPk Kongresuan duen eledunak. EAJ Ajuria Enera iritsiz gero, harekin akordioak lortzeko prest agertu da, baldin eta Urkulluk ez badu «Ibarretxeren norabidea» hartzen.

PSE-EEk, berriz, «Euskadiren iritzi patrimonialista» izatea eta «diskurtso zaharkitua» izatea leporatu dio EAJri. Halaber, PSEkuste du EAJko hautagaiak ez duela «sinesgarritasunik», bere burua «Espainiaren aurkako hautagaitzat» aurkezten duen bitartean Mariano Raxoiren «bazkide» izatea bilatzen duelako.

Hauteskunde inkestei so

EHUko Euskobarometroak hauteskundeen inguruan egindako inkestak areago piztu du alderdien arteko eztabaida. PPk «arrisku independentista» garbia ikusi du emaitzetan. Horixe adierazi dute Antonio Basagoitik eta Iñaki Oiartzabalek. Inkesta horrek dio Legebiltzarreko eserleku gehienak EAJk eta EH Bilduk eskuratuko dituztela, eta PPko ordezkariak kezkatuta agertu dira,«Espainiarekin hausteko frontea» eratu daitekeelako.

EAJrentzat, berriz, hauteskunde inkestek lanari ekiteko «tresna» eta «pizgarri» izan behar dute, Urkulluk esan duenez. Inkestek talde bakoitzari ematen dioten emaitzetatik harago, EAJko lehendakarigaiak esan du EAJren lehentasun nagusia krisialditik ateratzeko «adostasun eta diagnosi partekatuak» bilatzea izango dela.

Idoia Mendia Jaurlaritzako eleduna, ostera, ez dago «kezkatuta» inkestarekin, bozetarako «denbora asko» falta delako. Onena, hala ere, herritarrek hauteskundeetan egiten dutena dela esan du.

Ezker Batuarentzat, berriz,Euskobarometroak agerian utzi du ezinbestekoa dela ezkerreko indarrak batzea eta «bosgarren espazioa» eratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.