Hauteskunde «arrotzak» Trebiñun

Igandean Gaztela eta Leongo Juntarako hauteskundeak egingo dira, eta botoa ematera deituta daude trebiñarrak. Trebiñuko eta Argantzongo alkateek uste dute anabasa administratiboak isla izango duela bozetan, eta abstentzioa izango dela irabazle.

RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Edurne Begiristain.
2022ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Kalean ez da ikusten alderdi politikoen afixarik, eta etxeetako postontzietara ez da propagandarik iritsi hautagaien hauteskunde konpromisoekin. Burgosko (Espainia) egunkarietan eta Espainiako telebista kateetako albisteetan lerroburu batzuk bete dituzte igandean egitekoak diren Gaztela eta Leongo Juntarako (Espainia) hauteskundeek, baina Trebiñuko konderrian bizi diren herritar gehienentzat «oharkabe» pasatuko da deialdia. Izan ere,«arrotzak» dira igandeko bozak trebiñarrentzat, Pablo Ortiz de Latierro eta Enrique Barbadillo Argantzongo eta Trebiñuko alkateek BERRIAri adierazi diotenez. «Gaztela eta Leongo Junta ez da gure instituzioa», erantsi dute.

Konderriak bizi duen anabasa administratiboaren ispilu izango dira igandeko hauteskundeak.Arabako bihotzean dago Trebiñu, baina Gaztela eta Leongo administrazioaren menpe XVII. mendetik. Trebiñarrek hamaika aldiz adierazi dute Araban sartzearen aldekoak direla, baina orain arte eskaera horri muzin egin diote Burgosek eta Madrilek. Bitartean, egunerokoan Arabako parte sentitzen dira hango herritarrak, baina ikuspuntu administratibo eta juridiko batetik Gaztela eta Leongoak dira. Igandeko bozetara aurkezten diren alderdi nagusien programetan ere ez dago lerro bakar bat ere trebiñarren auziaz.

Bi mila herritar inguru daude erroldatuta Trebiñun —beste hainbeste han bizi dira baina Gasteizen erroldatuta daude—, eta botoa eman dezaketenak 1.500 inguru dira. «Oso gutxi gara, eta hauteskundeei begira gu ez gara inor Gaztela eta Leongo Gobernuarentzat», dio Ortiz de Latierrok. Herritar gehienentzat ere «arrotzak» dira erkidego horretako gobernuaren erabakiak, eta ulertzekoa da elkarrenganako «interesik eza», Barbadillok erantsi duenez: «Ez dugu ezer jokoan hauteskunde hauetan».

2019an egin ziren Gaztela eta Leongo Juntarako azken bozak. Udal hauteskundeekin batera egin ziren, eta Trebiñuko herritarrentzat bi hautetsontzi izan ziren bozkalekuetan. Gaztela eta Leongo Juntarako bozen emaitzei dagokienez, PSOEk boto batengatik irabazi zion Podemosi Trebiñuko konderriko udalerrian: 172 boto lortu zituen PSOEk eta 171 Podemosek. PPk 124 boto erdietsi zituen; Ciudadanosek, 57, eta Voxek, 24. Pacmak, IU-Anticapitalistak eta PCTEk ere boto batzuk lortu zituzten. Argantzonen, berriz, 87 boto eskuratu zituen PSOEk, 60 Podemosek, 33 PPk, 21 C'sk, 14 IUk, 9 Voxek, zazpi PACMAk eta bi Contigok.

Igandeko bozei bestelako itxura hartzen diete Trebiñuko bi alkateek. Bat datoz iragarpenean: «Abstentzioa izango da irabazlea». Orain arte juntarako bozak beti egin dira udaletarako hauteskundeekin batera, baina aurtenaurreratu egin dituzte lehenak, eta alkateak ziur dira horrek isla izango duela konderriko herritarren parte hartzean. Barbadillok uste du abstentzioak berak esanahi handia izan dezakeela: «Gaztela eta Leongo agintariei mezu bat bidaltzeko modu bat da, hau da, gure borondatea aintzat hartzeko eskatzen dizuegula».

Integrazioaren bidea

Eskualdearen gatazka politiko- administratiboaren konponbiderik ezarekin gogaituta daude herritarrak. Alderdi politiko eta instituzioen agendetan egun batetik bestera agertu eta desagertzen da auzia, baina irtenbidea ez da inoiz iristen. Bitartean, trebiñarrek egunerokoan sufritzen dituzte banaketa administratiboaren ondorioak. Nolanahi ere, Arabako Aldundiak eta Burgosko Diputazioak hainbat eremutan sinatua duen hitzarmenari esker, aski samurragoa da bizitza Trebiñuko herritarrentzat. Denbora luzez elkarri bizkarra emanda egon ostean, iazko abuztuan sinatu zuten Arabak eta Burgosek Trebiñun bizi diren herritarren zerbitzuak hobetzeko hitzarmena. Denera, hamalau arlo jasotzen ditu: tartean, garraio azpiegiturak, neguko bidezaintza planak, genero indarkeriaren aurkako protokoloak eta euskara sustatu eta bultzatzeko jarduerak.

Hitzarmenei esker herritarren bizi kalitatea hobetzea lortu dela onartuta ere, Barbadillo beldur da halako akordioekin ez ote den bazter utziko integrazioaren bidea. Are, herritarrak desaktibatzeko arriskua ikusten du alkateak: «Herritarrek oinarrizko zerbitzuak bermatuak dituztenez, azken boladan apalduta dago integrazioaren aldarrikapena».

Eskualdearen afera ahaztu ez dadin, abenduan Trebiñuko eta Argantzongo udalek Araban integratzeko prozesuari bultzada eman zioten, osoko bilkuretan gehiengo zabalarekin onartutako ekinaldi bateratu baten bidez. Hiru urrats komun adostu zituzten: Araban integratzearen aldeko komunikazio kanpaina bateratua abiatzea, lan mahai bat sortzea eta herritarrei dei egitea integrazioaren aldeko lana sustatzeko. Bide horren garrantzia azpimarratu du Barbadillo: «Guk urratsak egiten jarraituko dugu, afera ez dadin ahaztu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.