Hauteskunde Batzordeak bi egun aurreratu ditu hauteskunde mahaietarako zozketak

Eusko Legebiltzarrerako azken bozetatik, nabarmen egin du gora lehenbiziko aldiz botoa emanen duten gazteen kopuruak. Eusko Jaurlaritzak «eztabaida publikoa eta politikoa aberasteko aukeratzat» jo du hainbertze gazte izatea.

Hautesle bat botoa hautetsontzian sartzen, 2020ko uztailean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Hautesle bat, botoa hautetsontzian sartzen, 2020ko uztailean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Isabel Jaurena.
2024ko martxoaren 6a
11:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Datorren apirilaren 21ean hauteskunde mahaietan nor egonen den ez da erabaki oraindik. Egutegi ofizialaren arabera, Aste Santuan jakinarazi behar zitzaien herritarrei mahaian egotea egokitu zaien edo ez, baina jakinarazpenak besta egunetan eman behar ez izateko, zenbait udalek proposatu dute zozketak aurreratzea, eta hori onartu du Hauteskunde Batzordeak. Hala, martxoaren 21etik 25era eginen dituzte —iragarria zuten 23tik 27ra eginen zirela—, eta, jarraian, jakinarazpenak banatuko dituzte. Epea aurreratzeko baldintzak izango dira zozketaren data nahikoa denborarekin ezagutaraztea eta behin betiko errolda osatua egotea.

Izan ere, jakinarazpenak aurrez aurre egin behar dira, eta udalek kudeatu behar dituzte. Udalerriaren arabera, Udaltzaingoa edo Correos enpresako langileak arduratuko dira lan horretaz: gutun bidez egiten da, dagokion herritarraren etxean. Aste Santuan eginez gero, litekeena da herritar anitz etxetik kanpo egotea, eta Udaltzaingoko nahiz Correoseko langileetako anitzek oporrak izatea.

Mahaiak osatuko dituzten horiek, jakinarazpena jasotzeaz gain, Jarraibideen eskuliburua hauteskunde mahaiko kideentzat agiria ere eskuratuko dute. Hartan, mahaiko kideen eginkizunak xehe-xehe azaltzen dira, eta zalantza ohikoenak argitu: ordutegiak zein diren, bozketa prozesua zertan datzan, zer egin boto paperak falta direnean, zein boto diren baliogabeak eta zein ez, nola zenbatu botoak, aktak nola bete eta emaitzak nola entregatu, adibidez. Aurten, gainera, testuak bi bertsio izanen ditu: bertze hauteskundeetan zabaldu ohi dena, eta irakurketa errazekoa. Bigarren hori Bizkaiko APNABI Autismo elkartearen laguntzarekin ondu dute, «adimenarekin lotutako dibertsitate funtzionala dutenen inklusioan» aurrera egiteko helburuarekin.

Eusko Jaurlaritzak adierazi duenez, baliteke testu horretan jasotzen den lege hizkuntza «ulertezina» izatea zenbaitentzat, eta jende guztiak uler dezan prestatu dute bigarren bertsioa, «hizkuntzaren zehaztasuna galdu gabe». Horrez gain, bost minutuko bideo bat ere prestatu du Jaurlaritzak, mahaiko kideentzako argibide nagusiak biltzeko.

Mahai bakoitzean hiru lagun egonen dira: lehendakari bat eta bi bokal. Bakoitzak 85 euro jasoko ditu, eta Segurantza Sistemaren babesa izanen du.

75.634 gazte gehiago

Jaurlaritzak erran duenez, Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeetatik nabarmen egin du gora lehenbiziko aldiz botoa emanen duten gazteen kopuruak. Zehazki, 75.634 gazte gehiagok bozkatzen ahalko dute: 38.271 hautesle berri daude Bizkaian, 26.332 Gipuzkoan eta 11.031 Araban.

Jaurlaritzak dibulgazio bideo bat prestatu du gazte horiendako, botoa emateko eskubidea «informatuta» erabili dezaten. Horren haritik, uste dute hainbertze gazte izateak aukera emanen duela «eztabaida publikoa eta politikoa aberasteko». Olalla Marañon Martin Jaurlaritzako hauteskunde prozesuen zerbitzuko kideetako batek dio haien erantzukizuna dela pertsona horiek «eraginkortasunez» sartzea, eta «euren ahotsa entzun egingo dela bermatzea»: «Funtsezkoa da hautesle berriek botoa emateko eskubidea informatuta eta jakinaren gainean erabiltzea, horrela gizarte demokratikoagoa eta justuagoa eraikitzen laguntzeko».

Botoa emateko, baina, ezinbertzekoa da hautesle erroldan izena emanda egotea. Hala, errolda hori ikusgai egonen da aste honen hasieratik hilaren 11 bitarte, kontsultetarako eta akatsak zuzendu ditzatela eskatzeko. Kontsulta bakoitzari dagokion udaletxean edo INE Espainiako Estatistika Institutuaren webgunean egin daiteke, eta Hautesle Erroldaren Bulegoan eskatu daiteke hutsak zuzentzeko, martxoaren 11n beranduenez. Kontsulta egitea garrantzitsua da bizilekua aldatuz gero, errolda txartela jasotzen ez bada edo botoa ematen den lehenbiziko aldia bada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.