Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Elkarrizketa. Xabier Agirre. EAJko Arabako zerrendaburua

«Hauteskunde hauetan, Araba erabakigarria izango da»

EAJko Arabako zerrendaburuak uste du erabakitzeko eskubideari buruzko akordioaren «zumeak» jarriko direla hurrengo legealdian .

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2012ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Xabier Agirrek (Gasteiz, 1951) ez die hauteskunde inkestei gehiegi erreparatzen, baina argi du igandean EAJren aurkari zuzena EH Bildu izango dela. Koalizio abertzalearen eredua kritikatu du, «kontraesanezkoa» delako.

Badirudi Araban lehia estua egongo dela EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta PPren artean. Herrialdeagakoaizango da, beraz.

Araban betidanik egon da lehia bizia PP, PSE-EE, ezker abertzalea eta gure artean. Hauteskunde hauetan bi errealitate geratuko dira agerian: batetik, PP-PSE ereduaren beherakada handia, eta, bestetik, EH Bildu eta EAJren arteko nolabaiteko berdinketa bat. Hortaz, arabarrek igande honetan EAJren eta EH Bilduren ereduaren artean aukeratu beharko dute. Nire aburuz, EH Bildu koalizioa hasiberria da, bere eredua gelditasunarena da, eta kontraesankorra ere bada hainbat neurritan, esaterako Chavezen eredua aldarrikatzen duenean. Gure ereduak, ordea, badu esperientziaren bermea, kudeaketarena, elkarrizketarena eta akordioarena.

Astelehenean, Iñigo Urkulluk bozetan parte hartzeko deia egin zion Arabako gizarteari. Lehendakari izatea jokoan du herrialdea?

Ez dakit lehendakari izatea ala ez Araban dagoen jokoan, baina egia da Arabako eserleku bat Gipuzkoan eta Bizkaian baino merkeagoa dela. Alde horretatik, uste dut Araba erabakigarria dela. Dena dela, hauteskundeetan ateratzen diren inkestak hauteskunde tresna bat direla uste dut. Argi dago irabazteko boto papera hautestontzietan sartu beharra dagoela, eta, beti esaten dudan moduan, balio duen inkesta bakarra igande gauekoa dela.

Inkestak gorabehera, egia dazuenaurkari zuzena EH Bildu izango dela.

Hala da, inkesta guztiek hori erakusten dute.

Hurrengo legebiltzarra inoizko abertzaleena izan daiteke. Zer hausnarketa egiten duzu?

Lehen aldiz, adierazpen politiko denek parte hartuko dute hauteskunde hauetan, eta Legebiltzarrean ideologia denak ordezkatuta egongo dira. Gainera, historian lehen aldiz, indarkeriarik gabeko egoera batean gertatuko da hori, eta uste dut EH Bilduk ilusioaren eta itxaropenaren boto asko eskuratuko dituela. Hauteskunde osteko itunak, gainera, aritmetikak baldintzatuta ez ezik, alderdi bakoitzaren programen edukiek ere baldintzatuta egongo dira.

EAJk hainbat konpromiso hartu ditu hauteskunde kanpainan...

Zehazki 171 konpromiso eta 697 proposamen.

Arabako hiriburuarekin ere konpromisoa hartu duzue. Programan diozuenez, Gasteiz berpiztu eta martxan jarri nahi duzue. Geldirik al dago?

Hiriburua geldirik dagoela esaten dugunean esaten ari gara udalak egindako proposamen asko bazter batean daudela: trenaren lurperatzea, geltoki intermodala, ... Javier Maroto alkateak bete ez dituen konpromisoen zerrenda luzea da. EAJk lau lehentasun nagusi ditu hiriburuarentzat: lehena, Santiago eta Txagorritxu ospitaleetan espezialitate guztiak eskaintzea; bigarrena, Forondako aireportua eguneko 24 orduz irekita edukitzea eta aireportuen eskumena eskuratzea; hirugarrena, enplegua sortzea eta udal gobernuak aurkeztutako Adoslan programa suspertzea; eta laugarrena, lehen sektoreari bultzada ematea.

Araban 25.885 langabe daude. Arazo hori konpontzeko, zein formula erabiliko du EAJk Ajuria Enera iristen bada?

Hauteskunde programan bildu ditugun 697 proposamenetatik 200ek baino gehiagok enplegua sortzeko helburua dute. Neurri sorta zabala dugu enplegua sortzeko: enplegua sustatzeko funtsa eratzea, gazteentzako enplegu plana martxan jartzea, langabezian eta EREetan dauden adin nagusiko jendeari enplegua erraztea... Hori bai, errealitate gordin batetik abiatu behar dugu: jarduera ekonomikorik gabe nekez sortuko da enplegurik.

Javier Maroto Gasteizko alkatea PPren Arabako zerrendako bigarrena da. Zer iruditzen zaizu?

Hara! Bigarren doa ala? Zerrendako lehena, Iñaki Oiartzabal, ez dut oraindik kanpaina osoan ikusi eta! Marotoren erabakia arabarrekiko errespetu falta iruditzen zait. Berak dio gasteiztarren interesak defenditzeko aurkeztuko dela; hortaz, gainerako arabarrek jakin behar dute Marotok ez dituela defendituko. Ipurdi batek ezin ditu bi aulki bete, alkate erdia eta legebiltzarkide erdia izango da eta. Halako erabakiak ez dira onuragarriak politikan..

Fracking-aren inguruan ambiguotasuna erabiltzea leporatu zaizue. Zein da EAJren jarrera gai horretan?

Anbiguoak izatea leporatzen diguten horiek, paradoxikoki, hemen fracking-aren aurka daude baina aldi berean Chavezen eredua aldarrikatzen dute. Haiei gomendatuko nieke Venezuelatik bueltatxo bat eman dezaten ikusteko herrialde horren ingurumen politika zein den. Argi esango dizut: egungo teknika erabilita, ez dugu ez esploraziorik ez ustiapenik onartuko. Guk ingurumen legedia errespetatzen dugu, eta gai horren inguruan jarrera argia izan dugu Gasteizko Udalean, Biltzar Nagusietan eta Legebiltzarrean.

Hortaz fracking-ari ezetz esaten diozue.

Hala da, ezetz esaten diogu.

Independentziaz ez duzuela argi hitz egiten ere egozten dizuete gainerako alderdiek. EAJk independentzia nahi du?

Duela 117 urte EAJ jaio zen herri honen burujabetza nazionala lortzeko. Maiz, baina, lehentasunak jarri behar dira, eta une honetan lehentasuna krisitik ateratzea da. Hala ere, Espainiako Estatuak berandu baino lehen onartu beharko du anitza dela eta nazionalitate bakoitzak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea baduela. EAJ distantzia luzeko korrikalaria da, eta beste batzuk 100 metroko lasterketak egin nahi dituzte. Mundu globalizatuan bizi gara, eta Espainiarekin dugun harremana menpekotasunezkoa da. Guk berdintasunezko harremana izan nahi dugu, elkarrizketan, akordioan eta adostasunean oinarrituta. Alde biko harremana nahi dugu, bermeekin.

Baina hori zertan gauzatzen da?

Argi eta garbi definituta dago Ibarretxeren estatutu berrirako proposamenaren atarian eta lehenengo hamahiru artikuluetan.

Legebiltzarrean gehiengo abertzalea egoteak erabakitzeko eskubideari buruzko akordioa lortzeko aukera emango du?

Saiatu behar dugu alderdi guztien arteko akordioa lortzen, ez bakarrik alderdi abertzaleen artean. Legebiltzarrean ahalik eta akordio zabalena lortu beharko dugu, gero Madrilera joateko.

Erabakitzeko eskubidearen legealdia izango da hurrengoa?

Ez dakit legealdi hau erabakitzeko eskubidearena izango den ala ez; baina ziur naiz akordioa lantzen joateko zumeak jarriko ditugula eta akordioaren bideari ekingo diogula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.